« Barrikadak trenbidean | Historia fikzio, fikzio historia »
Txokolatezko dinamita / Mikel Taberna / Susa, 2001
Ur bizia Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-10
Ugaldea, ibaia, erreka. Bizi ekarle gehienetan, hiltzaile zenbaitetan. Gizakiok geure mundualdian burutzen dugun ibilbidearen metaforarik usuena. Ur-tira zabal nahiz mehar horien arrimoan egosi da munduko literatura hoberenetarikoa. Mark Twainen lanek Mississippiri elkarloturik diraute gaurdaino. Romulo Gallegosek lerro bakarrik ere ez zuen idatzi Orinokoren goiti-beheitiek ondu gabe. Mikhail Sholokhoven nobela nagusi eta gaur egun oroitzen den ia-ia bakarra Don ibaiari barea adjektiboa erantsita zertu zen.
Ornodun baten zainetan odola nola, hala dabilkio ur biziaren etorria Mikel Tabernaren “Txokolatezko dinamita” narrazio bildumari. Zortzi ipuinetako sei Bidasoak zipriztindu ditu —Urrabia erraten dio alkaiagarrak—, bertze biak, berriz, Egak. Geografiak bi ugaldeak elkarrengandik urrun ezarri baditu ere, ez daude aparte Tabernaren gogoan marrazturik dagoen mapan; idazlearen lumak elkarren adar bilakaturik, pertsonaiak eta egoeren oihartzunak isurtzen dizkio batak bertzeari, ipuin batetik bertzera. Tradizioaren zamak, legez kanpoko ofizioetarako jaidurak, boterearen —pestañiak, eltzetsuak— itzal mehatxukorrak eta ibaiarekin trukatzen dituzten keinuek kidetzen dituzte, bertzeak bertze, Estellerriko ijitoak eta Alkasoroko bizilagunak.
Pasarte iduriz ezdeusetatik abiatuta, mundu oso bat sartu du Tabernak bere liburuko 124 orrialdeetan. Aurreko belaunaldiekin zor bat kitatu nahirik-edo, beren garaian ahotsik izan ez zutenei boza eman die, XX. mende hasieratik gerla ondoko urtetara-edo doan ibilaldian. Nika daude idatzita narrazio gehienak, eta haurrarena edo gaztetxoarena izaten da, maiz, hautatutako begirada, heldu gabearen harrimena eta xalotasuna kutsatu nahi zaizkigun seinale. Xalotasuna, samurkeriaren ikuturik gabe samurrak baitira, beren gordinean, liburu honetako kontakizun gehienak. Harrimena, irakurlea liluraz blaitzen baitute hizkeraren xarmak eta han-hemenka tartekatzen diren irudi ustekabekoek. Errealismoari magia eranstea zer den badaki alkaiagarrak.
Ez nuke iruzkin hau bukatu nahi narraziogintzarako neurri motza aldarrikatzen dutenak pixka bat haserrarazi gabe. Tabernaren ipuinen irakurketa bukatzean Jesús Moncadaren “Camí de Sirga” bikaina etorri zait gogora, eta horrekin batean, pena bakarra hartu dut, “Txokolatezko dinamita”ren osagaiekin zer-nolako nobela puska idatz zitekeen pentsatzean. Ni, bederen, gehiagoren gosean gelditu naiz, baina beharbada hori da liburu batez erran daitekeen gauzarik hoberena.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi