kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Antzinako berri-berriak / Kae Tempest (Itziar Diez de Ultzurrun) / Igela, 2022

Auzotarren epika Irati Majuelo / Berria, 2022-10-23

Badira noizean behin, hamarkada bakoitzeko, garai aldaketa bakoitzeko, jokoaren arauak era berezian ulertu eta jokoa bera gainditzen, gainjartzen, gainezkatzen dutenak, hitzak berekin dituen jolasa eta boterea, indarra eta ahala baliatzen dakitenak tradizio literarioa beste koska batetara eramateko. Artista horietariko bat da Kae Tempest, zalantzarik gabe, ez da orain arte egindako ibilbidea ikustea besterik. Besteak beste, Ted Hughes, New Yorkeko poesia saria, jaso zuen Antzinako berri-berriak liburuarekin, eta orain gure eskuetara dakar Igela argitaletxeak Itziar Diez de Ultzurrunek ondutako edizio elebidunean.

Epopeia forma hartzen du Tempesten lanak honakoan: poema epiko luze bakarra da, heroi eta jainko-jainkosen ekintza gogoangarriak goraipatzen dituena. Are, baditu epika klasikoaren beste zenbait ezaugarri: in media res hasiera, sarreran gaiaren aurkezpena, epitetoak eta errepikapenak, inframundura jaitsiera, besteak beste. Kontua da, gaur-gaurko jainko eta jainkosez ari dela, XXI. mendeko Londresko auzoei buruz, kontua da musatzat gaituen entzule horiek, irakurle horiek ari dela inbokatzen Tempest, gure inguru hurbileko heroi modernoak suma ditzagun.

Eguneroko ekintza xumeetan ari diren herritarrengan ikusten ditu ekintza jainkotiarrak idazleak, senarraren desleialtasuna jasaten duen emakumearen egonarrian, aitaren maitasunik eza lagun-minarenean aurkitzen duen gaztearengan, komikigile izan nahi duen gaztearen anbizioan, beldurrari adorez erantzuten dion neskaren begietan. Azken finean, halakoak ziren ere Grezia klasikoko jainko-jainkosak, lurtarrak, inperfektuak, hala gidatzen zituen gure antzera amorruak, desengainuak, samurtasunak. Igar daiteke idazleak pisu handia jartzen duela maitasunaren funtzio osatzailean, zenbaitetan idealizatuegia akaso, epikaren logikak desmuntatzen dituen lan honetan. Hala ere, harreman akastunak dira azaleratzen dituen guztiak, errealak, eta egia da maitasunak forma desberdinak hartzen dituela horietan. Epopeia moderno bat, beraz, maitaleei, damutuei, kinkiei, kamarerei; gorazarre eder bat auzotarrei, horixe da Antzinako berri-berriak.

“Poema hau entzun ahala idatzi nuen”, esan zuen Tempestek, eta hala nabari da erritmoan, errimetan, isiluneetan, spoken word-ean ohiko denez, oholtza gainean performatzeko idatzia baita poema hau. Erritmoa, bereziki, Londreseko taberna zuloetako inframundura jaitsi ahala biziagotzen dena liburuko klimax dramatikoarekin batera, zoragarria da. Itzulpenak ere ongi jasotzen du kadentzia oro har, eta esango nuke une gorenera heltzen dela aipaturiko pasartean, errima ere era nabarmenagoan baliatzen duenean. Pena da akaso gainerakoan errimak izan dezakeen indarra apur bat galtzea euskarazko bertsioan, baina konplexua da oso horrelako itzulpen batean une oro fidel mantentzea edukiari, formari, erritmoari, errimari. Esan gabe doa, lan handia egin duela Diez de Ultzurrunek.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak