kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Meditazioak / John Donne (Patxi Ezkiaga) / Balea Zuria, 2023

Eldarnio baten osteko hitzak Nagore Fernandez / Berria, 2023-11-05

Poesia metafisikoaren idazle nagusienetako bat izaki, poeta bezala prosalari bezala baino sonatuagoa dugu John Donne (Londres, 1572-1631), geure tradizioan, bederen. Paradoxikoa dirudien arren, bere poesia hil ondotik argitaratu zen, eta, bere garaian, prosalari eta sermoigile bezala egin zen ezagunagoa, eta apenas ezagutu zuten bere poesia, besteak beste, bizirik zegoela argitaratu zituen lan bakarrak prosazko lanak izan zirelako. Obra horietako bat dugu Patxi Ezkiagak hil aurretik euskaratu eta Balea Zuriak berriki argitaratu duen Meditazioak lana.

Hain zuzen ere, izenburuak berak aitortzen digunez, gaien gaurkotasunarengatik eta hizkuntzaren eta erregistroaren modernotasuna direla medio, jatorrizko Devotions upon Emergent Occasions (1624) obratik, digresioak eta otoitzak biltzen dituzten atalak baztertu, eta lehen partea soilik dakar obrak, alegia, gaixotasun baten erruz hil hurren dagoen John Donneren meditazio-bilduma. Saiakera bezala etiketatu du argitaletxeak, baina, kronika bat ere izan liteke, gaixotasun batek eragindako bidaia filosofiko bat, hain zuzen: 23 kapitulutan zehar, Donnek, egunez egun, heriotzaren ateetaraino eraman zuen gaixotasunaren bilakaera deskribatzen digu, eta zenbait hausnarketa existentzial partekatzen. Heriotza bezalako gai unibertsal batetik abiatzeak gaurkotasuna ematen dio testuari duda barik, eta irakurlearen enpatia lortzen. Gaiak betierekoak izan arren, ordea, eransten dio autoreak bere literaturaren eta garaiko erretorika-bideen ezaugarririk meditazioei: batetik, poesia metafisikoaren oihartzunak nabari dira testuak sortzen duen iruditerian, bizitzaren arazoez, heriotzaren pisuaz, denboraren iragankortasunaz eta Jainkoaz baitihardu, hein handi batean. Horrekin batera, infinituraino luzatzen diren sinboloz, paralelismoz, metaforaz, eta, are, alegoriaz janzten ditu idazleak testuak.

Nabaria da Donnek ondo ezagutzen zuela generoa eta abilezia handiz erabiltzen zituela baliabide estilistikoak, ez bakarrik poesia idazterakoan. Alabaina, idazlearen dohain estetiko horietan baino, testuak oraindik mantentzen duen gaurkotasunean jarri nahi nuke azpimarra: edozein ars moriendi irakurri, eta antzeko tonu, baliabide eta diskurtsoarekin egingo baitugu topo, Donnek bere bereizgarri propioak izan arren, noski. Baina neure buruari galdetzen diot horietako zenbatek funtzionatzen duten lau mende geroago; areago, horietako zenbatek ematen diguten aukera distantzia hartu, eta XXI. mendeko pentsamendutik ulertu ezin direnak aletzeko. Meritu bat iruditzen zait hori lortzea. Nire ustez, liburuaren indarra gaurkotasun horretan datza, eta nago Patxi Ezkiagaren lan txukunak berea eman diola alderdi horri.

Aitortu behar dut nahiko modu eszeptikoan hurbildu naizela liburura; ordea, (denboran) distantzia hartzen laguntzeaz gain, ohituta ez nagoen kadentzia eta erritmo batean irakurtzeko aukera eskaini dit obrak, eta, uste nuenaren kontra, estimatu dudan alderdia izan da hori. Ariketa bertsua errepikatu nahi duenari, hortaz, gustura gomendatzen diodan liburua da.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak