« Bihotza han utzita | Eldarnio baten osteko hitzak »
Bekatua / Goiatz Labandibar / Erein, 2023
Biharamuna Jon Jimenez / Gara, 2023-11-05
Goiatz Labandibar Arbelaitz (Oiartzun, 1985) kazetaritzan lizentziadunak, komunikazioan eta gidoigintzan arituak, ez du denbora galdu eta, azken hamarkadan, hamaika obra plazaratu ditu hainbat generotan: narrazio labur bildumak (“Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak”, “Fotogramak”, “Hori zen dena”, “Amez” eta “Hala bazan… klixk”), poesia (“Interpretazioak G minorrean”) eta baita haur literatura ere (“Hizkien alde. Manifestua”). “Bekatua” (Erein) du estreinako nobela, eta harekin irabazi zuen 2021ean Ramiro Pinilla eleberri laburren saria.
Bart ezagututako eta oraindik ezezaguna zaion Mattin gaztearen ohean esnatu da Garazi, istorio honetako protagonista. Han, bere mutil lagunaren, “bere Axiren”, gorputzetik urrun, “bezperan edan zituen marrubizko tekila txupitoak bere sabelean nola” hala katramilatzen zaizkio pentsamenduak Garaziri. “Garai bakoitzak ditu bere bekatuak. Garaziren sasoian ere bekatuak sexuarekin du zerikusia. Garazi bekatari bat da. Ohe hori da paradisua, eta Mattin, sagarra”.
Hogeita hamarnaka urte (izan) ditugun —eta egileak dituen— garai horretan sagar moduan gizartearen arbolan azaltzen zaizkigun dilema etiko eta sozialak jorratzen ditu bakarrizketa tragikomiko luze batean Goiatz Labandibarrek, noiz edo noiz hagitz ongi ekarri eta hautatutako literatura, arte, estatistika (bai!) eta bertzelako erreferentzia pindarrez lagundurik. Oro har, Uxue Razkin editoreak xedatzen duen bezalaxe, estilo umoretsuz, jostariz eta makarraz eta, batez ere, “moralismoan erori gabe”.
Norbait ezagutu baina nola jakin zein generok erakartzen zaituen gehien, txortan egin, gehiago ezagutu ala abandonatu, bikote formal hertsi bihurtu ala bertze harreman mota irekiago bat saiatu, autoa erosi eta zein dirurekin, etxea alokatu eta independente izan ala bikoteak heredatutako etxera bizitzera joan, biren arteko elkarbizitzaren legeak ezarri eta adiskide zein senideen harremanak mugatu, txakurra edo katua eduki (“Bikoteen arrunkeria hori”), seme-alabarik izan ala ez (“Ama. Drama. Zama”) izan eta zenbat izan… Hiltzera zoazenean topikoki erraten den antzera, bizitza guzia, alegia, ordura arte hartu dituen eta hartu ez dituen erabaki guziak, pasatzen zaizkio Garaziri aurretik, azken judizio modura.
“Biharamuna” zuen izenburu hasiera batean lan honek eta, egia erran, biharamunaren hiru adierek ederki laburtzen dute: zerbaiten hurrengo egunean da Garazi —edo zerbaiten lehenengoan?—, ajez eta ondoezaz beterik —kezkaz—, eta zein etorkizun nahi eta merezi duen baino ez du buruan. Finean, hori baita bekatuaren eta “Bekatua”ren muina: noraino gara aske, aske bagara?
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez