kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Pozaren erdia / Harkaitz Cano / Susa, 2022

Egiturak agintzen duenean Aitor Francos / Bilbao, 2023-03

Modernoa da halabeharrez sonetoa, baita XXI. mende teknologiko eta globalizatu honetan sartuta gaudenontzat ere. Euskal Herrian sonetoaren tradizioa ez da hain handia, edo behintzat ez da luzea, baina aparteko esploratzaile ausartak izan ditu, batez ere gaztelaniaz. Horretaz ez dago zalantzarik, bestela hor duzue Blas de Oteroren obra, hoberen landu zuena, edo Javier de Bengoecheak idatzi zituenak (edo, denboran gertuago, Jon Juaristi eta José Fernández de la Sotarenak). Euskaraz, azkenaldian irakurri ditudanen artean Omar Nabarro (Edorta Jimenez), J.L. Davant, Itxaro Borda eta Luis Mari Mujikaren eskutik zetozen eskaintzetan besterik ez ditut aurkitu sonetoak, baina nire ikuspegia murriztua da eta ziurrenik batzuk geratu zaizkit bidetik. Tamalez, historikoki, soneto gutxi argitaratu izan dira euskaraz, are gutxiago soneto bilduma-osoak, Joan Mari Irigoienen Biziminaren sonetoak (Elkar, 2004) eta Karlos Linazasororen Zerua beti beherago dago (Utriusque Vasconiae, 2016) salbuespenak dira. Gaztelaniaz dauden erakusbideekin alderatuta, gauza jakina da euskal sonetoek duten batasun eta hitzarmen eza, poetaren araberakoa izango direla neurria eta bertsoen etenak eta baldintzak. Kontuan izan, ordea, poeta askoren lehenengo ahaleginak eta hastapenak sonetoekin izan direla. Zer gertatuko zen poesiarekin sonetoak idazteari utzi egingo bagenio? Zenbatek ikasi dute sonetoei esker poesia idazten?

Nire ustez, 2022an herrialdean atera diren poesia liburuen artean garrantzitsuena da, beharbada, Harkaitz Canoren Pozaren erdia (Susa), edo ukagaitzagoa den adierazpena, berezienetakoa. Lehenago esan dezadan ez naizela ausartzen kritika eta analisi arrunt bat egitera, ohiz kanpoko argitalpena baita. Logikoa denez, haikuekin edo beste poema-forma itxiekin gertatzen den legez, liburua irregularra da, badirelako distirakorragoak diren sonetoak, hobe-ezinak, biribilak eta kementsuak edonondik begiratuta ere, korapilatsuagoak eta konplexu samarrak diren beste zenbait, eta oharkabean pasatuko zaizkigunak ere, noski. Gehienak soneto bakanak baino ez dira, baina badaude serieak osatzen dutenak, edo bikoteka datozenak, jolas intelektualerako piezak, bata kontrakoaren ispilu direnak: Planto eta amore I eta II, Pozaren erdia I eta II, Filiak/Fobia, Urtezahar/Urteberri, batzuk aipatzeagatik.

Norbait dabil sute-eskaileran 2001ean Susa-n atera zuenetik (eta Dardaren interpretazioa, 2003koa, azken finean antologia bat zena, kanpoan uzten badugu) urteak zeramatzan Canok poesia euskaraz argitaratu barik, antologiak eta proiektu elkarlanekoak baizik (guztiarekin ere, gaztelaniaz idatzitako poema-liburu bat, Compro oro, Huacanamo argitaletxean plazaratu zuen, 2011. urtean). Narratzaile gisa ezaguna bada ere inoiz ez du poesia alde batera utzi; noiz edo noiz bueltatzen da, grabitate bultzadan bezala, betebehar baten agindupean akaso.

Klasikoa izateko ahaleginean zeharo modernoa da Cano. Sustraien preso da poesia? Zer dela eta sonetoa aukeratu du idazleak? Estilo ariketa bat da soilik? Sonetoa garaiaren gainetik dagoen molde poetikoa da eta idazkeran hitz-jarioa erraz dezake, erritmo ezaguna (eta zergatik ez, erakargarria) barneratuta dakarrelako, muin-muinetik; belarria hurbildu besterik ez du egin behar poetak. Poesia ezer izatekotan doinua delako, entzumenaren gozamena. Zein da sonetoaren labirintotik irteteko modua, orduan? Beste soneto bat idaztea. Horrela infinituraino.

Zaletasuna, halere, berantiarra du Canok. Berak dionez, orain dela hiru urte, pandemia zela eta, konturatu zen sonetoak eman ahal zizkion aukerak ugariak zirela, baliabide magikoa zela, kezkak adierazteko molde galanta eta erosoa. Bazekien gainera adiktiboa izatera hel zitekeela, neurriaren eta melodiaren sarean jauzi ezkero. Sudokuak egiten dituenaren tankeran hasi zela sonetoak idazten komentatu du Canok elkarrizketaren batean. Horrela, testu bakoitza ariman sartu zaio, izaeran, haren gorputzaren parte izan da, puntatik hondoraino. Amildegia da sonetoa, bere barruan poesia forma asko bizi baitira, hamalaudunaren itxurapean. Horretaz jabeturik poetak jauzia egin du bertara, mintzaeren posibilitate amaigabera, poema-kutxa tinko eta babeslera. Dibertitzeko asmoa zuen hasieran, beraz, Canok? Arreta desbideraketa bat zen?

Liburuan zehar sonetoaren formula ondo ikasita duela erakusten du. Nabaria da errima-oihartzunaren musikaltasuna eta indarra nola arrastatzen dion, batetik bestera. Poesia, oroz gainetik, melodia da lehen-lehenik; soinuaren euskarria. Literaturan hobe zaigu ezaguna den modeloa jarraitzea, poemaren metrikak bidea erakutsiko digulako, mekanismo zahar baten antzera funtzionatuko duelako, behin barruan gaudela. Alde mekaniko horrek motorraren funtzioa dauka, eta, ondorioz, tradizio osoa zuretzako lan egiten du, sonetoak idatzi dituzten hainbaten ahotsen olatuek bultzatuko zaituzte, egiturak zure alde egongo da beti. Jakina, erraztasun horrek nolabaiteko kaltea ekar dezake: automatismo aspergarriak edo errima negargarriak, baina ez Canoren kasuan. Bene-benetan bestelakoak dira soneto hauek, ez duzue parekorik aurkituko. Hizkuntzan jenioa da, miresten dut darabilen euskara dotore eta txukuna, eta kontenplaziorako duen jarrera ezin egokiagoa. Keinu literarioz betetako irakurketa da, bestalde.

Dena den, zer dago poetaren biografiatik poema bakoitzean? Zer nolako zalantzak gordetzen ditu barruan? Haurtzarora doa askotan Cano, eredurako Plastidecor izenburuko sonetoa. Ezin da esan gaiak aldatu dituenik. Egiatan betiko obsesioez aritzeko forma berriarekin saiatzeko aukera eman dio hamalau bertsoko egiturak. Nolanahi ere badago gai bat gailentzen dena, lerroen artean ondo irakurri eta izenburu nagusiari kasu eginez gero: denborak dakarren hondatzea eta higadura iheskorrarena, pozaren aldizkakotasunarena. Zer da ba poza? Aldatzen edo garatzen goazen heinean, aldatuko da pozaren inguruan dugun kontzeptua? Nola beraz poztasunaren betetasuna desiratu, ezinezkoa bada? Zatika besterik ez dugu antzemango, uneka. Eguberri goiza sonetoan zera esaten du Canok: “Aurtengoa ezberdin, ala aspaldi entzuna? / Lekuko izatearen pribilegioa, / pairatzearena higadura, arrastoa; / galerak zenbatuz berpiztearen fortuna…”

Amaitzeko, badira sonetoaren beraren aldarrikapen eta omenaldi asko liburuan. Adibidez, Hamalaukoa poeman: “Rolls Royce auto bat da sonetoa, alajaina. / Errepidean koskarik gabe azkar doa, / diseinu perfektuena, barru erosoa”. Geroago, irudia borobilduko du: “Kanpotik ez maite arren molde klasikoa, / poeta zaharren laztan antigoalekoa / eta maisu-maistren isuria eta zaina / sentituko dituzu han eseri orduko. / Ni noa gidari, ala neurtitza dut zaldi?”

Barnera biltzeko mementoa da negua. Baitaratze horretan literaturaz prestatzen den edabea bidelagun onena da, lasaigarri komenigarriena. Ez diot inori liburua segidan irakurtzeko gomendioa egingo, patxadan irakurtzekoa baizik. Egunean behin, sonetoren bat ondo dastatzeko tartea hartzekoa. 64 dira guztira. Emaiezue gutxienez hilabete bat digestioa ona izateko, bat edo bi egunero aski izan daitezke.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak