kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Urtu aurretik / Xabi Borda / Susa, 2022

Zantzuak eta pozak Ibon Egaña / Deia, 2022-04-09

Pandemiaz, beroaldi klimatikoaz edo gerraz ari diren albiste etengabeek ez ezik, erruz ugaltzen ari diren distopiek eta bestelako fikzioek zein saiakerek ere gaztigatzen gaituzte, gaur bai eta bihar ere bai, munduaren azkenaren arrisku errealaz, lehen munduko herritarron bizimoduari eustearen ezintasunaz. Etorkizunari promesa edo itxaropen gisa begiratzeak lan handiak ematen dizkigun testuinguru kultural eta sozial horretan, agortzear dagoen mundu baten ideiak zeharkatzen duen poema-liburuarekin itzuli da Xabi Borda. Bilduma tematikoa ez bada ere, Urtu aurretik izenburuko lanari hondoa, doinua ezartzen dio munduaren gainbeheraren ideiak, “Deia” poemaren azken bertso-lerroak dioen gisan, “eta hau dena pikutara baldin badoa zer”.

Liburu honetako poemetan telebistek urtzen ari diren izozmendien berri ematen dute, eta ilusio hutsa dira egunkaria irakurtzeari utzi eta errealitatetik distantzia hartzeko ahaleginak, izan ere, edonon, etxeko lau pareten artean, babesten gaituzten teilatuen pean agertzen dira zantzuak. Munduaren hondamendia ez da katastrofe handien forman izendatzen sarrienik Bordaren poemetan; ordea, gainbeheraren kontzientziak atezuan egotera darama poema hauetako ni poetikoa, eta txikikeriak diruditen istripu domestikoetan beste zerbait ere irakurtzen da lerroartean. Amaieraren zantzuak topatzen dira, izan ere, bat-batean gelditu den tren bateko bagoian, tragedia baten aierua dakar giltzak etxe barruan ahaztu izanak, larritasuna ustekabeko tinbre-hotsak. Urtu aurretik honetan estimatu diodan jolasa izan da, hain zuzen, plano horien artean zabaltzen den tartea, nola aski zaion eguneroko istripu txiki bati erreparatzea irakurlearengan beste zerbaiten inguruko zalantza ereiteko, nola aurkitzen duen aldarte orokor bat keinu txikiagoen bidez izendatzeko bidea, hitz hanpatuetara jo gabe.

Larridura dakar munduaren amiltzearen kontzientziak, zantzuak ikustea txikikerietan, eta ez dago gainbeherari aurre egingo liokeen ahots kolektiborik, poesiak ez du norabide horri galga jartzeko modurik. Familiaren gutasunetik, klase ertainaren domestikotasunetik egindako bizitzaren ospakizuna dakar, aitzitik, larridura horrek orriotara: orainaldiari begira jartzea, bizitako uneen inbentario bat egitea eta ezohikoa bilatzea egunerokotasunean. Eklipse-egun bat, hondartzako opor-egun bat edo ur beroa itzuli den momentua harrapatzen ditu Bordak poema hauetan, eta eszena eguneroko horietan jasotzen digu munduaren izaera miragarria, bizirik egotearen poza, mundua amiltzera doala jakiteak argitasun-uneak zehaztasun gehiagoz ikusteko gaitasuna emango baligu bezala. Lerro benetan ederrak eskaini dizkigu idazleak halakoetan, eta besteren artean haurrek protagonismoa hartzen duten zenbait pieza geratu zaizkit gogoan (“Arratsalde bat aireportuan” edo “Dimentsio paraleloak (IV)”).

Itsasoa, izotz-mendiak, igluak eta uraren inguruko mundu semantiko eta sinboliko zabalaz baliatu da azpeitiarra mundu poetiko propio bat osatzeko, eta koherentzia eta batasun handia irabazi du hala liburuak, bide ez aurresangarrietatik. Lehenago ere jorratu izan duen bidetik, mekanika edo fisikaren semantikara ere jo du poesiarentzako hiztegi berrien bila, eta aurkikuntza borobilak utzi ere bai tartean (“Zinematika”, esaterako). Hirugarren poemategia du hau Bordak eta nabarmentzekoa iruditzen zait poema hauen erritmoa, musikaltasuna, bertso-lerroak osatzeko eta ebakitzerakoan poetak erakutsitako sena. Bai, harrapatu egin nau liburu honen poetikak, eta salbatu beharko genituzkeen poemak iruditu zaizkit liburu honetako ugari, azkena gertu balego.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak