« Noraeza ez da kokapen eza | Ehun urte behin-behinekoak »
Izurdeen aurreko bizitza / Kirmen Uribe / Susa, 2021
Ez transgresiorik ez lilurarik Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-03-30
Sarrera gisa
“Liburu hau elementu errealez osatutako fikzio bat da”. Kirmen Uribe idazlearen lerroa duzu. Hots, Izurdeen aurreko bizitza nobela autofikzionala da. Metaliteraturatik badu apur bat, eta batez ere, historiatik elikatua da. Rosika Schwimmeren bizitzaren gainean eraikita dago. Militante bakezalea eta feminista honek I. eta II. Mundu gerretan parte aktiboa izan zuen esfera politikoetan. Emakumeen Nazioarteko Ligako liderra izan zen.
Nobela New Yorken idatzita dago. Besteak beste, protagonistari buruzko dokumentazioa hiri hartako artxibategietan dagoelako. Kirmen Uribe, Uri goitizenez, AEBetara joan da. Nobela bat idazteko beka bat lortu du eta Sagar Handia deitu hirian finkatu da familiarekin. Edo bertan finkatu ostean lortu du beka. Ez naiz ziur.
Rosika Schwimmeren bizitzaren arrastoan eraikita badago ere, liburua bi ardatzen inguruan gauzatu du nobelagileak: iragan mendeko gerra handiek sorrarazi zuten giroaren gainean batetik, eta —idazlea jaioz geroztiko— Euskal Herrian eman izan den gatazkaren gainean. Bigarren honen gaineko ekarria edota berarekiko aipuak eta erreferentziak mugatuak dira, bigarren maila batean daude, alegia. Ondarroako sortzetiko familiaren bizipenek eta egileak gaur egun osatutako familiaren gorabeherek harilkatzen dute nobela.
Nobela hiru atalek osatuta dago: Lehen liburua, Bigarren liburua eta Hirugarren liburua deituak. 2018 urtetik 2022ra doan aldian idatzita. Nobela ukroniatik eta distopiatik, bietatik baduela erranen nuke. Lehenaren narratzailea Uri da, bigarrenarena berriz Nora bikotekidea. Hirugarrena, narratzailerik barik, Unai eta Ane seme-alaben arteko elkarrizketa da. Badago ere, orrialde bat, bigarren atala ixten duena, Lamina Goikoa izengoitiko lagun Maiderrek idatzia.
Liburuaren gainekoak
Omen, idazleak beti liburu bera idazten du. Nago, Kirmen Uriberen kasuan ere halatsu dela. Honako hau laugarren nobela duzu. Lehen nobela Bilbao-New York-Bilbao da. Gaia ez bada bera, testuingurua antzekoa da. Beste biekiko antzekotasuna berriz, nobela eraikitzerakoan egileak bilatzen eta aurkitzen dituen protagonisten bizitzen ildoan eraikia izatea da. Horixe ezaugarriak. Hala Mussche nola Elkarrekin esnatzeko ordua delakoetan.
Lehen nobelaren harian adierazi nuen legez —Dos Amigos da Bilbao-New York-Bilbao liburuko azalean ageri den barkuaren izena— barku baten uberan hasten da nobela. Oraingo honetan ere, Izurdeen aurreko bizitza deitzen den honetan, “ipuin moduko” batekin hasten da —edo balizko fabula gisako bati erreferentzia eginez hasten da—. Horren arrastoan eta moldean abian da nobela. Niretzat gustuko literaltasunean hasi ere. Alabaina, lipar batean gustuko dudan menturazko literatura “aienatzen” zait. Hori malura! Nork bere aiurria izaki!
Literatura transgresiboa izan daiteke, izan daiteke ere liluratzailea. Kirmen Uriberen literaturan ez dago transgresiorik, alabaina, liluramendurik izan liteke. Alegia, baldin nobela “balizko laminen hizkuntzatan” idatzita balego. Ez da kasua. Tira, hori da nire inpresioa. Ageri denez, gustuak gustu, Kirmen Uribe ez da nire nobelagile predilektoena, kuttunena hots. Ez da urratzailea. Hau ere, irakurle gisa, nork bere jitea izaki.
Horiek horrela, gustuak gustu berriz ere, zuretzat literatura zale horrentzat, zure nahien eta beharren liburua izan daiteke. Ez dudarik egin. Literatura hamaika moduetan espresatzen da, eta egilearen estiloak eta gaiak hamaika irakurle ase dezakete era berean. Horregatik, ez nuke berriz ere Kirmen Uribek dituen idazteko estiloaren —mundua ikusteko moldearen— gainean nire etsipenezko aburuak isuri gura. Hau da, ez dut bere lana eraisteko berbak erabili nahi. Bai zera! Nor naiz ni, bada?
Alta bada, hona inpresio zenbait, honezkero errepikatuak idazle honen lanei buruzko nire iruzkinetan: nobela izanagatik, historia irakurtzen ari naiz oroz gainetik, kronika liburua begitantzen zait. Hau da, ez dut “balizko laminen hizkuntza” hauteman. “Hautematen” izkiriatu behar al dut? Bestetik, badauka idazleak gustuko ez dudan didaktika gisako bat. Nork bereak. Nik nire mugak eta ezinak legez. Badauka nobela honek ere buenismo —ele zuriz errana— edota onkeria soberazkoa —berba hau destainakoagoa da. Sorry!—.
Hona hitz labur samurrean erran nahi —edota behar— dudana. Literatura inspirazioan gauzatzen da. Idazleak idazterakoan bere burua ahantzi duenean agertzen da inspirazioa, nolabaiteko zorian edo suertean abandonatuta. Horixe inspirazioa. Aldiz, lar planifikatuta dagoen liburuan literatura arrazionalegia gauzatzen da, liburu honetan legez. Nobela hau larregi planifikatuta dago —planifikazioa eta inspirazioa, biak ala biak beharrezkoak izaki, noski—, ez da izkiriatua intuizioak gidatuta. Ez nagusiki behintzat. Kirmen Uribe idazlea oso lotuta dago idazten duenean. Laxatu, askatu, lokabetu, jaregin beharko luke.
Post Scriptum: Ez transgresiorik ez lilurarik da iruzkin honen lerroburua. Literaturak hamaika buru eta beste hainbeste espresa modu behar ditu. Irakurle lagun hori, lan hau zuretzako modukoa izan daiteke. Izan ere, nik adierazia idazlearen lan saiatuarekiko —eta eskergarekiko— inolako destainarik barik adierazita baitago.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro