« Galderak bazkatzen | Galtzerdiak bularretakotan »
Eraikuntzarako materiala / Eider Rodriguez / Susa, 2021
Izarigabea egin zait: seriez kanpoko distortsioa Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-06-23
Genero kontuez eta bertze
Eraikuntzarako materiala Eider Rodriguez idazlearen lehendabiziko nobela duzu. Bere familiak kontratistentzako —etxegileak Iparraldekoentzat— materiala hornitzen zuen almazena-denda kudeatu zuen, aita buru izaki. Nire harridurako “nobela” gisa izendatua da.
Generoen hibridazioa aspaldiko kontua da literaturarenean, areago, nobela “hil” zenetik. Batzuen ustez nobela hilik dago, aspaldian beila egin behar zitzaion, enterratu/lurperatu eta kito. Halaz ere, aldez edo moldez, bizirik segitzen du. Hala izan edo ez izan, edonola izanik ere, Eraikuntzarako materiala nobela delakoak deskolokatu nau. Berarekiko jarduera nola “zeratu” ibili naiz irakurketaren hasmentatik. Bukaeran ere ez dut hobeto jardun ahal izan. Irakurraldia deserosoa egin zait tarteka. Azal dezadan aztoramena.
Nire uste zulorako idazleak “historia” bat zeukan kontatzeko, baina ez zekien nola. Erran nahi baitut: etxeak eraikitzeko lurra zulatu beharra dagoen bezala, nork “bere etxea” eraikitzeko zuloa —bere baitakoa — bete/osatu beharra dauka ezinbestez. Erran dezadan bestera: idazleak bizitza-nobela delako hau kontatzeko izugarrizko gogoa/beharra zeukan eta ez zuen minutu bat galdu nobela/eraikin batek behar duen “armazoia” atontzen. Hau da, Eider Rodriguez idazleak inolako planorik barik, idatzi ahala eraiki du “bere” historia. Edo bere historiaren parte bat. Ni ere “inolako planorik gabe” idazten ari naiz orain, berariaz. Exageratuz. Ni ere exageratuz.
Historia/nobela al da liburua? Istorioa ote? Inolakoa dela ere, abizen bat jarri behar/nahi diot: izugarria. Are, abizen konposatua ipiniko diot: Ikaragarri-gogorra. Laborria transmititzen duen artefaktua da. Etxe-orratz baten sotoan jarriz gero, artefaktu honen eztandak —uhin-hedakorrak— zeru-goia harraskatuko zukeen hain ziur ere. Ileak laztu ez ezik, gogoa arras inarrosten dizu. Halarik ere, edo horregatik, “nobela” anbibalentea da. Protagonistaren jarrera bitasunean eraikita dago, hala haren emozioak nola jokaerak. Hitz bitan, protagonista maitasunean eta gorrotoan kulunkatzen da. Bere balioa “bitan” banatzen da. Nobela honek balio-bitasuna dauka.
Izanik ere, nor da protagonista? Narratzailea euskal literaturan berezko tokia duen liburuaren egilea al da? Fikziozkoa al da? Zein neurria da holakoa edo halakoa? Eider Rodriguezen autoerretratua al da? Nobela eraikitzeko/narra(ia)tzeko idazleak hartu duen lizentzia zinez anbibalentea da. Zinezkoa eta gezurrezkoa aldi berean.
Generoak genero, lerro edota paragrafo sorta
Eiderren idazlea banintz honela hasiko nuke narrazioa (18. orrialdean): “Nire aita mozkor bat zen”. Eta segidan argituko nuke nitasun horren baitan nor dagoen. Idazleak ez du egin. Edo egin du eta ni ez naiz jabetu. Edo egin du eta nik ez diot adierazi-manerari ameto eman. Izan liteke. Nire apeta dukezu. Nobelagileak lizentzia hori hartu du. Literatura hamaika modutan espresatzen da. Haizu ote den? Doktoreak omen ditu elizak. Literaturarenean behiala hala omen zeuden: elizak eta doktoreak… Nik ez dut kapila txikiena kudeatzen, ordea.
Hizkuntza “arazoa” da literaturarenean. Idazle onentzako ere hala izaten da, eta Eider Rodriguez idazle onenen artean dago, prefosta. Alabaina, horra paradoxa, arazoak “salbatzen” du oraingoan ere idazlea. Konparaziorako: “salbatu” ezean idazleak proportzio handia zukeen ere alkoholismoan itotzeko. Hots, Eider Rodriguezek ere aukera handia “izan lezake” bizitzan naufragatzeko.
Idazle honi lotsa eman dio aitari buruz idaztea. Bada, zinez eta benaz, nobela hau idaztean esperimentatu izan duen katarsia dela medio lotsa amiñi batez —kasuon amiñi asko da— hustu da, hustu denez. Bestera erranik: bere barruan daraman amorruaz —lehoiaren amorruaz— hustu da. Aldi berean, pare bat geruza erauzi ditu azal gainetik, hazbete errimel eta makillajea kenarazi dizkio bere buruari.
“Morala eta kontzientziari lotutako emozio bat da lotsa!”. Bai horixe! Ipuin onak idatzi ondoren edota haiek idatzi legez, urteetan bere barnean eraman duen nobela honetaz erditu da. Nobela honetaz “mozkortu” da. Urteetan bere buruari aplikatu dion zentsuraz beste egin du. Zentsuraz beste egin ala suizidatu! Horixe atarramentua! Atarramentu latza. Ezein idazlek behin eta hasteko irakurle bizia izan behar du, idazle ona eta are hobea izan aldera. Idazle hau gainera —Eider Rodriguez— hartaz, irakurtzen mozkortuz bestera “bizitzeaz bizi-bizi mozkortu da” eta bere bizitzaren baitakoaz erditu/lehertu da.
Eraikuntzarako materiala metafora da. Zinez. Nobela honen bitartez pertsona baten bizitza “eraiki” du. Birena eraiki ere bai. Bere aitarena hasteko eta ondorioz berea ere bai. Idazlearen bizitzako paisaiaren partea da. Eraikuntzarako materiala paisaia eta haren ekonomia eragilea da. Bizitzaren oinarria. Ez baita berdin eraikitzeko materiala hornitzen duen familia bateko alaba izatea —burgesa, labur zurrean— edo materiala “moldatu” behar duena hazkurria irabazteko. Hots, familia aurrera ateratzeko soldata etxeratu behar duena. Argitu aldera: alaba burgesa da, aita ez.
Idazleak istorio hau metafora gisa erabili du bere historia eraikitzeko. Edo “bere” historia istorio bihurtu ote du. Zeregin horretan bere harrokeria ere anbibalentea da. Honela erranen dut: protagonistak existitu behar du, baina desexistituz. Zoritxarreko patua duzu berea: existitu behar des-existituz.
Hitzen droga-mendetasuna pairatzen du protagonistak. Eider Rodriguezek apika, nobela hau eraiki du menpekotasun horretatik sendatzeko. Aita da ordea nobelako yonkia —bene-benetako protagonista—. Bere “gaitza” batez ere amarekin partekatzen du alabak. Sufrikarioa, ez alkoholismoa. Izebarekin ere amiñi bat. Arraterekin apenas. Ahizpa du Arrate (artean fikzioan gaude). Arrate baina, Eiderren ahizpa ere bada. Arratek, antza, ihesari eman zion aspaldi. Hori da bururatu zaidana. Nobelan urrun-urrun dago-eta. Erran dezadan berriz ere: historia bihurturiko istorio honetan.
Dena dela ere, nire gusturako, eta hau ez da nire uste zuloa, historia honetako protagonistak —idazlea bilakatzen den protagonistak/narratzaileak— exageratu egiten du, izugarri exageratu ere. Errealean bizitakoa al da Rodriguezek historia/istorio honetan narr(i)atu duena? Hala ote? Nire uste zulorako —kasuon zuloa itzela sortu zait— historia hau istorio hanpatua da.
Eskuarki bizi izaten duguna azaltzerakoan distortsionaturik kontatu izaten dugu. Adibiderako, mintzatzen garenean esamolde “makulu” hau erabili ohi dugu: “Benetan ari naiz, exageratu gabe diotsuet…”. Alabaina, juxtu alderantziz jarduten dugulakoan nago. Hots, denok exageratzen dugu “apur” bat. Kasuon ere, apur bat “asko” da. Hartara, nago Eiderrek ere asko exageratu duela. Gogoa hanpatu zaiola, “ederki” eta “lazki” hanpatu ere bai. Erran nahi baitut, protagonistak kontatzen duena sano exageratua da. Noski, nobela da.
“Aita hiltzea nahi dut berarekin hitz egin ahal izateko”, dio alabak. Psikologiaren esparruan sartu gara. Alabak aita hil behar du nor izanen bada, modu metaforikoan ulertuta noski, nobeletan legez. Amak ez du horren beharrik —diot nik—. Noski, amak ez du aita/senarra hil nahi. Baina anitzetan “hilko balitz hobe” pentsatzen du —diot nik—. Hori metafora al da? Erreala al da?
Nobela den aldetik fikziozkoa dela ulerturik, nobela honetan ama hasten da bizitzen, “jubilazioa” bizitzen hasten denean. Ana Maria delakoa, pentsu dut. Eiderren ama alegia. Protagonistak dioenez, hiltzen hitza isiltzen hitzaren baitan kabitzen da. Historia hitzaren barnean istorioa sartzen den antzera, h edota o bat gorabehera.
“Ixilikonai”. Horra hitz bat. Aitak euskaraz ezagutu eta erabiltzen omen zuen hitz bakarra. Ez da salbuespena. Haren belaunaldikoen modura, alegia. Lagin modura ekarri ere dut hitz hori. Horra hor protagonistaren eta Eiderren belaunaldikoen karakteristika bat: belaunaldi akonplejatu eta lotsatu hura beste belaunaldi konplexu batez “erditu” zen. Edo viceversa: aitarena konplexua eta alabarena akonplejatua. Nobela hau mila zatitan puskatu eta biderkatutako anphoraren ispilua da. Nobela-anfora hau aitaren bizitza kontatzen/eraikitzen puskatutako materiala da.
Deskribatutako jendarte-ezaugarrien arabera “erditu” da nobela honetaz idazlea. Eskonbro eta adreiluen eta altzairuzko gailuen artean ibili nola, ametsetan —lokamutsetan— murgildurik aritu da bere(n) “bizitzaren kontu” ematen. Bere ametsak eraikuntzarako materiala dira. Liburu hau konstruktu bat da, liburu guztiak halakoxeak diren legetxe. Areago, nobela denean.
“Gaur amak esan dit oso guapa nagoela”. Aitak ez dio/zion antza inoiz halakorik esaten. Protagonistaz ari naiz, ez Eiderrez. Gogorra gero. Hala berean, konparazionera, aitari ez zaio burutik pasatzen alabak bere buruaz beste egin dezakeenik. Ez zaio aukera hori buruan sartzen den mendrenik ere. Amari berriz, bai, amari sobera sartu ere. Lar. Misoginia izan badago gizonongan, horretatik ez gara inor guztiz libre, bistan da. Baina emakumezkoek ere, misandria apur bat pairatzen dute, ezta? Gizonon aldean amiñi bat baino ez, onar dezadan hori ere. Protagonistaren aita munstro bat da. Tira, hona nire juzgua: protagonistak “errealitatearen hiperkontzientzia” pairatzen du besteak beste.
Aita, ama eta ahizpa. Lander bikotekidea, Peru eta Mikelen aita. Izeba… Nobela izateko errealismo-dosi ikaragarriak ditu liburuak. Idazle honek errealismoaren berri eman digu jada aurreko ipuin liburuetan. Magikoak izan gabe, bereak seriez kanpoko istorioak dira inondik ere. Honako hau berriz, errealismo magikoaren karga dezente daraman nobela begitandu zait.
Eraikuntzarako materiala ez da metafora. Nobela hau, hau ere, protagonistaren bizitzaren —iraganaren?— lekukotasun beldurgarria da. Joan doan jendarte baten esponente espantagarria da. Gure Iparraldekoen adieran eta zentzuan ulertu espantagarria hori, irakurle. Protagonistaren familiaren “kultura” hiltzen ari da. Ikea da egungo gure “kultura”-ren esponente lotsagarria. Ahalkegarria!
Erran dezadan, nire aburua da eta: Eraikuntzarako materiala nobelak nihilismoaren leizera pusatu nau. Salbu nauzue, ordea. Amildegiaren ertzera iritsi naiz, baina literatura genero honen ertzean ibili naizela kontzientea naiz. Hiltzeko bidean doan nobela generoak salbatu nau. Errealitatearen kontzientziak bizi nau. Amen!
Moraleja
Nobela honetatik ikaspen hau neureganatu dut: kontatua benetakoa edo fikzioa denetz… Zalantza-balantzan nago. Duda-mudak sorrarazi dizkit. Literaturak “gezurra”-ren bitartez “erreala” eskaini dezake. Istorioa izanagatik historia balitz legez gureganatu dezakegu. Eider Rodriguezena nobela bada, kontakizuna ez da erreala. Beraz, protagonistaren kontakizuna ez da benetakoa.
Post Scriptum
Badaezpada, inozo agertu ez nadin: fikziozko nobela izan edota kontakizuna erreala izan, literatura gero eta gehiago —neurri batean— estereotipoz eta klixez osatzen den aldetik, Eraikuntzarako materiala irakurle bakoitzaren eraikigarritasun eta sentsibilitatearen araberakoa izanen da gustukoa, balekoa edo egokia. Generoa zehaztu barik, nobela hau izarigabea egin zait.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro