kritiken hemeroteka

8.411 kritika

« | »

Hezurreko kaiolak / Hasier Larretxea / Amaiur Gaztelu Elkartea, 2022

Poesia mirari suertea delarik Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-10-28

Erranen nuke…

…Hezurreko kaiolak / Amaiurtik konstelazioak liburua determinismo (*) suerte bateko emaria dela. Hots, Hasier Larretxeak ez du/zuen euskaldun edota homosexual izaterik aukeratu. Erran nahi baita, dena —eta ez dena— kausa baten ondorioa da. Pertsonok ez dugu sortzez garena erabakitzen. Ez dago erabakimen askerik. Liburura etorrita: hezurrezko kaiolak gu gara, gizakiok. Gu gara gure baitan daramagun txoria gatibu atxikitzen duguna.

Unibertsoa izar-multzoz osatuta dago. Ikusten duguna ez da dena. Dena ez baita ikusten dugun guztia. Alabaina, konstelazioak —izar-multzoak— berdin ikusten dira Amaiurtik zein Madrildik. Konstelazioak berberak dira. Poeta, komunzki, materialismoaz harago joan ohi da bere zereginean. Bueno, Hasier Larretxea harantzago joan dela begitandu zait.

Erran nezake…

…Poeta honen herritartasuna —izate “politikorik gabeko” herritasuna erranen nuke orain ere— egurrean iltzatutako larrua dela. Artean hiritartasuna eskuratu gabe —euskaldun guztion gisara—, herritasuna esku ahurretan darama itsatsirik. Lur arrastoetan hazia denak heziera suerte hori darama betiko. Iragana ezabaezina zaio. Poeta honek iraganaren arrastoak “nola” garbitu galdetzen dituenean, “ezkutalekuak iraultzen” hartu diot arrapostutzat, eta “zertarako” “piztiei errotik begiak ateratzeko”. Erran nezake poetak ez duela galdetzen. Ikurrik gabeko itaunak ote diren nago. Funtsean: ezkutalekuak hezurrezko kaiolak dira (liburu eder honen kontrazalean duzu kaiolaren irudia) eta gu geu gara kaiolan daramagun piztia.

…Poetaren ildoan: “Esku hauekin existitzen ez dena nahiko genuke ukitu”. Dena eta ez dena baikara. “Laztantzen ikasten duten eskuek” sortzez determinatuta dagoena libreago egin dezakete. “Eta paisaia hautsitako ereserkien arrastoa baino ez bada?”, entzungor egin diezaiogun himno horri. “Desagertutako herrialdeen mapamundien josturez” eginak garenez, ahanzturan amildu garenez, esku ematea, laztantzea edota paisaiak behatzea ahantzi dugu. Hezurrezko kaioletan bizitzen jarraitzen dugu. “Bilatzen dugunak egiten gaitu, ukatzen gaituenak ukatzen dugunaren neurrira”. Horra gure gabeziaren lekukotasuna. “Galerei irabazitakoei esker bizi gara”. “Arrotzak egin gintuen” eta desirak egiten gaitu. “Tribuaren traizioan galdu genuen”… Izanez ere, tribuak traditzen gaitu, tradizioak traditzen gaituen nola. “Uzkurtasuna zen gure bandera bakarra” eta uzkurtasuna —ahalketasuna eta koldarkeria— da gaur egungo gure ikurra. “Zuhaitza ikusteak ez dakar basoa bere baitan”, alabaina, poetak miraz elikatzen du bere burua eta “zu eta nire arteko distantzia”, hots, bera eta hurkoaren artean, “ez du inoiz elkarrekin promesen zeruan marraztutako memoriaren konstelazioen dirdira itzaliko!”. Horiek erranen nituzke, bertzeak bertze, poeta honen ildoan.

Erran dezaket…

…Kaiolek beraien zuloetan jarraitzen ote duten. Ikurrik gabeko itauna duzu, nirea. Arratsaldean hegan egiten duten txoriei galde egin diet. Honatx erantzuna: bizitzan emaniko urratsen arrastoetan marrazten ditugu memoriaren konstelazioak. Minak izaki gure benetako adierazpenak. Ukapenak —sexuaren aukerarena, kasu— biziraupena sustatu zigun. “Gorputz bat nonbaitetik heltzerik bada ez da inoiz hilko”. “Desegin gintuenak egin gintuen”. Erran nahi baita, etsaiak ERE egiten gaitu. “…eraiki nahi ziguten kaiola” hobi izatea nahi dute. Haatik, “ez dago zaurituko gaituen gezirik, menderatuko gaituen pozoirik”. Isilik nahi zituzten/gintuzten, ezkutuan, gose. Baina, “gorputzek debekuak zizelkatutako itzalen formak hartzen dituzte” eta “ezpain hezeak isilarazitako itun sekretuan abailtzen dira”. Baiki, “haragia haragi da munduaren kaosaren erreinu denez geroztik”. Eiki!

Erraten dut…

…Azken suaren kedarra ez dela artean amatatu. Poetaren ildoan sua eternoa baita. Ezkutalekuak ameslariendako dira. Alta, ezkutalekuak kaiola bihurtzen badira, ezkutalekuak hobiak bilakatzen dira. Argia da suaren kedarra. Argiak baina ez du dena argitzen, argiak ez du ezagutza bermatzen. Horregatik edo, bizitzea begiradak bidez bide fokatzen aritzea da. Bizitza argipenen ezagutza da.

“Memoriaren goroldia denbora da”. Eta metafora hori poetaren hizkuntzaren lora-aldia. Hasier Larretxeak —euskalduna, homosexuala eta poetak— aspaldi abandonatu zituen ezkutalekuak, aspaldi uxatu zituen herraren harian trabatutako ametsak. Hilotz guztiak haizearen iragarpen aldakorrak direlako. Haizeak astintzen dituen lorratzetan loratzen baitira pertsonak, loratzen baitira poetak. Poeta bidearen lorratzetan handi egin da, itzalekin jostatzea amesten du alajaina. Idaztea lurra goldatzeko suerte bat da beretzat, lurra iraultzean berezko otoitza sortzen baitu —hor nonbait— bere baitan.

Argitasunik argitasun, errealitateak zabaltzen dizkion itzaletan galduta dagoenean, etxera itzultzeko modua bilatzen du aldez edo moldez. “Nola oroitarazi absentzia” —galdetzen digu baztandarrak— bizitza galeren meta bilakatzen denean? Partikulak garela diosku, konstelazioetatik jausitakoak. Energia, kalipua eta indarra gara, biziraupena gara. Paisaiak egiten omen gaitu. Amatxi eta aitatxiren eskuek sostengatzen dute haren paisaia. Madrildik behatzen duen Amaiur ingurumariko paisaia.

Erranen dut…

…Argiaren konstelazioak, gorpuen memoria nola, konstelazio infinituez osatuta dagoela. Denok zamatzen dugu argiren bat. Konstelazioaren adarrak —izar-multzoak— haizeak makurtutako ferekak dituzu. Konstelazioen ukapena iraganeko zaurien maindire tarratatua da. Bizitzan ukatutako guztia —dena eta ez dena— gara. Konstelazioaren hautsetik sortu ginen eta hautsa izanen gara. Gure oroimena(k) bizitzaren hutsunek/absentziek irekitako orbaina(k) d(ir)a. Eta poeta honen kasuan, Baztan, Amaiur, Arraioz, sorterria hots, absentziek txikitutako atzerako ispilua da. Bere bizitzaren erretrobisorea miraila da. Miraila miraria ERE bada, poesia mirari suertea delarik. Bestela erranik ere, poesia mirari suerte bat baita.

Post erranak

Liburu eder honen kontrazalean duzu kaiolaren irudia. J.A. Perotxenaren grazia dauka, Malmö goitizenekorenak. Lurra, ura, zura, harria eta ortzia… estekatu ditu/dizkigu Amaiurtik. Konstelazioei begira jarri gaitu. Hezurrezko kaioletan gatibu daramagun bihotza hauspotzen lagundu digu.

(*) Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea ukatuz.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak