kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Landa aldeko neskak / Edna O'Brien (Gema Lopez Las Heras) / Igela / Erein, 2022

Xumearen indarra Asier Urkiza / Berria, 2022-03-06

Literatura Unibertsala bildumaren azken ale-sortan argitaratu da Edna O’Brien-en Landa aldeko neskak nobela. 1960an kaleratua, gerora ibilbide luzea izan duen —narrazioan, poesian zein saiakeran— idazle irlandarraren opera prima dugu. Ondorengo urteetako beste bi lanekin osatzen du trilogia, Girls with green eyes (1962) eta Girls in their married bliss (1964) liburuekin, hain zuzen. Eleberriak zalaparta handia sortu zuen garaiko irlandar gizartean, herrialdearen jite kontserbadorea zela-eta. Instituzio erlijiosoen eta gizarte katoliko itogarriaren salaketa igar daiteke, izan ere.

Caithleen Brady da eleberriko protagonista, eta lehenengo pertsonan ematen dio irakurleari landa eremuko bere herriko bizimoduaren berri. Bere aita alkoholikoak tratu txarrak ematen dizkio amari, zeina narrazioaren erdialde aldera hilko baita. Aitaren mehatxua etengabeko presentzia izango da Caithleenentzat. Ondorioz, sorterria nola edo hala utzi nahian ibiliko da bere lagun Babarekin batera. Jaioterritik beste herri bateko komentura; eta handik egotziak izan ondoren, hiriburura, Dublinera egingo du bikoteak. Umearen inozentzia eta nerabearen grina uztartzen dira orduko gizartearen erretratua eskaintzen digun Kateren begirada sotilean. Idazleak ezin hobeto baliatzen du protagonistaren ikuspegiaren anbibalentzia, eta era egokian banatzen ditu, hizkera ustez xalo eta xumean, aldian behin aurki daitezkeen iruzkin zorrotzak. Protagonistaren sentimenduez aritzeko, kanporako begirada soila darabil autoreak, barne-bakarrizketaren partez.

Estiloa da nobelaren ezaugarririk aipagarrienetakoa. Eguneroko kontuez, bizimodu arruntez dihardu Katek, baina egileak haragoko zerbait iradokitzeko gaitasuna du. Konkretuaz idatziz abstraktuena azaleratzea, hortxe idazlearen erronka handienetako bat. O’Brienek horixe erdiesten du, deskribapen zehatz eta bizien bitartez bezainbat eszena-girotze ezin eraginkorragoekin. James Joycen —liburuan azaltzen da bere izena, bestalde— lehenbiziko lanak gogora dakartza liburuak: Dublindarrak, bere deskribapen eta pertsonaia xelebreen saldoagatik; Artistaren gaztetako portreta-rekin, ordea, kontrako harremana du, esperientzia erlijiosoaren irudi bestelakoa ematen duenez, Joycek transzendentziaz janzten zuen hori desakralizatuz. Umoreak toki handia du horretan.

Aipatutako giro erlijioso hertsiaren salaketa ez ezik, emakumearen independentziaren aldarrikapena dago liburuan. Ildo horretan, nabarmena da Kateri hainbat pasartetan darion barne-indarra, neskatila gazte eta ezjakinaren irudia hausten duena. Kontzientzia feminista berezkoa, intuiziozkoa ernatzen zaio protagonistari, nolabait amarekiko lotura duena iturburu. Babarekin izandako ika-miken gainetik — tira, nerabezaroan Babak Kateri emandako tratua gorabehera, hobe esanda—, eta izaera zeharo ezberdina badute ere, bi nesken arteko laguntasunak gizarteko konbentzio eta itxituren aurkako aliantza osatuko du: “Hantxe gindoazen landa aldeko neska kaskarin bi, hiri handira jauzi egiteko irrikaz…”.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak