kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zortzi kontakizun / Isaac Bashevis Singer (Koro Navarro) / Elkar / Alberdania, 2002

Aurkikuntza bat Paula Iribertegi / Berria, 2003-08-16

Ez naiz nor nehori deus erakusteko, are gutxiago egun puntan dabilen dozenatik gora itzultzaileri, hortaz eskertuko nuke iruzkin xume hauek diren bezala hartuko balira: irakurketa gonbidapen huts-hutsak, funts gehiago edo gutxiagorekin eginak, baina ene iritziak emateari uko egin gabe. Hona gaur abiarazten dudan eta aldian-aldian orriotan kausituko duzuen ele hauen aurkezpen laburra.

Isaac Bashevis Singer yiddishez idazten zuen judu poloniarra zen, Estatu Batuetara joana eta bertan laketua, 1978an Nobel Saria irabazi zuena, engoitik ahantzia, nehoiz gure artean —hain segur Singerren biboteaz kezkatuago Singer idazleaz baino— irakurlerik eduki bazuen, erdaraz izanik ere. Liburuak idazle haren zortzi kontakizun dakartza, izenburuak erraiten duenez. Jite eta aire oso desberdineko zortzi kontakizun, baina interesgarriak denak. Batzuk —ene aburuz Kafkaren adiskidea, Kafetegia eta Broma— interesgarriak ez ezik, baita apasionagarriak ere.

Nik erranen nuke hiru hauetan atzemaiten dela Singerren talentua idazle unibertsal eta moderno gisa, hizkuntza minor eta desagertzeko zorian den batez idazten duen aberririk gabeko gizakia den aldetik kontatzen baititu hiri handikoak… Bai eta ere, erranen nuke, euskaldunontzako arras komenigarriak, nortasun linguistiko hautsiek eragiten dituzten jokamoldeen berri ugari emaiten dituzten ber… Hirurak ezinago zoragarri, beren pertsonaien drama barnekoen deskribapen eder eta gozagarri, desamodio historia, paranormaltasun-ukitu —konstante bat Singerrengan, ikusi ahal izan dugunez— tragikomikotasun hunkigarri eta komentario jakingarriekin (“Intelektualak?”, dio protagonistetako batek Broma izenekoan, “Penike batzuen eta laudorio baten truke, intelektual horiek guztiak eros ditzakezu”).

Hiru hauek nabarmendu baditut, ez dut esan nahi beste bostek merezi ez dutenik, bestelakoak direla baizik. Gustu kontua, nehondik ere. Hiru hauen ondoan, lehengo biak —Taibele eta bere deabrua eta Henne Suzko— juduen eta partikularki hasidisten barne-mundua arakatu-zaleagoak dira (derradan honen harira edizioaren azken aldean glosarioa paratu izana txalotzekoa dela, nahiz eta askotan motz gelditu), eta azken hiruek —Ahalmenak, Bada hor zerbait eta Yentl—, barne-munduaren eta kanpo-munduaren nolarebaiteko sintesi ahalegina erakusten dutela, edo horrela ikusi ditut nik bederen.

Hain justu, hemendik letorke edizioari egiten ahalko niokeen kritika txikia: irakurleak eskertuko luke liburuko zortzi kontakizunak noiz zertu diren, idazlearen obraren barruan zer toki betetzen duten, eta mota horretako datu jakingarriak emanen balira, azal barruko aipua guztiz eskas gelditzen baita, eta itzultzailearen aurkezpen-hitzak, interesgarria izanagatik, ez baitu puntu hori sobera argitzen.

“Haurra nintzenetik gozatu egiten nintzen tentsio narratiboarekin —jakinarazi digu Singerrek—. Hasiera bat eta bukaera bat egon behar ziren. Arau hori betetzen dut egun ere. Ez dut sinesten irakurleak hasieratik bukaera zein izango den dakien narrazio batez. Uste dut historiak kontatzeko artea gure aroan ia ahantzi den artea dela”. Sinestekoak dira Singerren hitzak; izan ere, beste gauzen gainetik bera lehen mailako narratzailea dela kausitu dugu, bere eskarmentuaren, bizi-ikuspegiaren eta sentsibilitatearen edergailuek aberasturikoa.

Gainerakoak ahantzita, konturatzerako narrazioan aurrera eramaiten zaituen horietakoa. Are, iruzkin hau idazten ariko ez banintz, nago Singer izango litzatekeela, urteren bueltan, enetzat, zer hizkuntzatan irakurri dudan jakingo ez nuen horietakorik. Eta hitz hauek orritik orrira zalu jauziarazi nauen Koro Navarroren lana gorestekoak ere badira. Nire ustez, gainera, liburuz baizik ezagutzen ez dudan Koro Navarro beste itzultzaile handik hainbeste ulertu ez bide duten gaitz batetik libre dago; lan honen arabera, berak ulertu du ikusezintasunean dagoela itzultzailearen bertuterik handiena. Bada hemen, izan ere, beste artikulu baterako gaia. Dena den, ezin uka beti dagoela inkietudearen eta zalantzaren eremuan bertakotzen zaituen zerbait (honelako-k eta halako-k mugagabea eskatzen dute? Natzaizkizu adizkia badea?). Baina, otoi, ezdeuskeria hauengatik nehork ez diezaion uko egin liburu honen plazerrari, hala gerta badadi nire mentsa handia liteke-eta.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak