« Beira ikusezina | Ez transgresiorik ez lilurarik »
Dena ametsa den irudipena / Leire Vargas / Elkar, 2021
Noraeza ez da kokapen eza Irati Majuelo / Berria, 2022-03-27
Laino batek biltzen du ingurua, dena ametsa den irudipena sortuz. Baina lainoa ez da misterio, ez indefinizio, ez maskara. Lanbroak ezkutukoa azalera dezake, noraeza politizatu, edertasuna galdekatu. Ideia horretatik abiatuta uler daiteke Leire Vargasen lehen liburua, Irun Hiria literatura sariari esker Elkar argitaletxean ikusi duena argia.
Hiru ataletan banatu ditu Vargasek liburuko poemak: Zuloak, Ateak, Zubiak. Esan liteke lehenengoa zalantzatik abiatzen dela, identitatearen eraikuntza oraindik gauzatu gabe batetik, non gorputz zulatu bat igar daitekeen, gorputz mindu bat. Noraezaren ezagutza adierazten da Zuloak atalean, oraindik beldurretik, oraindik bertigotik. Nor den baino, izate horrek kanpo-begiradan, ingurukoen epaian eragingo dituen erreakzioetan sumatzen da zalantza, espektatiben eta errealitatearen arteko arrakalak jartzen baititu agerian. Hala, atal honetan, irudiaren gaiak indar handia du, zein den ematen den itxura, zein irudika nahiko litzatekeena, zein benetakoa, zein desdoikuntza horren ondoriozko kontraesanak. Liburu osoa zeharkatzen duen gaia da, berez, gatazka guztiz garaikideak mahaigaineratzeko baliatzen duena idazleak: autosufizientziaren ideia, kanpo-irudi arrakalaezinak sortu beharra, besteentzako mozorratzearen zama, “izan zeu” dogmak normatibitatearekin egiten duen talka, besteak beste.
Ateak atalean noraezaren kontzientzia hartze sendoago bat suma daiteke, nahiz eta egia den continuum batean garatzen dela liburu osoan zehar. Alabaina, zalantza helduleku politiko moduan agertzen hasten da bigarren kapituluan, eta, beraz, inertziak zein ideologia ideal baina iritsezinak auzitan jartzen dira poemotan. Zaurgarritasuna kokapen modura onartzen da, eta, ildo horretan, bereziki nabarmentzen da Txiki izatea aukeratzea, liburuko lanik ederrenetakoa, ziur aski. Azkeneko atalean, esplizitua da Zubiak izenburuaren eta idazkien arteko lotura, pertsonen arteko harremanetan ardazten den heinean. Oroitzapenetatik edota gogoetetatik abiatuta idatzitako poemak dira, eta horien bitartez azaltzen dira idazleak amarekin, heriotzak eramandako gertukoekin, maitale edota bikote izan daitezkeenekin eraikitako erlazioak. Alde horretatik, giro intimoago bat transmititzen dute aurreko poemekin alderatuta, eta, era berean, zenbaitetan deszifratzen zailago izan daitezke. Hala ere, badira ale ederrak, hala nola Paraleloak, Ama, eta liburua ixten duen Gure erretratu bat, egiaz irudi ederra sortzen duena. Nabarmentzekoa da, halaber, Ez jakitea, bilduma osoaren ideia sintetizatzen baitu: “eta itaunduko nizuke zergatik / eta hori litzateke / ezer baino erradikalagoa”.
Beraz, plazaratze sendoa agertu du Vargasek, kokapen eta estilo propioa lantzen ari den seinale. Egia da zenbaitetan liburua biltzen duen lainoak gandu trinko forma hartzen duela, idazlearen mundu introspektiboan sartu eta irakurleari konektatzeko aukerak urrituz. Akaso zenbait poema barne-korapiloak askatzeko idatzi zirelako, irakurle baten begi-belarrietarako baino, kriptikoago gerta daitezke. Alabaina, bertso-lerro ederrak ez dira gutxi, irudi esanguratsuak, kadentzia interesgarriak, poema borobilak aurki daitezke. Hizkuntza landu bat oinarri, irakurzaletasuna eta literaturaren ezagutza lagun, proposamen erakargarria egiten du idazleak, hurrengoetarako gogoa piztu diguna.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi