kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Gezurra berdaderoa / Bertol Arrieta / Elkar, 2021

Beroa eta literatura Pako Aristi / Deia, 2022-07-02

Eztabaida interesgarria izan genuen Azpeitiko liburutegiak antolatzen duen literatur solasaldien uda aurreko saioan. Hala bideratua ez bazegoen ere, irakurritako liburuak eman zigun parada: Gezurra berdaderoa, Bertol Arrieta Kortajarena Zarauzko idazlearenak.

Laudorio eta oniritzi guztiak jaso zituen liburuak parte-hartzaileen aldetik, neu barne: asko gustatu zaigu, liburu freskoa da, ezberdina, umoretsua, estilo kolokial bizi batez idatzia, inoiz moteltzen ez dena, irakurketan aurrera eta jakin-mina are gehiago isiotzen duena, gizajo baten biografia ederki nobelatua osatuz. Parodiatik asko du, eta lortzen du irakurleak 44 urteko gizon aldrebes samarra begi onez ere ikustea, batez ere bere buruari etengabe barre egiten diolako, euskaldun prototipoaren ezaugarri guztiak baditu ere: sexu bila dabil beti, ez daki dantzatzen, ateratzen den aldiro mozkortzen da, ama ezin du gainetik kendu, ez du arteaz edo jazzaz piperrik ulertzen…

Osagai horiekin ez zen erraza azalkeria antropologiko bat idaztetik libratzea, baina ongi garaitu du Arrietak erronka, erraz irakurtzen den testu bat sortuz, mamia ere badaukana, gaur eguneko bizitza estandar batekin konektatzen duena, argumentu estrabagante baten azpian sexuari eta amodioari buruzko gogoeta interesgarriak txertatuz. Sexu asko dago, gainera! Bazen garaia euskal nobela batean, esan zuen batek. Hori esan beharrak erakusten du euskal literaturak maiz nola ihes egiten dion errealitateari, orainari, tesi psikologiko edo soziologikoetan murgiltzeko, errua edo damua bezalako kontzeptu astun eta sakon-itxurakoetan galtzeko, transzenditu nahiaren atzetik korrika, orainari erantzutea gutxi balitz bezala, ezdeus eta arin. Hori izan baitzen hitza, eztabaidaren sorburu: Nobela arina da. Eta?

Txarra al da, berez? Ez da aintzat hartzekoa? Kasu guztietan eta munduko hizkuntza guztietan horrela pentsatzen da? Beti egon da gaia pil-pilean, eta ez da inoiz agortuko. Literatura jasoa, edo herrikoia; opera edo kantuak; eliteen kultura edo pop art; umorearen alde eta kontra, Umberto Ecoren Arrosaren izena ospetsuan bezala.

Nobela arin irakurtzeko idatzia dago, propio, eta ez da meritu txikia; esaldi guztiak bat-batean ulertzen dira, eta ez da meritu txikia, zerbait demostratu nahia sumatzen zaien hainbat idazleren ondoan; telebistako eta modako pertsonaiekin egiten ditu metaforak, eta ez da gutxi esapide hanpurusen ondoan. Udako liburu aproposa izan litekeela aipatu zuen batek; bai, eta negurako zergatik ez? Zerbait alaia, polita eta jostalaria nahi dut, zioen beste batek, ez hildako eta suizidatutakoen tragediarik gehiago! Ez etxeko sekretu astunik eta desitxuratutako familietako partaide asozialik!

Izango du eragina behe-laino bat bezala inguratzen gaituen zoritxar planetarioen sortak eragindako sentipen itogarriak ihesbidea behar duela, agian. Edo aldika ondo datorrela gehiegi ere pentsaraziko ez dizun liburu bat.

Baina nobela honek badu beste dohain bat: bizitzak baduela konponbidea sentiarazten dizu, protagonista duen koitadu/memelo hori zulotik atera bada, zuk errazago egin dezakezula sentiaraztea. Hori izugarrizko lorpena da, benetan!

A! Eta dauka euskaraz idatzi den sexu eszenarik beroena, borobilena, ongien idatziena… kontuz hondartzan edo igerilekuan bazaudete! Kontuz, benetan!

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak