kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Sorgin-argien ehizan / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2022

Garrasiak garrasi, “Poz data” da poetaren “Post data” Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-01-16

Abiaburuan

Sorgin-argien ehizan poesia liburua promesa baten emaitza da. Joan Mari Irigoien gaztea zela —20 urte inguru zituela, futbolaria zelarik— futbol partida bat jokatzera joan zen Tenerife uhartera eta promesa bat egin zion bere buruari. Promesaren funtsa liburuan duzu. Paradoxikoa irudi lezake —buruz ari naiz eta okertzeko proportzio handian—, baina idazle honen lehen liburua ere, Oilarraren promesa, idazleak bere buruari egin zion promesa izan zen. Oilarraren promesa nobela politikoa zen —eta da—. Literatura ere politikoa den neurrian.

Idazlearen obraren ildoan gogoeta nago. Idazle menturazale hura “hutsetik esperantzara” joanez abiatu zen literaturan barrena. Venezuelara joan zen gaztaroan, “denborak ez baitzuen nora” bere bizitzan. Hego Ameriketako literaturak gatibaturik, nobelagile emankorra —eta handia— bilakatu zen. Babilonia eta Lur bat haratago ekarri zizkigun eta nobelagintzako goia jo zuen. Bere nobelagintzako lan arrakastatsuenak izanik ere, bere obra harago joan da, alimaleko obra osatu du. Obra handi horren osatze lanak “gure munduaz harago” eraman ote zuen pentsatu izan dut noiz edo noiz.

Bi genero landu ditu: eleberria eta poesia. Bere poesia liburuak nobelagintzaren bidez adierazi ezin izan dituenak ote diren nago. Nago, nerabe garaian erraiak erre zizkioten bizipenak eta txingar haien ondorengo txinpartak ote diren bere poemak. Izanik ere, bere narrazioetako lirikotasuna ez duela poesiagintzan gauzatu/laburbildu pentsu dut. Alegia, idazle lanetan horrenbeste orduz jardun izanak poesia gauzatzeak eskatzen duen hats-luze-sakona murriztu ez ote dion nago. Aburu bat besterik ez da. Aburu hau orokorra ez ezik, okerra ere izan daiteke, bistan da. Edonola ere, iruzkin honen helburua ez da Joan Mari Irigoienen poesia liburuak baloratzea/epaitzea, ezta poeta ere.

Sorgin-argien ehizan/izpietan

40 urte iragan ostean, Altzako idazleak bidaia egin du Kanariar Uharteetara. Liburuaren gauzapenaren nondik norakoak, idazleak berak Hitzaurrean kontatzen du. Besteak beste, bere gaixotasun degeneratiboa aditzera ematen du. Gainerakoan, hitzaurre horren harian, hau duzu neronek Joan Mari Irigoienez egindako soslaia laburra: Garakilgoa bezala agertzen du bere burua. Altza auzoa suntsitzen ikusi zuen haur erresumindu bat da. Haurtzaroko lurretatik eta ingurumaritik erauzi eta “desnaturalizatu” zuten pertsona da Irigoien. Lanzaroten berriz ere, Timafayako lurraldean, lurrarekiko duen tira eta atxikimendua agerikoa da. Agerikoa da ere arteari dion begirunea. Mintzoa eta kantua —gregoriar musikaren zalea da— berebizikoak zaizkio. Espiritualtasuna eta mistika ditu bere izatearen osagaiak. Horiek horrela, poetaren jarrera/aburua honela laburtu dut: “Artearen espresioa —literatura bere kasuan— aurkitzeko bidean espiritualtasuna alferrikakoa da, behar fisikoekin minimoki konplitu ezean”.

Labur zurrean (a): ausardia handiz erraten dut, materialismoa eta espiritualismoa elkartzen direla bere izatean, eta biak ala biak direla bere poemen eragileak.

Garrasiak

Leon Felipe poetaren ildoan, Joan Mari Irigoinen poesia garrasia da. Otoitzaren jitea agerikoa da poemetan, baita kantuaren eragina. Baina, bere poesia garrasia da deus aitzin eta oroz gainetik. Irigoien biraogile da.

Garrasiak izeneko lehen atalean, poemek tokiko toponimoen izenburua daramate. Alta bada, leku-izen horiek ez dute poemen funtsa elikatzen. Pentsu dut, toki horietako bakoitzean inspiratu zela aldian aldiko poema idaztean. Nire irudiko, poetak poema bakoitzaren gaia buruan zeraman aspaldi eta ingurumari bakoitzean isuri zituela —izerdia legez— poema osatzen dituzten hitzak. Poemotan, lurrarekiko grinaz beste, batez ere, bere ideologia islatzen da: Gabriel Aresti/euskara, polizia/tortura, demoniokrazia/langileria, AEB/CIA, Che/Kristo, Tiananmengo Plaza…

Ondoren eta amaitzeko, kanoi-hotsa sorta bat eskaini digu. Bere poemak gerrateko hotsak dira: Orreaga/Franco. Espainiarrak/Jainkoa. Millán Astray/Monarkia…

Labur zurrean (b): poemok hitzaldi sutsuak dira, bizitza dorpeari adorea emateko garrasiak. Oilarraren promesa nobela politikoa zen moldean, poesia liburu hau ere politikoa da, bada. Neurrian hori ere.

Kantuak

Kantuak izenburuak zabaltzen ditu bigarren atala. Playa Hondan dago poeta: “Han, non haize leuna sorgin-ferekak bihurtzen den”. Tinajon ondoren. Bertan “oro da hil edo bizi, oro da denboraren baitako”. Orzolan berriz, “ororen jabe, ororen desjabe…” bihurtu zaigu poeta. Harian hari ari naiz. Nago, “hil egin izatea, mundutik desagertu…”, halakoxe irrika gailendu zaiola Irigoieni. Nirvanako (*) lurretara sartu nahi luke, Sidartaren ildoan. Alabaina, ametsen iturria aurkitu du Punta Mujeresen. Vulcanoren lanak poeman lurraren obrak bildu/kausitu ditu, labak ez baititu bizi-arrasto guztiak ezabatu. Mahastiak artelanak dira poetarentzat. Sumendiaren labak mahastien ekaia dira, eta beraren —poetaren— gogoaren elikagaia. Lurra hartzen du artelantzat. Aldian zerua jotzen du, aldian zorua. Ez baitago etsipenak jo gabeko guztizko poetarik: “Berdea omen esperantzaren kolorea… baina errautsen baitan bizi da”. La Santa deitu parajean sortutako poemaren hitzak, argi-puntu hegalariak dira —sorgin-argi-izpiak, naski—. Lanzaroten egonagatik, Leire aldera aireratu da poetaren gogoa.

Labur zurrean (c): Kantuak izenburuko poemak lehen ataleko Garrasiak baino hurbilago dira poetikatik, poetikoagoak dira, hots. Horixe nire aburua. Hauxe adibidea: “Begiak itxi/ eta gaua amildu zait berriro bihotzera. / Gau hau, baina, ez da argirik gabekoa: /oroiminaren baitatik, izan ere, milaka ipurtargi sortu dira!.

Amodio infinituaren nostalgia

Amodio infinituaren nostalgia izena du hirugarren atalak. Poema bakarra funtsean. —Poz data da azken poema; poema laburra. Poetak paradisua xerkatzen du Leiren. “Munduaren eta zerua”-ren arteko batasunaren bila ari da mistikotasunean barrena. Jainkoaren eta gizakiaren arteko lehia da agerikoa da poetarenean. Alta bada, Leire monastegia, bere osotasunean, ez da bere soseguaren berme: “Bai,/ neure gogoarekin haserre nago,/ barne-borroka latzetan,/ norarik ez:/ gauzak horrela,/ zer hobeto/ nik neure logelan bakartzea baino/ bake pixka baten bila?.

Mistikotasun aire batek inguratu du poeta. Gripeak gripe, Kochen baziloak eta depresioak eta GDak… tarteko, bizi egin nahi du, baita eutanasiaren argia/aukera “bizi izan” ere. Garrasiaz garrasi, otoitzaz otoitz, kantuaz kantu, Timafayako sorgin-argien printzen ehizan ibili da Joan Mari Irigoien poeta. Sorgin-argien errainuek/itzalek gatibaturik, kantuek laguntzen diote bere poemak/garrasiak sosegatzen.

Labur zurrean (d): garrasiak garrasi, kantuak kantu, otoitzak otoitz, Irigoienen poesiak lurrean zamatutako lasta politiko gehiegizkoa darama Parnasora bidean. Haatik, Poz data da poetaren Post data. Ironiak “salbatzen” du Joan Mari Irigoienen poesia.

(*) Bere irriken eta kontzientziaren amaiera aurreikusten du, askatasun baten menturan.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak