kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Euskalia / Mikel Alvarez Sarriegi / Elkar, 2022

Nor da Euskaliaren beldur? Ibon Egaña / Deia, 2023-02-18

Katixa Agirreren Berriz zentaurorekin batera, zientzia fikzioak joan den urtean emandako ale interesgarria da Mikel Alvarez Sarriegiren Euskalia. Euskalduntasuna zeharbidez ageri da gehiago Agirreren irudimenezko etorkizunean, generoaren inguruko hausnarketei pisu handiagoa emanda, besteren artean. Aldiz, Euskalia izenburuak ez dio gezurrik eta euskalduntasuna, nazio-gatazka eta Euskal Herria bera ardatz dira Alvarezek sortutako alegiazko mundu horretan.

Duela zenbait hilabete Pablo Pesado kritikari galiziarrari entzun nion galizieraz azken urteotan argitaratu diren zientzia fikziozko lan ugaritatik bakarrean ere ez zela Galizia independenterik irudikatzen, eta nazio-gatazka ez beste auzi batzuek ardazten dituztela etorkizun balizko horiek. Euskalia honetan, ostera, Euskal Herri independentea irudikatzetik harantzago doa Mikel Alvarez, eta XXIII. mendean girotutako eleberrian, unibertso osoa dago euskaldunen esku, hainbat planeta, galaxia eta sistemaz osatutako mundu ustez harmoniatsua, non guztiek baitute osasun eta hezkuntza publikorako eskubidea eta ongizate erosoa. Harmonia hori ez da, baina, erabatekoa, erresistentzia-taldeek euskararen eta euskaldunen gailentasunari aurre egiten baitiote, modu klandestinoan ere bai, gaztelania eta espainiar kulturari atzera duintasuna itzuli nahian.

Ironia eta parodia nobelaren muinean daude, bistan denez, planteamendu orokorretik hasita; abertzalerik abertzaleenaren fantasiarik muturrekoena baino harantzago doa Alvarezen Euskalia, gutxiengo eta gehiengoen arteko orekak iraultzerakoan. ETAren eta gatazka armatuaren oihartzunak ere nobelaren muinean daude, alderantzikatuta eta parodiatuta, jakina. Umoreak eta ironiak guztia zeharkatzen dute, izan ere, eleberrian: dela irudikatzen den mundua, dela pertsonaiak, dela elkarrizketak. Esan dezagun batzuetan finagoa dela umorea eta bestetan brotxa lodiagokoa, hitz joko eta txistetik hurbilekoa (inoiz pertsonaiak beren txiste txarren txartasunaz ere kontziente dira), eta irakurleari geratzen zaion sentsazioa da idazleak ondo pasatu duela, dibertitu egin dela zenbait pasarte eta elkarrizketa idazten (bereziki gaztelaniazkoak), eta kutsatu egiten zaio aldarte hori irakurleari: jolasarena, irribarrearena, arintasunarena.

Ugari dira euskal kultur munduari egindako keinu eta erreferentziak eleberrian (Hedoi Etxarte, Itxaro Borda edo Kattalin Miner ikerketa gune edo kale izenak dira Euskalian), baina baita masa-kulturari egindakoak ere: Terminator, Matrix, Dragoi Bola edo Arale, gutxi batzuk aipatzearren. Generoko literaturaren kontzientzia eta aldarria ere bada, hein horretan, nobela hau, eta fikzio horien omenaldi parodikoa ere bai. Jakina, badago hausnarketarako materialik Euskalian: zer gertatzen da minoria bat bat-batean munduaren nagusi egiten denean? Zein enpatia/antipatia sentitzen dugu gutxiengo zapaldu berriekiko?… Baina nago dibertimendurako, jolaserako edo algararako dela batez ere lagun ona Alvarezen Euskalia.

Nabarmentzekoa iruditzen zait, mundu fikziozko bat sortzeaz batera, pertsonaiei forma, gorputza eta istorio bana eraikitzeaz ere arduratu dela idazlea bere lehen eleberrian: Eñaut, bere gristasuna eta mediokritatean, edo Igone, bere psikopatia pelikuleroan, esaterako, txotxongiloak baino gehiago dira eta laguntzen dute istorio zoro honetan aurrera egin dezagun. Fokua pertsonaiatik pertsonaiara aldatzen joateak eta hainbat pasarte ikuspegi desberdinetatik erakusteak ere ematen diote erritmoa eta gorputza bizi irakurtzen den nobelari.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak