« Genero literarioen mugarriak | Paradisutik egotzia »
Paradisuaren kanpoko aldeak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2023
Paradisuari, lurretik Asier Urkiza / Berria, 2023-11-19
Paradisuaren kanpoko aldeak du izenburu Bernardo Atxagaren lan berriak. Bere ibilbidean zehar idatzitako hainbat testu bildu ditu autoreak, berezitasun batekin: denak ala denak jendaurrean irakurtzekoak dira. Liburuan, izan ere, bere testuak irakurriz alde batetik bestera dabilen idazlearen gorabeherak kontatzen dira. Azpi-izenburuak obraren tonuaz arrastorik ematen digu, Adanen ondorengoen tristurak eta pozak ageri baitira ipuinotan, bizitzaren iragankortasun ederrean igeri. Existentziaren izaera paradoxikoari zuzentzen zaio Atxaga, antropologikoa bezain soziala den begiradaz.
Horretarako, Michel Foucaultek heterotopia gisa —nolabait, gizartetik kanpoko tokiak, baina gizartearen ezaugarri edo kontraesanak bere osotasunean gorpuzten dituztenak— sailkatu zituen lekuetako batera darama egileak narrazioa, kartzelara. Sarrera gisa har litezkeen lehenengo bi atalen ondoren, Tour bat Frantzian barrena izenekoan Frantziatik biratxoa egiten du idazle protagonistak, zenbait kideren laguntzaz irakurraldiak egiteko. Lehenengo bi geltokiak Frantzia erdialdeko bi kartzela dira, Mauzac eta Neuvic sur l’Isle. Idazlearen saioetako inpresio eta ñabardurak jasotzen ditu irakurleak. Badago elkarreragin bat kartzelako deskribapenen eta protagonistak irakurritakoen artean. Kartzela bezalako ez-leku horretan, presoen begirada urduria ondoan suma dezakegula, balirudike poemok oihartzun handiagoa hartzen dutela. Erresonantzia kutxa legez funtzionatzen du presondegiak, beste hartatik gure hau honetaz argiago mintzatu ahalko balitz bezala. Hala, bizitzaz eta heriotzaz, giza aberearen oinarri hauskorraz esandako hitzak inguru latz, aseptiko eta neutroan loratzen dira, Arestiren hitzak ekarriz, simaurtegian loreak nola.
Esan bezala, liburuaren antolakuntza formalak testuen esan-indarrari on egiten dio. Autorearen piezen zentzua nabarmentzen laguntzen du, horiek irakurlearengana emekiago irits daitezen. Poema gehienak nahiko ezagunak dira, hainbat musikarik kantu bihurtuak. Narrazioan txertatuta, baina, zentzu berritu bat har lezakete. Idazle gipuzkoarra maisua da Gauza Handiak —hala izendatzen ditu Bilboko hastapenei eskainitako testu labur batean— formatu mikroetan ematen, sinpletasunez baina aldi berean original, jolasti eta zirikatzaile, solemne izateari utzi gabe. Metafora eskuragarriekin ematen dio eskua irakurleari eta hura sar dadin hutsunea egoki jartzen badaki. Aitor dut, halere, Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia… atala zapalago antzeman dudala besteekin alderatuta, ez diot besteei adinako zukurik atera, alegia. Kartzeletako lehenengo bi bisitekin ez bezala, ez zait iruditu hitzaldiaren hitzen eta narrazioaren artean hainbesteko elkarreraginik zegoenik, lehenengoetan aipagarria iruditu zaidan horixe bera. Ez da makala, ordea, unibertso propioa sortzeko gaitasuna izan eta hura hitz xumeekin hain ondo adieraztea. Atxagak erronka horri eutsi dio bere ibilbide literarioan.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi