kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Zakur zaunkak / Iñaki Irazu / Susa, 2023

Iraganaren isiltasuna esan nahian Asier Urkiza / Berria, 2023-11-05

Bigarren poema liburua eman du argitara Iñaki Irazuk, Susa argitaletxean. Zakur zaunkak izenburuak, poema baten titulua izateaz gain, asmatzen du liburuko giroa harrapatzen eta obraren oihartzuna titulura ekartzen. Izan ere, etxeko epelean urrunean entzuten diren zakur zaunkak nola, hala agertzen zaizkio poemen atzeko ni poetikoari oroitzapenak, urrunetik etorriak bezala, ezinegon dardara bat utziz. Ingurutik ernatzen dira memoria txatalok, senideen kontakizunetan, hurbileko lagunen ohar ustez garrantzirik gabekoetan.

“Gure aitonak/ hanka bat lurrean/ egiten zuen lo,/ beraren bila etortzen baziren/ atzeko leihotik/hanka egiteko”; halaxe ematen dio hasiera Irazuk lanari, lehenengo ahapaldian jadanik lagata liburuan ugariak diren irudi indartsuetako bat. Poema narratiboak dira eta istorio txiki bat dakarte gehienek. Egoera jakinen berri ematen dute, baina haragoko zerbait iradokiz. Ohartzerako, autoreak genealogia bat marrazten du irakurlearen begietan. Une zehatzez osatutako genealogia, momentu iheskorrez eta ahopeko istorioez betetakoa. Historiaren —atxiki gaitezen lurrera, bizitzaren— oldarrak hainbat gizakirengan utzitako orbainez ari da. Hain zuzen, Orbaina izena daraman poemako protagonistarena bezalakoak. Ildo horretan, ez dira gutxi Gerra Zibila eta gatazka politikoa oihartzun gisa dakarten olerkiak. Haatik, horiek utzitako zauri humanoei erreparatzen die, oro har, Irazuk, nota minorretara joz, tonu umilarekin. Aldarte lasaiez kontatzen baitira horietako asko, afalosteko elkarrizketa apal eta patxadatsuak diruditela.

Estiloari dagokionez, atentzioa ematen du autoreak egindako pertsona gramatikalen erabilerak. Poesia garaikidean ohiko samarra den lehenengo pertsonaz ihesi, hirugarren pertsonara jotzen du sarri Irazuk, baita bigarren pertsona singularrera eta lehenengo pertsona pluralera ere. Tartekatze horrek maiz lehenengo pertsonak dakarren konfesio tonu —artifiziala suerta daitekeena— gehiegizkoaz libratzen du liburua, eta berau dialogismoz janzten. Era berean, poema batzuen inpaktua indartzen du hirugarren pertsonaren erabilerak. Horrez gain, aipatzekoak dira poemetako aliterazioak eta errima irregular baina egoki jarriak. Bertso librearen erabilera neurritsua ere sumatzen da, ez aliritzira, baizik eta poemaren erritmoari ekarpena egiteko —bertso librearen erabilera zuzena, alegia—. Zenbait poematan esaera arestiarra ere antzeman daiteke —“sueloa mantxatuz”— eta piezen egiturak berak, hots, gorago aipatutako bertso librearen erabilerak ere bilbotar poetarekin zerikusirik duelakoan nago.

Poema liburu sendoa ondu du Iñaki Irazuk, zuzenak bezain lausoak diren poemez osatua. Bortitzak ere badira batzuk, lehor samarrak bestetzuk. Zuzenak eta argiak itxuran, baina isiltasun misteriotsu bat iragartzen dutenak, guztien muinean dagoen iragana zaindari ikusezin balute bezala. Zuzen esan, baina ez zuzenegi. Argi esan, baina ez argiegi. Langintza zaila, zinez. Poesia deitzen zaio.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak