« Urteak izan ziren egunak | Jaiotako haurrak »
Oso latza izan da / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2023
Argazkiak eta koadroak Asier Urkiza / Berria, 2023-10-08
Oso latza izan da du izenburu dagoeneko euskal literaturan bide oparoa egina duen Xabier Mendigurenen lan berriak. Joxe Arregirenak dira hitzok, azken hatsa ematear zegoela ziegako lagunei botatakoak. Aski jakina denez, ETAko kidea izan zen Arregi, 1981eko otsailean poliziaren torturen ondorioz hila. Gertaera horiek berreraikitzen ditu nobelak; Arregiren gorpu mailatuari argazkiak atera zizkioteneko eszenarekin ekiten zaio narrazioari. Horixe sinboloa, hildakoaren gorpua bera, azalean dakusagun Andrea Mantegnaren koadroari erreferentzia eginez, Kristo Hila. Iruditeria erlijiosoak garrantzi handia izango baitu liburuan.
Liburu laburra da, Mendigurenek 100 orrialde eskasean kontatzen du Joxe Arregiren —hala dio azpitituluak— pasioa, herioa eta berpiztea. Gorpuaren sakralizaziotik abiatu eta atzera begirakoa —ingurura begirakoa, hobeto esanda— egiten du autoreak, ikerketaren bitartez sinboloaren atzeko soslai humanoak azaleratu eta garaiko gizarteari buruzkoak aletzeko. Hor ditugu, kasurako, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi, Poliziak eginikoen arrastoak gal ez zitezen, argazkiak egiteko Arregiren gorpua hilobitik atera zutenetako bi. Pertsonaion erretratuak ematen ditu Mendigurenek, eta, bere horretan interesgarriak badira ere —euskal artearen munduko erreferentziazko bi izen diren neurrian—, baliatzen ditu frankismo osteko euskal gizartean —zehazkiago, ezkerraren barruan— zeuden jarrera politiko zenbaiten islatzat.
Lanaren bertuteetako bat da estiloa, dudarik gabe. Tamainako gertaera batera hurbiltzeko kontakizun ez-fikziozkoaren aldeko apustua egiten du Mendigurenek. Apaltasuna dario erabakiari, zeina eskertzekoa baita sarritan adinako gaien indarra fikzioaren atzaparretan nola kamustu daitekeen kontuan hartuta. Haatik, ez-fikzioak ere baditu bere hautuak, estilo aldaerak, fikzioaren neurri bereko konplexutasuna. Mendigurenen proposamenean badira kazetaritza idazkerara lerratuago dauden atalak eta badira txinparta poetiko askokoak. Azken mota horretako banak mugarritzen dute liburua bi aldetatik, adibidez. Horrelakoetan sakontzen du Mendigurenek gorago aipatutako sinbolo izaeran, gatazkaren sufrimenduaren irudia Arregiren figuran gorpuztuz eta bere figura txikitua bestelakoekin alderatuz, gatazkan modu zuzenean parte hartu ez zuten horiekin, esaterako. Autorearen noizbehinkako aldarri itxurako iruzkin politikoek zertxobait kamusten dituzte atalok, kontaerak ez baitu epika gehigarririk behar.
Sinbolismo erlijiosoaren erabilera da —hileta segizioa Via Crucis gisa, Arregiren gorpua Kristo gurutziltzatuaren antzera, sufrimenduaren esangura mezu baten eroaletzat— liburuaren ildo interesgarrienetakoa. Dirudienez, Mantegnaren koadroa ikusi, eta halako batean Joxe Arregi etorri zitzaion gogora Mendigureni. Hau da, erlijio eta gogoeta existentzialetik gatazka politikora egin zuen jauzi. Liburua irakurrita, ordea, kontrakoa lortzen ez ote duen autoreak, gertaera politikoak eszenaratzeko, liturgikoak, sinboloak duen garrantziaz ohartaraztea. Baita gurean ere.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi