kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Berriz zentauro / Katixa Agirre / Elkar, 2022

Zentauro bat hegan Ibon Egaña / Deia, 2022-11-26

Uste dut Fermin Etxegoieni Twitterren irakurri niola Katixa Agirreren Amek ez dute iruditzen zitzaiola euskarazko lehen nobela erabat “homologagarria”, hemendik kanpo ere irakurleak trabarik gabe asetzeko modukoa. Neurri batean Etxegoienen hitz haiek ibili ditut buruan idazlearen nobela berria, Berriz zentauro, irakurtzean, eta baita beste ideia hau ere: arin, zama askotatik libre idatzitako liburu bat dela hau, euskal narratiban ohikoak diren parametro eta hertsadura batzuei ihes egiten diena eta hegaldatu egiten dena.

Errealismoaren mugetatik haratago kokatzeak ematen dio, ziur aski, fikzioarekin beste modu batera jolasteko abiapuntua nobelari, azken urteetan inguruko literaturetan indarra hartu duen zientzia fikzio feministaren joeretatik hurbilago euskal nobelagintzako joera nagusietatik baino. Fikzio espekulatibo hau Parisen kokatzen da, XXI. mendearen erdialdean, eta Paularen istorioa du erdigunean, zeinak Mary Wollstonecraften biografia ikertzen baitihardu ondoren proiektu pedagogiko birtualak sortzeko. Aipatzen dira zeharbidez mendearen lehen erdian izandako hondamendi klimatikoak edo ia erabat desagertu den turismo fisikoa; aitzitik, eleberria ez da distopia bat, ezta utopia bat ere. Aurrerapen teknologikoek errealitatearen eta errealitate birtualaren arteko mugak lausotu diren garaia imajinatzen du eleberrian Agirrek, non eskularruek, betaurrekoek edo neoprenoek errealitate areagoturako, birtualerako edo hedaturako sarbidea ematen duten. Durduzagarria eta era berean sinesgarria da eleberrian sortzen den geruzen arteko continuum hori, nobelagileak espazio eta objektu zehatzen bidez ikusarazten diguna.

Noski, aurrerakuntza teknologikoak irudikatzeak ez du interes gehiegirik ez bada gatazka moraletan eta giza jendearen portaeretan sakontzeko, eta halaxe egiten du Berriz zentaurok. Agirreren nobelek izan ohi dute sakontasunaren eta arintasunaren arteko oreka partikular bat, eta nago hemen ere narratiba azkarra eta fikzio espekulatiboa sakoneko gai horietara hurbiltzeko bitartekoa direla. Nobelatik gehien interesatu zaidana da protagonistak, neoprenozko jantzi baten laguntzaz eratzen duen avatarra tarteko dela, generoaren eta sexualitatearen inguruan, femeninotasun eta maskulinotasunaren arteko mugetan egiten duen esplorazioa, narratiboki bikain eraikia, edo baita, aurrerapen teknologikoek aitatasuna edo amatasuna esperimentatzeko ekarritako bide berrien inguruko hausnarketa ere. Aske dabil nobelagilearen eskua, orobat, gatazkei ez ezik desirari, sexualitateari eta plazerari ere tokia egiteko, erruduntasunetik baino esploraziotik hurbilago dagoen ikuspuntu batetik.

Behin irakurlea mundu balizko horretan barneratzea lortzen duenean eta korapiloak (bikote-gatazka, genero-gatazka, etab.) irakurleari begien parean jartzen dizkionean jotzen du goia nobelak, irakurle honen gusturako, liburuaren erdialdera. Gutxiago asebete nau eleberriak hortik aurrera hartzen duen bideak, beharbada espektatibak goian jarri izanagatik, kontakizuna interesez eta arin irakurtzen den arren. Wollstonecraften biografia eta presentzia artegagarria egiten dira hasieratik, eta nobelari beste dimentsio bat ematen badio ere, ez nau beti ase hari nagusiaren eta feminista aitzindariaren biografiaren arteko uztarketak. Hala ere gustatu zait zama askotatik arinduta hegaldatzen den nobela bat irakurtzearen sentsazioa, azpi-istorioekin batera ateak ezker-eskuin zabalduz doan narrazio baten hariari segika pasatzea orriak.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak