« Gizatasuna hizpide | Landuraren ehundura »
Landura / Jose Luis Otamendi / Susa, 2022
Poesia gaitz bat balitz Hasier Rekondo / Deia, 2022-10-08
“… atzeraka leitzen ikasi nahi dut / eta poesia benetan / gaitz autoinmunea bada / jabe izateari utzi”. Horrela mintzo da poeta, Ikusezin bihurtu deritzon poeman. Jose Luis Otamendiren (Azpeitia, 1959) azken lanak badu bizitzaren ibilbideak laga arrastoak atzeraka leitzen ikasteko prozesu barnerakoi batetik. 87 poema hauetan, askotariko gaiak jorratzen ditu azpeitiarrak, gaien artean alderrai betiere, bere poesia-ibilbidean landu betiko gaietara bueltatuz etengabe, pandemia fisiko eta existentzialak gorabehera.
Haren azken poesia-liburu honek badu, halaber, zenbait borroka galdu, eta ez antzuren, aztarnen testigantzatik: sistema ekonomiko eta sozial bidegabeak, kapitalismoa zein post-kapitalismoa esan nahi baita, ondorioztatzen dituen eragin latzen testigu intimista bilakatuko da poeta. Gure gizartean sustraitu ustezko bakea, edo ongizatea, ez da dirudiena. … bake iheskorraren landurak suntsitu egin gaitu.. Udazkena poemaren lerro hori dateke suntsipenaren testigantza.
Nik neuk iruzkindu Otamendiren Kapital publikoa (Susa, 2014) liburuan aipatu nuen azpeitiarra barne erritmo berezi baten jabe dela poemak ehuntzerakoan, halere, ez da erraza erritmo berezi hori azaltzea, kasik ikusezina baita. Nago oraingo honetan erritmo horrek bere poesiaren gorena jotzera eraman duela poeta, bai poema argienetan zein hermetikoenetan. Bizitzaren zein ibilbidean lortu umotasun bati esker, berezko talentua ez baita ezbaian inoiz izan, poesiagintzaren tekla preziatuenak jotzeko gai izan da, lexiko propio eta konplexua lagun duela. Otamendiren lanaren funtsa hizkuntza poetiko propio baten eraikuntza irmoan datza.
Poema deskriptiboetan, esaterako, aipatutakoaren nondik norakoak aurki ditzakegu. Gauzetan gogoangarria dugu adibiderik gardenena. “…maitagarri zaizkit leihoan / barraskiloek zapuztutako oskolak, / belarri ondora ekarrita / ozeanoaren dolu-arnasaz batera / zure bihotzaren zortziko hautsia / entzuten dudanean…”. Ez dago hizkuntza poetikoan gauzek eragin erakarmena, eta begiralearen zein gauzen arteko batasuna hobeto adierazterik, poetaren ahots intimoaz gaindi, inguruko gauzek eta naturak duten indar kasik metafisikoa baita protagonista.
Udazken hasi berri honetan, Otamendiren liburuarekin gozatu izanak pribilegiatu bilakatu nau. Badakit jakin, hor kanpoan bidegabekeriak jarraituko duela, alta bada, Otamendik dioen legez, “maiz historiaren alde onean / zer dela eta erori garen / azaldu nahirik erotu izan naiz / baina gero hitz abegikorrei / edo luzatu zaidan eskuari zer esan / ez dakidala geratuko naiz,…”, baina molde zein oinarri honetako poesiarekin bat egitea terapeutiko, badakit zenbaitentzat tabu dela hitz hori, izan da enetzat. Daitort. Errudun nauzue.
“Andik sartu zan biotz aretan / eriotzaren landura”. Nemesio Etxaniz azkoitiarraren Lur berri bila (1967) liburuko lerroa aipatzen du Orotariko Euskal Hiztegiak landura terminoa definitzeko. Apika, Otamendiren liburuan agertu euri fin hori bizitzaren metafora ondo ekarri bat izan liteke, zer da bizitzea bustitzea ez bada? Baina esango nuke, harago jo nahi izan duela: euri fin edo landura hori bizitza bera da. Eta, edertasun erritmikoa denbora da, eta denbora ura, Joseph Brodsky-k dixit.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez