kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bar Gloria / Nerea Ibarzabal Salegi / Susa, 2022

Disekatuta Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2023-01-29

Aurretik lan kolektiboak argitaratua da Ibarzabal Txakur Gorria kolektiboko taldekideekin batera, baina modu indibidualean sortu duen lehen eleberria da Bar Gloria.

Bar Gloriako ate gainean zintzilik dagoen disekatutako idi buru batek emango digu ongi etorria irakurleori. Ibarzabalek sortu duen unibertsoko zaindari, zaharkitua geratu den estetika eta mundu tradizionalaren errepresentazioa ere bada hautsa eta koipea bereganatu dituen animaliaren burua.

Pertsonaien arteko komunikazio faltak eta maskulinitate hegemonikoaren biolentziak sortutako giro itogarriaren deskribapena eta kritika da liburua. Lopetegi familiak gobernatzen du Bar Gloria. Ahizpak diren Ana eta Rakelek barran egiten dute lan ia-ia etxekoa den Migelekin batera, eta Bizenta, beraien ama, sukaldean aritzen da. Igandeetan beste senideek ere laguntzen dute negozioan. Elkarri sentimenduak adierazteko zailtasun handia sumatzen da hasieratik: Anak ez dio Rakeli kontatzen herritik alde egiteko asmoa duenik, Rakelek Anari ez dio bera joateak ematen dion beldurraz hitz egiten, Migel ez da jasan duen erasoaz Bizentarekin hitz egiteko gai, Bizentak nahiago du Migel sukaldean sartu Elias tabernatik bota baino, Patxik Rakel gogorregi hartzen du eta bortitza da berarekin… Isildutako hitz askok osatzen dute unibertso hau eta isiltasuna botere tresna bat den heinean, emakumeak zein gizon ez hegemonikoak (maritxuak kasu) dira beronen ondorio latzenak jasaten dituztenak. Idi burua bezala daude pertsonaiak disekatuta, hauts eta koipez beteak.

Bar Gloria taberna da liburuko espazio zentrala. Bertan batzen dira pertsonaia gehienak eta bertan pasatzen dute denbora tarte handiena. Tabernako paretek eta idi buruak, gainera, pertsonaiek isiltzen duten guztia ikusi eta entzuten dute giro astun hori azpimarratuz.

Denbora modu interesgarrian baliatzen du Ibarzabalek, aurrera-atzerako saltoak egiten baititu etengabe, eta elipsi dezente sortu pertsonaien modus operandia imitatuz.

Oro har, gustura irakurri dut liburua. Agian hari solte gehiegi dituela somatu dut, eta tentsioan mantendu nauten hari narratibo batzuk borobildu gabe geratu direlakoan nago. Hala ere, giroa sortzeko abilezia handia erakutsi du Ibarzabalek, eta kontatu duen munduaren konplexutasuna estilo propioan egiteko gaitasun osoa. Aurkitu du autoreak bere burua erretzeko egurrik.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak