kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Gari eta goroldiozko / Anari Alberdi Santesteban / Susa, 2022

Gazi eta gozotik Joxe Aldasoro / Deia, 2023-09-30

Ana Rita Santesteban, Anari, abeslari ezagun eta irakaslearen (Azkoitia, 1970) lehen liburua duzu Gari eta goroldiozko (Susa 2022). Eleberria moduan aurkeztu zutelako hartu nuen eskuartean eta zalantza dut etiketa egokiena den. Egia da hasiera, garapena eta bukaera duela, baina ez zaizkit iruditzen paper erabakigarria jokatzen dutenik. Liburuak deskribatzen eta kontatzen dituen pasadizo, historia eta istorio, hausnarketa, deskribapen eta abarrei olerkien traza hartu diet. Zer, nondik eta zeinek irakurtzen duen. Nik, ezjakintasunak eskaintzen duen ausardiatik, edo.

Auto-fikzioak bidaia bat kontatzen digu, fisikoa, liburua egituratzeko balio duena. Zinematik ateratakoan jaso zuen dei iskanbilatsu batek eskatzen duen erantzunak abiarazten du kotxea, itsasoa eta barrualdea, hezetasuna eta lehorra, oraina, lehena eta etorkizuna, garia eta goroldioa lotuko dituen bidaian. Hain zuzen ere, kotxetik ikusi, usaindu, ukitu eta entzungo dituen paisaiek pisua hartzen dute kontaketan. Izaki oro, elementu oro, pertsona edozein da egokia iraganera joan, oraina kritikatu, etorkizunera salto egin edo paisaiari iltzatua geratzeko. Niretako, poesia.

Izan ere, trama baino gehiago, modu txukunean txertatu eta gorpuzturiko ezpalak iruditu zaizkit liburuan zehar irakurritakoak, orotarikoak: psikologikoak, historikoak, soziopolitikoak, matematikakoak, arkitekturakoak, filosofikoak, sozioekonomikoak, proletarioak, feministak, euskaldunak, erlijiosoak, sexualak, maitasunezkoak, literarioak, sakontasun, garrantzi, intentsitatean gora eta behera egiten dutenak, noski, zapore desberdina utzi didatenak, baina oro har, nagusi batekin: askotan inpresioa izan dut azalean geratu diren ariketak izan direla. Iruditzen zait idazlearen aukera izan dela pintzeladak, zertzeladak margotzea, printzak ateratzea, zerbaiti heldu eta sakontzea baino. Sarri gogoz geratu naiz, gozoa (edo gazia) dastatzen hasi orduko bukatu delako. Egia da, esaten dutenez, irakatsi didatenez, literaturaren, artearen oro har, egin beharra galderak erantzutea baino egitea dela. Lan bikaina, beraz, talaia horretatik irakurtzen baduzu. Niri gehiago gustatzen zait zalantzen eremua mugatu eta gehixeago sakontzea.

Badago, nire ustez, beste elementu garrantzitsu bat: umorea. Ez barrez lehertzeko modukoa, gehiago iluna, ironia eta sarkasmoaren arteko zerbait, agian. Supermerkatuko pasadizoak planteatzen duen hamar minutuen afera, txakurra eta pertsonen arteko harremanarena edota mediuma, Amabirjina eta Marx bera lerrokatzen dituenean. Pintzeladak, ezpalak, printzak. Bikainak.

Irakurketan zehar bi idazle handirekin gogoratu naiz, auto-fikzioa delako batekin eta apunte-olerki itxurarengatik bestearekin. Atzerrikoa bata, bertakoa bestea. Nobelduna bata, etxeko sari nagusia jasotakoa bestea. Ez dakidanez konparazioek laudatu ala lausotu egingo duten egilea, batez ere generoek bat egiten ez dutenean, ez dut gehiago zehaztuko. Eleberria balitz bezala irakurri nuen lehenengoan, interesgarria iruditu zitzaidan. Olerki liburua balitz bezala bigarrenean, pasadizo bakoitza berrirakurtzen, liburua itxi eta barruan sortutako zera horiei azalpena bilatzen, gogoan sortutako irudiekin gozatzen, deskribatutakoak zein hiri edo nongo hondartzan diren asmatzera jolasten. Gehiago gozatu nuen.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak