« Gauzen politika deszifratzeko poetika | Arkatz baten mina »
Heriotzari aurrez aurre begira / Oskar Gaztelu / Erein, 2020
Heriotzaz hausnartzea bizi-bizirik zaren seinalea duzu Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-01-28
Deus aitzin
Saiakera generoa ez da boladan, eta are gutxiago heriotza gaia harturik. Oskar Gazteluren Heriotzari aurrez aurre begira saioak Miguel de Unamuno XXII. saria irabazia du. Horri esker, liburuak jaso du behar duen begirunea. Erein argitaletxeak zabaldu izanak, berriz, merezi duen arreta eskaini dio.
Heriotza tabua —izan— da gizakiarentzat. Alabaina, modernotasunaren arora arte, heriotza askoz presenteagoa izan da gizakion artean, modernotasun deitu aroan baino. Modernotasun aroaren ostean —aro postmodernoa deitua— heriotzari bizkarra eman diogu, aurrez aurre begiratu beharrean, atzea eman diogu. Heriotzari gibela emanda bizi gara.
Heriotzari buruz mintzatzea ez da boladan. Heriotzaren gainean jarduteko, “jantzia” izan behar da nonbait. Berbarako, Oskar Gaztelu izan behar da. Erran nahi baitut, letren ardura eta pentsamenduaren gura bizi dituen pertsona. Alta bada, bere/gure gurasoen arora arte, norbanakoek heriotzaz berba egin dute lasai antzean. Erran nahi baita, heriotzaren kontzientzia biziagoa zegoen gure arbasoren eguneroko bizitzan gaur egungoan baino. Bizitzeaz —bizitzeko moldeaz— kontzienteagoak ziren, baita “heriotza aiseago bizi” ere.
Heriotzari aurrez aurre begira saioari buruz idaztea ez zait samurra. Iruzkin honen irakurle zaren hori liburura hurbildu beharrean, liburutik aldenaraziko ote zaitudan “beldurrez” ari nauzu. Negu ilunean irakurri izanak kikildu nau nonbait. Beraz, nola gomenda diezazuket liburua modu erakargarrian? Agian, udaberria aldean irakurtzeko gonbidatuz? Ez etsi edonola ere. Bizitzaren zentzuaren bila ari bazara, negurik beltzenean ere, liburu honek lagundu diezazuke bizitzen. Heriotzaz hausnartzea bizi-bizirik zaren seinalea da.
Amari esker!
Liburu honen balio handiena, saiogileak bere amaren heriotzaren bizipenez eskaini digun esperientzia duzu. Liburuak askoz gehiago ere badakar, halere: heriotzaren inguruan gure kontzientzia hornitzen laguntzeko atal sano esanguratsuak.
Oharra: egileak amaren gaineko esperientziaz transmititu digunaz aburua amaieran emanen dizut. Areago, ez da soilik amaren heriotzaren gaineko esperientziaz idatzi. Leireren heriotzaren esperientzia ere kontatu digu, hala nola Pilar gernikarrarena. Alegia, liburu honen balio handiena heriotzaren aurrean egileak ezagututako esperientziak dira. Nire gusturako, betiere.
Egileak heriotzari buruzko liburu zenbaiten ezagutza ekarri digu. 3. atalean, Tibetera eramaten gaitu. Premisa bat: “Heriotzari guri dagokigun zerbait da, eta ulertzea dagokigu”. Egipton berriz, heriotzaren bidea labirinto bat dela ikas dezakegu. Erdi Aroko Ars Moriendi liburuak heriotzari aurre egiteko aitortza eta otoitza funtsezkoak izanagatik, ezagutza da gakoa. 4. atalean, hil osteko zeremonien gainean ari zaigu egilea. Indonesian hasi eta Euskal Herria bitarte, gizakiok historian heriotzaren aurrean obratu ditugun zeremoniak erakusten dizkigu; euskaldunon zeremoniak tarteko. Ikaspen bat: “Hiltzea saihetsezina da, eta ez dago gure esku. Baina ondo hiltzea, bai”.
Heriotzaren aurrean pentsamendu eta jarrera ezberdinak —izan— ditugu gizakiok. 5. atalean, gaur egungo esperientziak dituzu. Euskaldun zenbaiten aburuak barne. Iñaki Arregirenak hagitz dira interesgarriak: “(…) Hilko dela onartua duenak, bizi egingo du bizitza; besteek iraun egingo dute”. 6. atalean, arestian erran legez, Leireren esperientzia kontatzen digu Gazteluk.
R.M. Rilkeren ildoan, hona laburpen bat: “Heriotza maitasuna nola, biak ala biak zabaldu gabe transmititzen ditugu”. Transmisioa da hitz gakoa. Gazteluk ederto batean transmititu digu berea: “Bizitzeko artea bizitza betea lortzean datza”.
Alabaina, arteak “bidegabekeria” errepresentatu ohi duen legez, heriotza edota hiltzeko manera arte suerte bat legez bizi izaten dugu, heriotzaren zeremonia modu tragikoan bizitzen dugu, “bidegabekeria” gisa errepresentatuz. Nire aburua duzu aurreko hori. Ostera, Gazteluk dioenez, heriotza onartzeko eta haren dolua gauzatzeko, berau landu behar dugu. Hiltzen laguntzen izeneko 7. atalak, kontu metafisikoez harago joanez, hainbat diziplina aurkitu ditzakegu: tanatologia eta doluaren etapak. Kaosa, amore ematea eta transzendentzia. Heriotzara trantsizio aurrekoa, trantsizio ondokoa eta bien arteko aldia. Ikasgaia: heriotza modu naturalean bizi eta halaxe transmititu behar diegu ere gure albokoei. Saiogileak transmititzen digun naturaltasunez, gehituko nuke nik.
Heriotzak eragindako/sorrarazitako literatura (8. atala). Luzetsi barik, hainbat egile eta euren lanak ulertzen laguntzen digu saiogileak. Literatura arte mota den aldetik, literatura heriotzaren esperientzia “zuzen eta artez” lantzen ez badu ere, heriotzara bidean laguntzen digu bizitzen. Adibide hau duzu, nire gogoeta honen lagungarri: libertimendua/dibertimendua omen da heriotzari ihes egiteko modu bat. Dibertimendua muturrera eramaten dugunean, herioari ihes egin izana esperimentatzen dugu. Alta bada, dibertimenduaren esperientzia ihesi mugatua besterik ez da. Literatura ere libertimendu suerte bat da. Libertimenduak sosegu eskaintzen digunean, herioa lagun izan dezakegu: “Bizitza heriotzaren ondorioz existitzen da, heriotzak esperientzia ematen dio bizitzari”. Baldin eta heriotza bizitzaren berritze prozesu gisara baitaratzen badugu, noski. Literaturaren esparruko bizi izen hagitz hurbilak ekarri dizkigu saiogileak: Miguel Unamunokoa eta Xabier Lete.
Amaren baserria (h)uz(s)ten. Tristea da heriotzaren esperientzia. Gure izatearen huste moduko bat. Hil/Joan denaren mundu-materiala uztea. Hala ere, tristezia horrek bizitzara lotzen gaituela adierazten digu Gazteluk. Ez nuke gura bere amaren heriotzaren esperientzia lausenguzko berbez osatu. Alabaina, Larrabetzuko Urkulu baserriko barazkiek eta landareek ene begirunea dute, eta bere ama laudatu egiten dut ere bai. Amarena ez da saiogileak ekarri/bizi izan duen esperientzia bakarra, arestian adierazi bezala. Leireren esperientziaz gain, Gernikako autobusa delakoan, Pilar ezagutuko duzu. Ospitalean hil nahi ez duen 83 urteko emakumea. Areago, aspaldian hil ziren bere gurasoekin hil gura du Pilarrek. Baserrian hiltzeko Idoia alabaren laguntasuna eduki(ko) du. Ipuina irudi du. Bizitakoa literatura bihurtua. Liburuaren atala, hamargarrena, epilogoa duzu. Luis Eduardo Auteren berba sano adierazgarriek amaiera ematen diote saio sano honi. Oskar Gazteluk amari eskerrak nola, halaxe helarazten dizkiot eskerrak berari nihaurk. Azkenik, “heriotzari aurrez aurre begiratzeko” eta “bizitzen jarraitzeko” liburuak idoki didan burutapena.
Ezerezean amilduko gara
Ezerezaz ohartarazi zigun Xabier Lete poetak. Heriotza paperean hautsa paratuz lehenik, kantu kantari arituz ondoren, gure espiritua irmoki gatibatuz. Bizitza latza da, heriotza partekatu ezin dugun bizipen/esperientzia bakarra baita. Areago. bakardadean bizitzeko ahalmena murriztu zaigun aro postmoderno honetan. Heriotzari aurrez aurre begiratzeko gure gaitasuna deuseztatu zaigu, heriotzari nola bizitzari gibela emanda egiten dugu aitzina. Kontrakoa behar luke, hots, milurtekoz milurteko izandako bizipenen ostean, heriotzari aurre egiten ikasita behar genuke dagoeneko. Ez dirudi horrela denik, ordea. “Bakardadea bizitzea” izan daiteke herio inguratzeko/ezagutzeko bete-beteko esperientzia. Esperientzia bizi-bizia. Pilarren heriotzaren esperientzia gogoan, hauxe nire azken pentsaketa: medikuak eta erizainak buru, ospitaleak jendez beterik daude. Haatik, bakardadea izugarria da bertan. Baserriko antzinako bakardadea ez da hiriko bakardadea. Berba berak ez du adierazia bera.
Etsipenezko berbak dituzu azken horiek. Ez izutu horregatik. Heriotzarik gabeko bizitzarik ez dagoela barneratu ondoren, herioren etorreraren aiduru, bizitza “bizitzeko” berbak dituzu. Berbez honatago eta haratago, bizi-bizirik bizitzea heriotza transzenditzeko modua da. Liburu honek heriotza transzenditzen lagun zaitzake.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro