« Maitasuna infinitua da. Atartean, amour mais pas toujours… Edo! | “Gu” orduko “hauek” ba al dugu euskal komunitatea osatzerik “lurraz beste”? »
Cayo Hueso / Oihane Amantegi Uriarte / Elkar, 2023
Hondoratutako baleak Jon Jimenez / Gara, 2023-08-06
Antilletan, Kuba eta Florida artean, azaltzen da beldurti Cayo Hueso uhartea. Han, ezustean ere, agertuko dira eleberri honetako lau protagonistak: narratzaile ia orojakilea den kapitain otarrain zalea, Virgil musika kritikaria, Maudey jazz kantaria eta Maria ohez, ardoz eta batez ere garagardoz hornitzen dituena. Cayo Hueson dira laurak, baina edozein itsas portutan izan zitezkeen, izan ere, izen bereko nobela labur honek era lausoan agertzen baitigu eszenatokia. Bertan badira ekaitz tropikalak, otarrainak eta hauen arrantza ospatzeko jaiak, eta desagerrarazitako bertako herrien hezur profanatuak ere, baina batez ere giroan dira orriotan tabakoa eta tabakoaren kea, zerbeza zurrutak eta jazza.
Atmosfera honetan, lau protagonisten, baina batik bat Maudey eta Virgilen, harien txirikordatzea eta askatzea, hurbilketa eta urrunketa, kontatuko digu Oihane Amantegik (Zornotza, 1985) bere bigarren fikziozko lan honetan. “Bakoitza bere nahi eta presa, ondoez eta estutasunekin bizi da. Jendeak topo egiten du, eta aurresan ezineko moduan urruntzen da, bizitza diferenteen arteko enkontru erlazio nahasi amaigabean. Bikote elkargune infinitu horietatik bat utzi du” izkiriaturik Amantegik, aitzinsolasean diosku Joseba Sarrionandiak.
Amodio ez-amodio trama zuzen, sinple eta unibertsal honek amaiera arte mantenduko gaitu loturik, tartean gehiegizko errepikapenek atentzioa desbideratzen badigute ere. Gogoangarriak dira pertsonaiak, errango digu Sarrionandiak. Halarik ere, neure irudikoz gogoangarriagoa da eleberriaren ez-fikziozko partea, amaierarekin batera datorrena. Zeinetan Amantegik bere antropologo sena eta begirada ateratzen baitu maisuki eta giza erlazioen irakurketa saiakerazkoa eskaintzen digun. “Baleak hiltzen direnean, ozeanoaren barrunbeetara amiltzen dira. Hondalera iritsi eta bertara moldatzen da gorputz erraldoien heriotza; eta gorputz erraldoien heriotzara moldatzen dira itsas hondoetan bizi diren organismoak. […] ekosistema bat osatzen du balea batek, erortzen den orotan […]. Eta hori horrela, heriotza eta hondaleetako iluna baino ez dagoen lekuetan bizitza jaio egiten da”. Metafora ezin hobea liburu honen mamia bera ulertu eta laburbiltzeko: isiltasunean, haustura guzietan, erran ezin diren hitz guzietan, nola erran asmatzerik ez den guzietan, badelako beti zer atera. “Besarkadan bila daiteke hitzez enuntziatu ezinaren soluzioa”, Sarrionandiak. Eta besarkada hori edo besarkada horren ezintasun bera beti kontatzen ahal izanen dugulako, eleberri honetan Amantegik egin moduan.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez