« Iraganaren isiltasuna esan nahian | Edertasunerako tokirik ez dagoenean »
Paradisuaren kanpoko aldeak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2023
Irribarre itzala Jon Kortazar / El Correo, 2023-11-11
Paradisuari buruzko kontaketa batekin eman zion hasiera “Etiopia” lan gogoangarriari Bernardo Atxagak. Kain eta Abel ziren hartan protagonistak: “Duvoisin kapitainaren itzulpenean ere hala irakurtzen da, ez ziela begiratu Kaini eta haren emaitzei; baina ez da argi ikusten mesprezio horren zergatia”. Eta liburua zabaltzen duen ipuin horren bukaerak idazten dugunok definitzen gintuen: “Kainen jatorrikoa izan zen Jubal: hau izan zen arrabita eta maniura jotzen dutenen aita. Gu ere bere hegalpean babesten gara letra hauek izkribatzerakoan”.
Adamen ondorengoak
Berriki Bernardo Atxagak plazaratu duen liburuan ez gara jada Kainen ondorengoak, “Paradisuaren kanpoko aldeak” liburuan gu, irakurle maite bezain eszeptikoak, Adamen etorrikoak gara, Adam eta Evaren seme-alabak. Lehen lehenik adierazi baitu idazleak liburu zabaldu bezain pronto: “Gaixotu zen Adam paradisua utzi eta aureneko neguan/ […]/ eta Evarengana zuzenduz “hil egingo naiz” esan zion oihuka”.
Adam eta Eva paradisutik bidaliak izanez gero, heriotza da gure patua. Horregatik begia jarri behar diogu liburuaren azpitituluari: Idatzi komikoak eta tristeak, itzalez belzturiko irribarrea. Adamen kontakizun hori tristeen artean kokatu behar dugu. Baina liburuaren irakurketarekin jarraitu orduan, begia jarri behar zaio era berean testuaren atarian jarritako aipuari. Ez zeruari gozamenik zor ez infernuari beldurrik onartzen ez dion gizonaren hitzak dira testuaren doinu nagusia azalduko dutenak: “Nik zeruan baino hemen gurago dot. Itxi hementxe ehun metro koadro andreagaz paseatzeko eta hementxe… la eternidad”.
Komikotasunaren eta tristeziaren arteko marra finean egunerokotasuneko betiera aurkitzeko liburua dugu Atxagaren hau. Egunerokotasunaren miresmenez sorturiko sentipen bilduma.
Musikaren itzala
Berezitasun bi ditu esku artean dugun liburu horrek. Euskaraz, katalanez, gailegoz eta gazteleraz argitaratu da era berean. Eta aspaldi argitaraturiko hainbat testuren bilduma dela esan dezakegu. Argitaratuak bai, baina zirkuitu arruntetik kanpo. Eta gainera eraberrituk datoz testu ezagunok.
Gaztelerazko argitalpenak garbi utzi du kontrazaleko oharrean hiru gai nagusik ematen diotela arnasa bildumari. Maitasuna, Beldurra, Heriotza dira etxe nagusi hau zaindu eta zutik mantendu duten zaindarien izenak.
Baina nik beste sentipen bat izan dut, gaika egindako banaketa horri uko egin gabe. Nik musika desberdinen kontzertu berezi batean naizela nabaritu izan dut.
Obertura batek eman dio hasiera, kantu soil, bakar eta sentikorrak: “Adam eta bizitza” testuak. Ondoren musika malenkoniatsua dator, sonata bat agian: “Pierrek dioena entzuten dut”. Tresna desberdinen sinfonia aberatsa dator gero: “Tour bat Frantzian barrena”, kartzela bitan, château batean eta herrixka batean egindako lau irakurraldi arras berezien berri eman duena. “Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan”, hauxe bai, kontzertu triste eta komikoa. Kantuen errezitaldi pop batek eman dio bukaera liburuari poemaz osaturiko antologia agertuz.
Zaharra eraberritua
Aldez aurretik agerturiko (askotan baina, ez ezaguturiko) materiala aurkezterakoan oso esanguratsua da egin den moldaketa, materialarekin egin den atontze eta egituraketa, zeren liburuan baititugu Atxagak bere bereko dituen zenbait ezaugarri behineko. Beraz, idazlearen asmakizun nagusi, kezka mingor eta ardura urdurien erakusleiho paregabea dugu testua.
Ahozkotasunak duen pisua aipatuko nuke lehenik. Euskal literaturaren historia egiten denean ez dira ahazten bertsolariak (Pello Errota, Txirrita, Kaskazuri) Obabakoak liburuko idazkera tankera sortzeko erabili ziren bezalaxe; ahora eta belarrira ekartzen dira Otañoren kantak. Ahozkotasuna, baina, haratago doa. Testurik gehienak hitzaldi edo errezitaldien kontaketak dira, eta puntu honetan “Tour bat Frantzian barrena” aipatu behar dugu, lau saioek hitzez egindako performance-en narrazioak direlako. Kontatu egiten da ahoz kontatutakoa.
Ahozkotasunaren teknikak maiz erabili izan ditu egileak testuan barrena. Hor dira pilaketak (“Alabaman egon nintzen, Virginian”, “Bostonen egon nintzen”), zehaztapenak (“Betiko bost katua gurekin: Isis, Gorki, Momo, Heltor eta Fifí”), pentsakizuna eta abstrakzioa zerbait zehatz eta konkretu egiteko maisutasuna. Zentzu honetan pentsakizuna eta oroimena bide errebueltekin gauzatzeko irudia: “Nire buruak errebueltak hartzen jarraitzen zuen” genuke adibide bakana.
Ahozkoaren eragina da hitzekiko agertu duen maitasuna. Hitzak dastatu egiten dira testu horietan, ahoan itzulika izango bagenitu bezala bere zaporea, bere pisua, hagin artean bere sentsazioa, bere testura osoa.
Umoreak ere, batzuetan absurdoa, besteetan ironikoa, bere arrastoa utzi du liburuan. “Hiztegiak” deituriko poemak, batez ere “Harriaren hiztegia”, ezin dira ulertu alde batera ez bada uzten seriotasuna, irribarre izpi bat ez badugu mantentzen ezpainetan.
Hitzaldietan nabari da Bernardo Atxagak ez-tokiez mantentzen duen hari iraunkorra. Gizarte arruntetik kanpo, eta haren mugetan diren toki itxi eta gotor horien interesa aspalditik datorkio: Kartzelak dira ez-tokien adibiderik garbiena baina paradisua bera ere, baratz itxi den neurrian, ez ote da ez-toki bat?
Eta zer esan literatura piezen bidez sortzeko bere berea duen gogo berezi hori? Ohiko literatur generoetatik alde egiteko proiektu oso bat zabaldu du bere lanaren historian. Edo irakurzale ez direnak, irakurle gaitzak (entzuten ari diren presoak horren metaforak dira) literatura hurbiltzeko ageri duen ahaleginaz?
Muinaren moldaketa
Antologia baten aurrean baino erakusketa baten aurrean gaude. Aspalditik bere literaturaren ezaugarri nagusi izan diren aipamen zehatzei begira.
Eta ez nuke bukatu nahi, nire ustez, eraikuntza literario honen habe nagusia aipatu gabe. Bernardo Atxagak bere lanaren helburuaz garbi hitz egiten du, bere literatura, dio, errealitatetik hurbil dago, bestela antzua litzateke.
Baieztapen eta kontrajarpen horiekin bukatzen du “Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan”: “Halaxe amaitu zen hitzaldi hura, irudimenak nahiko zukeen gozotasunik gabe, errealitatearen ildotik”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres