kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Balio erantzia / Ekaitz Goikoetxea / Balea Zuria, 2022

Aforismoa: gogoan sakon iltzaturiko gezia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-01-10

Pentsamenduaz bi hitz

Aforismoa (*) pentsamenduaren kondentsazio suerte bat ote den nago. Burua irakite-puntu batera eraman osteko hausnarketaren destilazioa. Aforismoak kontzeptuak sortzen ditu, eta balorazioak egitera eta bizitzarekiko gure jarrera aztertzera/kuestionatzera gonbidatzen gaitu. Aforismoa pentsamenduaren emaitza trinkoa da, adierazle laburra bezain sakona. Dena dela ere, egungo munduan “pentsatzea” ez da jarduera “bertutetsutzat” hartzen. Antzina ez bezala, pentsamendua ez da balio gorena gaur egun.

Oharra: ez naiz pentsalarien edo filosofoen jardueraz ari soilik, jende xehe edota xumearen pentsamendu-jardueraz ere ari naiz.

Pentsatzeko ariketa —filosofatzea— menostu denez gero, norbanakoaren pentsamendua minimoetara apaldu da. Pertsonok gero eta gutxiago pentsatzen dugu berariaz, nork bere kautan. Apika, egungo munduan dagoen gabezia hori osatzen/betetzen lagun lezake aforismoak. Pentsamendu laburra den aldetik —literatura-saio-generoaren aldean— irakurketa “probetxugarriago” bat ahalbidera dezake. Konparazionera, generoak genero, aforismoa poesia baino zehatzagoa da.

Demagun, egia dela errealaren interpretazioaren ezagutza. Erlijioaz gain —egia erlijioan, fede kontua baita—, filosofia eta zientzia —izan— ditugu errealitateaz jabetzeko bitartekoak. Bilaketa horretan, zientzia filosofiari nagusitu zaio azken mendeotan. Zientziaren erroak gizakion “kontzientzian” sustraitu dira poliki-poliki. Giza-gogoak bere buruaz eta kanpoko errealitateaz duen ezagutza da kontzientzia.

Literaturaren inguruan bi hitz

Saioa —literaturan— pentsamendua da. Alta, saioa literatura genero gisa izendatzea ez da begi onez ikusia. Saioa ez da literatura generotzat jotzen. Kontuak kontu, horiek guztiak ekarri ditut hauxe planteatzeko: saioa eta aforismoa ez baditugu literatura generotzat hartzen, poesiak antzinako loria galdu badu, nobelarenak aspaldi egin bazuen —horrela diote adituek—, literatura “ipuina” da. Pentsamendua literaturan, oroz gain, “ilusioa” da. Ilusioa ez da prezeski egiaren/errealaren sinonimoa.

Hagitz adierazgarria da filosofia gaia eskoletatik erauzi izana, baita auhendagarria ere. Filosofia ez da belaunaldi berrien ikasgaia. Zientzia gaiak nagusitu dira irakaskuntzan. Zientzia filosofiari izan ezik literaturari nagusitu zaio. Pentsatzeko ariketa menostu da ikasketetan, eta hala berean, ikas orduetatik at ez dago pentsatzeko betarik. Egungo aisialdiak jan du pentsatzeko beta.

Datu bat: aforismo-liburu honen egilea irakaslea da.

Balio erantzia aforismo-liburua den aldetik, zer pentsatua eman dit. Esaterako: ba al dugu/dago aforismoa literatura genero gisa ekartzerik? Demagun baietz. Alta bada, euskal literaturaren solas-lekuetan ez du aparteko arretarik bereganatzen. Kasurako, literaturaren iruzkin-gintzan. Dena dela ere, liburu honek ez du orain arte iruzkinik jaso, are gutxiago kritikarik jaso ere. Tira, gure literaturan ez dago kritikarik funtsean. Nire aburu hutsa izan daiteke.

Kritikarik ezean, iruzkin laxoa

Ekaitz Goikoetxea bertsolaria ere bada. Hitzen bat-bateko inprobisatzailea. Bertso jarrietan trebatua. Alabaina, oraingoan bertsotan baino areago kontzentratu du bere pentsamendua. Zuhur-hitzen sortzaile honek bere adierazkizunari ahalik eta hitz gutxien erantsirik, hitzaren balio erantzia ekarri digu. Hitzak minimoetara eraman ditu eta pentsamendua maximoetara ekarri. Hitzak inausi ditu, harik eta bere gogo-ariketa zuhur-hitza bihurtu arte.

“Plazer hutsa, zorion betea”. Horra hor Ekaitz Goikoetxearen aforismoetako bat. Sortzaile honen zuhur-hitzen artean hartutako lagin bat duzu. Esanguratsua. Adierazgarria. Plazer hutsa, zorion betea liburu honen hitzaurrearen izenburua ere bada. Felipe Juaristik idatzia. Hitzaurrea, liburuaren iruzkin modura hartu dezakegu. Hitzaurreak taxuzko zerbait erantsi ezinean laga nau. Berau irakurrita, haren “imitazio kaskarra” egiteko arriskuan ikusi dut nire burua.

Aforismoaren definizio baten xerka aritu naiz ondoren. Aforismoa ezkortasunetik baikortasunera eramaten gaituen espresio filosofikoa da. Apika. Ez baita beti osotoro horrela. Aforismoa kontraesana da, bizitza kontraesana den gisan. Aforismoa pentsamendu-gezi bat da eta gure gogoa/itua jo behar du. Ezin du hitz-joko soila izan horregatik. Gogoa jotzen duen adierazpidea da, gogoan sakon iltzatzen dena. Gogoan jotzen du, baina gogoa zauritu beharrean, gogoa biziagotu behar digu. Pentsamendu laburra izanagatik sakona da, gogoan luzaz dirauena.

Aforismoa —haren euskal adiera aintzat hartuz gero— hitzaren erabilpen zuhurra da, zuhurra eta laburra. Liburu honek isiltzera gonbidatu nau, Goikoetxearen Balio erantziak isiltasunera eraman/ekarri nau. Liburua irakurri dudan bakoitzean “isil zaitez” erran diot nire buruari. Hainbat bider irakurria dut eta. Osorik. Atalka. Aleka. Ale bakar bat aski izan zait gogoa erantzi ahal izateko, baita nire pentsamendua —pentsamendu biluzia— minimoetatik maximoetara ekartzeko ere.

Balio erantzia liburuak izugarri bete nau. Gogoa bete ahala hustu naiz. Hainbesteraino hustu ezen eta hitzik gabe geratu bainaiz. Pentsamenduaren zuloan aritu naiz luzaz. Denbora joan da. Gaur arte ezin ahal izan dut nire pentsamenduaren balio erantziari deusik erantsi. Egungo pentsamendu gabetuaren balio erantzirik ote da aforismoa? Baietz erranen nuke.

Balio erantziari taxuzko deus ezin erantsirik iritsi naiz iruzkin honetara. Nire gogo zulotik ari nauzu. Zuhur-hitza gogoaren mintza delakoan nago. Mintzo zuhur-laburra (**). Isiltasunak aforismoak elikatzen omen ditu. Isil nadin bada. Irakurri ezazu liburua, literatura zale lagun hori. Gogoa elikatuko duzu, baita zure pentsamendua goratu ere.

Post Scriptum:

(*) Aforismoa edo zuhur-hitza balio literarioa duen esaldi edo esaera gogoangarria izatea nahi nuke. Esaeraren mezua garrantzitsua eta interesgarria baita.

(**) Egiari zor: “Adimena prest, entzumena zoli, mintzoa zuhur” jardun nahian zabaldu nuen Begizolia izeneko blog hau. Nahi bezain zuhurra izan ezinean, “adimena prest, entzumena zoli, mintzoa labur” izaten menturatzen naiz gaur egun. Haatik, Begizolia izengoitiko hau, gaur gaurkoz, “ez da zuhurra ez laburra ere”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak