kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Cayo Hueso / Oihane Amantegi Uriarte / Elkar, 2023

Maitasuna infinitua da. Atartean, amour mais pas toujours… Edo! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-07-31

Abiapuntuan

Cayo Hueso? Izen bitxia, ezta? Toponimokoa. Florida eta Kuba artean dagoen parajea; Antilletan, hor nonbait. Zerutik ikusita, balea handi baten ornoek osatutako uharte andana irudikatu dezakezu haren segidan. Izena nolakoa halako parajea: bitxia hau ere bai. Key West deitua tokiko mintzairan, bertan aspaldi nagusitu zen hizkuntzan, naski. Cayo Hueso nobelan kresala aditu dezakezu, ekaitz tropikalek gogor jotzen baitute uhartean.

Literaturarako toki aparta, agidanez, Kariberen ingurukoa oro har eta uharte honetakoa orobat. Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuina lehen nobela ere Antillak aldean girotuta dago. Han nonbait. Nik baina, ez dut berau irakurri. Irakurri barik ere, jakin dudanez, lehen eta bigarren nobelatan koordenada haietako aireak eta erauntsi bertsuak sentitzen dira itsas bazterretan.

Literaturarako leku egokia, berriz diot, Tennessee Williamsek A Streetcar Named Desire / Desio izeneko tranbia delakoa bertan idatzi zuen. Ernest Hemingwayk berriz, For Whoen the Bell Tolls / Norengandik jotzen dute kanpaiek nobela. Desira eta herioaren adierazleak. Esaldi samur laburrean errana: desioa eta herioa giza bizitzaren izatearen ezaugarri nagusiak dituzu, eta idazketarako akuilu zinez ziztagarriak.

Cayo Hueso nobelaren eszenategia

Cayo Hueso antzerki obra baten gisara begitandu zait atartean. Hitzaurrea dauka eta “hitzaurre-ostekoa”. Atartean —“anarte” edo “atarte” asko dira obran barrena—, hiru aktok osatzen dute antzerki-nobela lez leitu dudan obra hau. Joseba Sarrionandiak dioenez —edo horrela dut interpretatu—, Cayo Hueso nobelako pertsonaiek bizitza diferenteen arteko enkontru bat jokatzen dute, nortasun nasaiko harreman nahasiak eszenifikatzen dituzte, itsas zerumuga amaigabeari begira. Hor nonbait. Desirak ziztatutako maitasun infinituaren aiduru bizi dira bertaratutakoak. Edo!

Oihane Amantegik bilgune infinitu bat deskribatu du. Zaila ei da berau deszifratzea, baina literatura gisa preziatzen diren liburuen antzera, sano ongi irakurri daiteke. Cayo Hueson desioa arnasten da oroz gainetik. Erranairu honetan transpiratzen da idazlearen desira: “Nire maitale guztiei, den-denei; baina batez ere, izatera iritsi ez direnei”.

Antzerki-nobelaren aktoak hiru dira: lehena luzea, bigarrena laburra eta hirugarrena are laburragoa. Bizitzaren aieruak eta bihozkadak sentituko dituzu, garenaren premonizio moduko bat. Hiru aktoen tempoa eta idatz estilo arina dituzu haatik, aktoak atarte laburrek osatuta daude. Hainbat paragrafo ekaitz tropikalen haizeek moldatuta ote diren iruditu zaizkit.

Eleberriko pertsonaiak berriz, hauek dituzu: Virgil, Maudey, Solomon, Maria… Eta beraiekin batera kapitain zaharra. Istorioaren narratzailea. Bitxia duzu honako hau ere: nobela antzerki obra gisara ekarri dut, baina pertsonaiaren arteko dialogoak edota elkarrizketak ez dituzu atzemanen.

Kapitain zaharra istorio kontatzen hasita —hots, aditzen hasita—, Ahab kapitaina heldu zait gogora. Ez dut uste elkarren antzekotasunik dutenik. Alta bada, Herman Melvilleren Moby-Dick —edota Balea ere— deitu nobelan legez, honetan ere baleek munta handia dute. Herio hurbileko abenturazko nobela duzu lehenbiziko hura, desirak itotako menturazko maitasuna bigarren hau. Hor nonbait. Edo!

Izenik gabeko Kapitain zahar hori otarrain-zalea duzu. Narrazio narratzailea edota istorio dohakabe honen arraste-ontzietako kapitaina izana duzu. Otarrainak izan dira bere bizitzaren hazkurriaren hornitzaile nagusiak. Otarrainak animalia ornogabeak dira, artropodoak. Kapitainak narratzen duen istorioko pertsonaiek ezaugarri hori bera dute, hots, ornogabeak izatea. Ezaugarri hori partekatzen dute nobelan edota bizitzan.

Oroimeneko portua: Amour eta toujours

Cayo Hueso obran leitzean, hasieran, giro suerte bat gailendu zait. Imanol Larbazalen Oroimeneko portua abestia entzun dut. Hor nonbait, hori ere. Edo. Istorio hau inoiz taula gainean jokatuko balitz doinu-kanta hori ipiniko nioke. Behin irekierako musika banda paratu ostean, obrako aktoak aitzina joan ahala, Ruper Ordorikaren Amour eta toujours albumaren hainbat kantuz girotuko nuke berau. Kubatik datozen zenbait aireek ederto batean apainduko lukete balizko antzerki obra hau.

Oharra: nolanahi den ere, Amour eta toujours diskoan ez bezala, nobela honetan maitasuna ez da infinitua, maitasuna zerumugara iristen den desira da. Maitalea behin finitura arribaturik zerumuga infiniturantz zabaltzen da behin eta berriro.

Cayo Hueso musikaz blai dago, baita Cayo Hueso ere. Ez alferrik, Maudey —pertsonaia nagusietako bat— musikari baita, jazz kantaria. Beste protagonista, Virgil, nagusia hau ere bai, musika kritikaria da; Broken Chord aldizkarirako ari da. Istorio honetako berben harian ari da idazle lanetan menturatuta. Marinel kontalari zaharraren hitzak paperera eramaten entseatzen da.

Aktorik akto, lehen aktoa

Atartean, pertsonaien arteko elkarrizketak idatzi barik daude. Atartean, antzerki obraren elkarrizketak idazteko dituzu irakurle lagun hori. Neronek elkarrizketak idatzi barik ere, script moduko bat paratuko dizut, pertsonaien arteko elkarrizketak imajinatu ditzagun:

a/ Maudey ez da mutua, baina bizitzarekiko joera isila nagusitzen zaio. Hartara, Virgilekin batera ustez osatzen duten bikote-elkargunea ez da gauzatzera heltzen. Virgilek Maudeyren hitzak behar ditu. Duval kaleko Maria tabernariak ezin ditu lagundu ordea, ez bata ez bestea ere. Bandako musikari lagunek ezin dute ere Maudey kontsolatu. Ezta hamaika maitasun istorio bizitako marinel zaharrak ere.

b/ Bizitza osoa da jai erraldoia, dantzan egin badaiteke. Tokietako beroa —eta tokien beroa— jendearen beroa da, baina hitzak eskas baditugu, dena falta zaigu. Gixajoak gara, gure hitzak aurkitu nahian noragabean ari garen marinel alderraiak legez. Bizitza osoa eman dezakegu iritsiko ez den zerbaiten aiduru, itsasoan jitoan nola.

c/ Milaka konbinazio infinitu gara andreak eta gizonak: etengabe ihes egiten diguten konbinazio infinituak bizi ditugu. Musikaz blaitutako konbinatuak gara, baita alkoholaz horditutakoak ere bai. Itsasoan jitoan nola lehorrean itoak.

Aktorik akto, bigarren aktoa

a/ Maudey eta Virgil ez ziren berriz ere Cayo Huesora itzuli. Eta itzuli izan balira, ez zuten inoiz onartuko uhartea laga zutela. Duval kaleko oroimeneko portua izar-laino baten gisara daramate gogoan. Izan ere, pertsonoi zaila egiten zaigu onartzen bizitzak jarraitzen duela “batak bestea gabe”. Munduan egoten asmatu behar dugu, halaz ere. Jakinik ere, inork ez duela iragan maitearen hitzetan besteko beroa inoiz aurkituko.

b/ Emakumeok eta gizonok baleak legez, beherako bidean amiltzen gara lantzean-lantzean. Jaitsaldi horretan hondo batera iristen gara, baleak itsas hondaleetara ailegatzen diren modura. Barruan kabitu ezinezko penak daramatzagu, maitasunaren ahanzturarena eta izan ez diren maitasunaren abenturena.

Aktorik akto, hirugarren aktoa

Aro guztiak iragan dira Maudeyk erretzeari utzi zionetik. Maudeyren sua ez da itzali horregatik. Maitasuna barnean daramagun garra da, halaxe darama sua Maudeyk, halatsu eraman ere Virgilek. “Zer duzu, laztana?” galdera kiribiltzen da zigarretaren kiribiletan. Maitasuna gure baitan irauten duen bizio itzela duzu irakurzale maitea, birus kontrolagaitza. Maitasunari —zigarretari legez— sua agortzen zaio, liburu honetako maitasun istorioa agortu eta finitu egiten den legez.

Hitzaurre-ostekoa

Esaldi parrasta ebatsi diot Oihane Amantegiri. Atartean, Ruper Ordorikaren “ez du zerutik gertu egon nahi, zerutik gertu ez delako ondo egoten” esaldia arrantzatu dut. Juan Rulfo eta Joseba Sarrionandiarenak iruditu zaizkidan hamaika esaldi azpimarratu ditut. Atartean, beharbada, zuk zerorrek —irakurle maitale horrek— horiexek deszifratuko dituzu. Edo!

Ostekoaren ostean, ondorioa

Dionisio Cañasek Zerutik gertu ez da ongi egoten poeman dioenez, “nik ez dut zerutik gertu egon nahi, hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak