kritiken hemeroteka

8.807 kritika

« | »

Hildako haurra / Gotzon Barandiaran / Susa / EHAZE, 2023

Jaiotako haurrak Nagore Fernandez / Berria, 2023-10-08

Ez dira asko antzerkiaz gain beste genero batzuk (ere) landu dituzten idazleak gure literatur sisteman; are urriagoak dira alderantzizko bidea egin dutenak: beste generoen altzotik antzerkirako bira egin dutenak. Eta apur horietako bat dugu Gotzon Barandiaran. Arrakalak eta geroagoko Katamalo poesia liburuengatik ez eze, Errotik eta Gidariaren okerra nobelengatik ere ezaguna dugun idazleak, Hitzen ahairea saiakeraren ondotik, bere opera prima argitaratu du Susa argitaletxean, Ehaze elkartearekin elkarlanean: Hildako haurra, bere lehen antzerki liburua. Bertan, bi antzezlan bildu ditu: liburuaren homonimoa den Hildako haurra obra, oraindik antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak konposizioa, Abarka antzerki taldeak lehen aldiz 2017ko ekainaren 10ean Markina-Xemeinen taularatu zuena.

Beste genero “hegemonikoagoetatik” antzerkira salto egiteko ausardia izan arren, beste genero literarioen arrasto sakona aurki daiteke oraindik ere Barandiaranen obran, batez ere Hildako haurra lanean. Izan ere, idazleak izenburutik bertatik dei egiten dio testuartekotasunari, Luis Cernudaren Elegía a un muchacho vasco muerto en Inglaterra poemara, Niño muerto izenburupean ezagunagoa denera begira jartzen gaituen heinean. Horrekin batera, autoreak, han-hemenka, bere lanaren apurrak ere tartekatzen ditu, nahiko kamuflaturik. Alde horretatik, gehiegikerietan eta nartzisismoan erori gabe, baina, antzezlan nahiko autorreferentziala ondu du Barandiaranek, literaturaren bitartez sorkuntza prozesuez hausnartzera gonbidatzen gaituena, hain zuzen. Bigarrenak, Besaulkiak-ek, bestelako tematika, tonu eta estilo bat proposatzen digu, modu nahiko distopikoan, gainera: konposizio polifonikoa ondu du autoreak, zeinetan egungo gizartearen inguruko kritika bat biltzen den, askotariko agertokiz irudikatutako herrixka batean; asko dira elkarrizketa ildoak eta asko behin eta berriro aldatzen diren espazioak. Guztiek ere, egungo bizitza globalizatua eta makrokapitalista auzitan jartzen dizkigute, maiz absurdora hel daitekeen umorez eta ironiaz blaituta.

Liburu bakarra, bi antzezlan, zein baino zein desberdinagoa, zein baino zein iradokitzaileagoa. Dena den, aitor bekit, lehenengo obrak baduela bigarrenak ez duen bira eta sakontasun maila bat: Besaulkiak lana dibertigarriagoa izan daiteke, baina, sinpleagoa ere bai, esplizituagoa ez ezik, komikoagoa ere baden aldetik; bestela esanda, midcult-agoa iruditu zait. Hildako haurra, berriz, bere sinplean (baliabide dramatikoei dagokienez, hain zuzen) exijenteagoa begitandu zait, eta, nago efektu horren erantzuleak direla, batetik, autoreak hautatutako tonua eta espazio heterotopikoen protagonismoa, eta, bestetik, neurrian darabilen joko metaliterarioa. Dudarik ez dago, ordea, euskal literaturak bietatik behar duela, hots, seriotasunetik baina baita umoretik eta komediatik ere, eta Barandiaranek puska txiki bana irudikatzea lortu du bere liburuan, biak ere duinak, idazlearen lehen antzezlanak direla kontuan izanik.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak