« Mugako kontuak mugan | Hilko gara, hutsa sikiera mina saihestuko bagenu! »
Gari eta goroldiozko / Anari Alberdi Santesteban / Susa, 2022
Paisaian mamitutako ihesa Asier Urkiza / Berria, 2022-12-11
Musikagintzan ibilbide oparoa egindako Anari Alberdiren lehenengo literatur lana da Gari eta goroldiozko. Eleberritzat har dezakegun narrazio zatikatua da. Izenburuak iradokitako bi paisaiekiko lotura estuan egindako bidaia da liburuaren ardatza, lehenengo pertsonan kontatua. Ekaitz arratsalde baten peko hiriko zinema ataritik garizko herrirainoko ibilaldia dakar autoreak, kanpoko paisaiari bezainbat barrukoari so egiten dion begiradaz.
Emakumezko protagonista baten ibilaldia dakusagu orriotan. Oinez, hirian barrenakoa lehenbizi; errepidez, familiaren herrirainokoa gero. Protagonista eta paisaiaren arteko harremanek garrantzi berezia hartzen dute liburuan; ikusi, entzun eta usaintzen dituenen lekuko egiten du irakurlea. Narrazio hasieran inguru urbanoa da nagusi, bere estanpa post guztiekin, non bizimodu gris eta alienatuak ernatzen diren. Paisaiari buruzko iruzkinak protagonistaren barne-gogo zein gizartearen gaineko juzgu eta iritziak azaleratzeko darabiltza autoreak, psikogeografia gisako bat antzeratuz. Tarteka oroimen txatalak sumatzen dira han eta hemen, paisaiarekin nahasian, edozein arrastok gogoratzeko beta ematen duela. Emakume izengabeak une batean aitortu legez: “Paisaia eta memoria elkarrekin korapilatzen zitzaizkidan”. Hori horrela, denboran atzera-aurrerako jauziak arintasun handiz egiten dira, paisaiarekiko harmonian bezala. Maitalearen ile kizkurra batzuetan, amarekiko akorduak besteetan. Paisaiaren irudikapen horietan, bestalde, gaitz garaikide zenbaiten isla ere ikus daiteke; ororen gainetik krisi ekologikoa, baina baita osasun mentalaren eta paisaiaren arteko harremana ere. Zer esanik ez, paisaiaren baitako elementuak lehengai dituzten metaforak ugariak dira testuan.
Eleberria aberatsa da irudien sorkuntzan. Horietako batzuk indartsuak eta iradokigarriak dira. Hiztegi intimo eta unibertsalaren arteko uztarketa hori da alderdi interesgarrienetako bat. Bere lausotasuna zehazteko, anabasa horri tamaina hartzeko inguruan euste-puntu bila dabil protagonista, eta hala doa materiaren esangura zukutuz. Irudi ederrenetako bat amaiera aldekoa da, trastez betetako ganbararena. Lan-tresnen inbentarioa eta hustutako ganbararen argazkia. Objektuen dialektika bat marrazten da orrialde gutxitan. Gainera, liburuaren egiturak irudion indarrari eta idazketa modu mamitsuari on egiten diolakoan nago, betekadaz libratzen baitu irakurlea. Noiz edo noiz, baina, gehiegizkoa suerta daiteke metafora eta konparazioen erabilera. Indarge ageri dira irudiok horrelakoetan. Esaterako, irakurlea sinesgogor ager daiteke kafe hurrupa baten aurrean protagonistak “Ameriketako konkista” gogora ekartzean, edota autobuseko pasartea bidaiariei buruzko iruzkin soziologikoz betetzean. Metaforarako gehiegizko joera horrek zein pasarte batzuetan antzematen den gain-adjektibazioak idazkeraren zorrotza kamusten dute. Halere, original eta iradokitzailea da Anari Alberdiren lehenbiziko literatur lana, gizaki baten ihesa sustraietarantz, paisaian mamitua.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez