« Paisaian mamitutako ihesa | Hiru(ki) »
Mina hartzeko ere / Juan Luis Zabala / Susa, 2022
Hilko gara, hutsa sikiera mina saihestuko bagenu! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-12-15
Baga
Ez alferrik, egilearena da poesia liburu honen azaleko irudia: Mina hartzeko ere. Nerabezaroaren lekuko, iragan mundu baten irudia. Gure hiri nagusietan, Donostian kasu, noriarik ez zegoen “garaiko noria” da azalean dagoena. Noria haren barneko hari potoloek mugiezina egiten zuten mundua. Halaz ere, nerabe haien barne gogoak munduaren nora eder-minez seinalatzen zuten, munduaren norantzan eragiten zuten. Poeta bilakatutako nerabeetako bat irudian bide dago. Irudiaren auran antzeman dezakegu nerabe haien etorkizuna.
Biga
Idazle guztiak ez dira poetak. Poeta guztiak idazleak dira baina. Badira poesia —poesia generoaz ari naiz estricto sensu— idatzi barik, poeta direnak; idazle izan edo izan gabe. Mina hartzeko ere liburuaren idazlea, poeta eta idazlea da, idazlea eta poeta (a*) . Generoak genero, poema hauetan saioa, ipuina edo narrazioa kausitu ditzakegu. Azaleko irudiaren ilun-argia kausitu dezakegu Juan Luis Zabalaren poemetan. Alabaina, poemetako hitzen “lokuzioa”k (b*) egiten du poesia.
Higa
Liburu honen izenburuaren harian, Mina hartzeko ere, hainbat poemaren hitzen “lokuzioa” ezin “asmatuz” jardun dut. Egiari zor, poema gutxi batzuetan baino ez dut hori hauteman. Apika, jite horrek adierazten du poema liburu honen aiurria. Hots, zenbait poematan “hitzen baturak ez du osotoro adierazten” nire entendimentuak konpreni dezakeena. Hutsa sikiera, gabezia horrek nire entendimentu mugatua erakutsiko balu. “Banintz eta banu!” ni ere bai.
Laga
Juan Luis Zabalak bizitzaren hiru heren bete du munduon. Poeta ororen legez egia bilatzen jardun du orain arte —idatzi barik, egia edo erreala bilatzen duena ERE poeta da, arestian erran bezala—, eta bizitzeko duen laugarren herenean hala segitzen du, egiaren xerka betiere. Egia —minaren nahiz pozaren adierazle— hitzen bitartez adierazi izaten du poetak. Alabaina, “egia bilatzen duenak hautsa baino apalagoa izan behar du”, dio erranairuak. Ez da nirea. Idazle honen jite apalak —hitzen apaltasunak— eramaten du poeta goiti aldera, etsipenetik ongurara. Zer besterik bilatzen du poetak? Bada, onginahia. Poesia etsimenduaren eta kontsolamenduaren arteko “bala” bat da. Aire-bala bat! Gari-bala bat! Ele-bala bat, hitzen bidezko poetarenean.
Boga
Zabalaren poemak jauzi txikiak dira, gogo hutsek nahiz gogo hutsez sortuak. Gogotik ari da. Gogotik bizi. Egiten duen oro gogotik egiten du. Alabaina, gogotik bizitzea zer den ezagutzeko segitzen du gogoetatzen. Gogoan ditu txikitako bizipenek laga dizkioten urratuak, bizitzaren bideetan emandako pausoak —okerrak nahiz zuzenak—, joan diren gogokideen/adiskideen esapideak —amarenak besteak beste— eta, oroz gain, poeta denez gero, gaztetan ezagutu eta bide bazterrean geratu zaion hizkuntza-lokuzioen ardura gorde du. Bizitzaren azken hereneko argi-beltzean sartu da eta argibideak bilatzen segitzen du.
Sega
Gogoa ez da gure baitakoa betiko. Haurtzaroan den-dena oso urrun zegoen —seinalatzen digu poetak—, orain dena dago gertu, beldurgarri gertu. Noria haren itzulia/zirkulua osatzeko zorian bizi da poeta. Bere existentziaz ari zaigu Zabala poeta apala. Munduaren zabalean tamainan egokitu beharrean. Eskuzabala da haatik. Haurtzaroko hitzezko habia txiki batean kabitzen zen eta egungo munduaren tamainaren araberako habia egiten segitzen du. Jaiotza hurbil izaki, heriotza urrun zeukan orduan. Jaiotza urrun dauka eta herio sumatzen hasia da. “Hilko gara, hutsa sikiera mina ere saihestuko bagenu!”. Erranairu hori nirea da. Poetak iradokia. “Bagina” eta “bagenu”.
Zai
“Bagina” eta “bagenu” erranez bizi gara, aieruka. Aieruzko ganora auzoan bizi ere. Gure burua engainatzen dugu, engaiatzen garen ahala. Tirriki-tarraka bizi gara. Gure hartu-emanetan dena erdi banatu dezakegun ustetan, heriotza erdibanatu ezin dela ikasten dugun bitartean. Gaztetako suharra ahitzen doan heinean, gure iritziak ezinduak jaiotzen direnez jabetzen gara. Hiltzeko sortu gintuztela onartu ezinean, iritzi ezinezkoak sortzen moldatzen egokitzen bizitzen gara. Izendegiak Ezindegiak direnez jabetu gabe bizi gara hil artean. Horixe paradoxa. Horixe Zabalaren iritzi zabal xumea, horixe poesia.
Zoi
Mina hartzeko ere ekarri digu letren mundura poetak. Lokatz-minak eta eder-minak osatzen dute bizitza. Munduaren basatza zabala da. Zabala lokatza da, eta halaxe izan nahi ere. Bere hainbat poema akzio eta erreakzioaren emaria dira. Bizi biziz minez bizi da. Zabalaren poesian gauzen xumetasuna eriden dezakegu, “edozer gauza”-n baita edertasuna. Gauza hori, adibide baterako; sukaldeko eskutrapua dugu.
Poesia hitzen neurria egokitzea da. Poeta munduaren distantzien neurria ikasten bizi da. Neurri batean koitadua da. Poesian bizitzea koitaduria-n bizitzea da nolabait. Mingarria da bizitzea. Beldurra diogu beldurra bizitzeari. Beldurrik gabe bizitzea ezinezkoa da, ordea. Bizi-bizi bizitzea beldurrak uxatzeko modua da alabaina. Horixe berretsi dit Zabala poeta apal neurritsuak/patxadatsuak.
Bele
Azaleko irudiaren ilun-argia nola, halatsu poemok ere. Hitzek egiten dute poesia, baita Mina hartzeko ere, baita ezin adieraziek liburu hau egin ere. Amaren “Ito behar barrez” erranairua ezin du semeak esan, horregatik edo, ekarri du paperera. Erranairua hilik dago, bere ama dagoen lez. “Beste zer esanik ez dela” ama esatean baietsi nahi du berak, ume xume poeta dagoeneko helduak. Bizitzaren laugarren herenera behin arribatu ostean, “ezeren okerrik ez dela” etxe atarian antzeman(en) dugu etorkizuna, “etxe atarian aulkia” esatean berretsiz.
Iraganeko hitzak —astiro berba, kasu— kausitu ditugu etorri den orainean. Titare bat urtean itotzen den legez ito egiten da hitzetan poeta ere. Iluna eta argia artean nabigatzen du, beroaren eta hotzaren artean jitoan eta itolarrian. Ez omen du bat buena egiten poemen hozberoa egokitu nahiz. “Lasai bizi nahiz, urdurian bizi naiz”. Erranairua berea da eta nirea egiten dut, alajaina.
Arma Tiro Pum!
“Poesia etorkizunez kargaturiko arma bat da” dio erranairuak. Ez da nirea, bistan da. Bizitzaren laugarren herenera arribatuta, Zabalaren poesia artefaktu lehergarria gisa sumatu dezakegu. Bere poesiak lokatza zabaltzen du, eder-minez zabaldu ere. Poesia-arma hori lasai bizi nahi du, ordea. Tamainan. Eskuzabala baita eta bizitza “dardara-bala” bat. Mina hartzeko ere heldu ginen/gara mundura. Etorkizunean kukututa jaio ziren poema hauetan arakatzeak ez digu dardarizoa eragin behar ordea, hiltzeak ez gaitu beldurtu behar. Baldin eta edozer gauza ederra dela hautematen badugu, hiltzea ez da ezer, bizitza bera ezer ez den legez. Poesia edozein gauzatan aurkitzen dugunean bizi-bizia da bizitza. Bizitzaren aldian aldiko/unean uneko 58 poema xume hauek bizi-eztanda apalak dira, Mina hartzeko ere!
Post-scriptum
(a*) Lurrari lotutako poeta dugu Zabala, baita asfaltoari lotuta ere. Ibili-ibili eginda, egin da poeta. Ziklista izatera arribatu ezinean, ziklista izaten jolastera iritsi da. Txirrindulari izateko bidean nola, aproposko poeta izateko jolasean aritzen da. Aldian olgetan aldian benetan. Apropos ari den poeta aproposa dugu Zabala.
(b*) “Lokuzioek ez dute historia lineal bat, ez logika bat, ez psikologia bat ere gordetzen muinean; gehiegitan dira hizkuntzaren kasualitate posibilitateaz, bihurkeriaz eta motelkeriaz ere baliatzen diren hizkera moldeak”. Erranairua ez da nirea.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres