kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ni ez naiz hamalau / Karlos Linazasoro / Aztarna, 2023

Ibai berbera Hasier Rekondo / Deia, 2023-09-16

Liburu honek denetarik dauka kasik oharkabean igaro ahal izateko. Baga: poesia da. Biga: hamalau lerroko soneto hendekasilabikoz eraikia. Higa: jorratzen dituen gaiak betierekoak dira, hortaz, ez da inondik inora garaiko moden morroi. Horri guzti horri erantsi beharko litzaioke kasik ezezaguna den argitaletxe batek argiratu duela. Gainerako argitaletxeek argitaratu ez izana gure literatur sistemaren arao ulertezinei egotziko diogu. Literatura sistemaren bideak esanezinak baitira.

Oso gustu txarrekoa irudi luke, eta beharbada horrelaxe da, iruzkingile xume honi eskainitako soneto bat agertzen duen liburu bat iruzkintzea. Halan eta guzti ere, kasu honetan kazetaritza-literatura-kritikari dagozkion interesak lehenetsi behar izan baititut, eskaintza pertsonal batzuk gorabehera liburuak kazetaritza zein literaturari dagozkion interesgarritasunak agertzen baititu, lerrook idaztean inongo iruzkinik jaso ez badu ere. Gustu txarrekoa bailitzateke, halaber, poema-sorta hau iruzkindu gabe igarotzea. Emeritoak esango zukeen modura: “Damu naiz, ez da berriro gertatuko”.

Gauzak horrela, zer esan liburu honi buruz? Poetak berak zera dionean: “Zer da esanezina? Poesia”. T.S. Eliot/ aresti izenburuko poeman, esaterako, poesiak sarri jorratu duen gai bat du idazpide Linazasorok. Eta esango nuke denboraren iragaitearen hariak ehuntzen duela ibaia ere baden poemarioa: “Denbora ez da tristuraz amiltzen, / ez da zorigaitzean errenditzen, / bizkorra da bere baitara biltzen”.

Linazasorok berak margotu irudiak azaltzat duen argitalpen honetako 200 sonetoetan zehar, amildura gazi-goxo batek erakarriko du irakurlea, irakurtzearen gozamen soilaren ondorioz sortu amildura. Sonetoaren trinkotasun formalari eutsi izanagatik, estiloari dagokionez ez dago idazte tolosarraren gorentasuna gainditzerik, nago poesia baino harago doan liburua dela.

Esanezinak izan arren, gauza anitz esan litezke liburu honi buruz, labur geratzeko arriskuaz betiere. Sare sozialen garaiotan orok bat egin duenean, Byung Chung-Hul filosofoak esango lukeen gisara, Linazasororen bertsoak unibertso oso bat konprenitzeko ahalegin hutsala baitira “Bai, ulertzen ez duguna da gure / galdera, ez jakinak garelako, errukarri maitekorrak adina”. Saiakera hutsal horrek ematen baitio zentzua bai existentziari bai arteari.

Linazasorok genero guztietan, laburrenetan bere saltsan egon arren, jorratu gaiak agertuko zaizkigun hemen ere: existentziaren absurdoa, maitasunaren nondik norako ulertezinak, ironiaren erabilera fina absurdoari irri egiteko, heriotzaren zama astunegia, ustezko konponbide izpiritualen zein konponbide ororen kontrako diatribak, literaturaren gaineko estilo ariketak…

Zenbaitzuk Linazarosoren oparotasuna “kritikatu” dute, ditxosozko errepikakortasunaren karira, eta liburu honen gajerik bakarretarikoa izan daiteke. Baina, nor kezkatu daiteke horretaz honen moduko bertsoen aurrean: “Denbora irain latz bat da masusten / ezpainetan. Denbora, oi, zu zara/ nire baitan zarenean ur-masa./ Denbora hor dabil hilak biluzten”.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak