« Gaztetasuna menperatzaile | Xumearen indarra »
Karena / Alaine Agirre / Elkar, 2021
Ama izan nahi eta ezina Aitor Francos / Bilbao, 2022-03
Alaine Agirre bermeotarra (1990) bueltan dago helduentzako literaturan, 44.en Irun herriko Kutxa sarian, eleberrien artean, irabazle atera zen liburuarekin, Karena izenburukoa. 2013 urtetik aurrera helduentzako nobelak haur eta gazte literaturarekin tartekatzen joan da. 2017an poesia ere idatzi eta argitaratu zuen, Txoriak etortzen ez diren lekua, Ereinen eskutik.
Karena honen kasuan, benetan gogorra da narrazioa, intentsitate handikoa, eta Agirrek erabiltzen duen estilo lirikoak areagotzen du sentsazioa. Bihotz- ukigarria bai, baina digeritzeko zaila. Bidaia bat da, gorputzaren lurralde ezkutuetarantz. Izenda ezinezko doluetara heltzeko gida, aldi berean. Argumentu nagusia ama izateko nahian dago. Agirrek prozesuan sortzen diren zailtasunak agerira dakartzaten oinaze eta nahigabeak erakutsiko dizkigu Sara protagonistaren azalean, baina, batez ere ondorio fisiko zein psikologikoei jartzen die arreta, arazo eta oztopoen onarpenerako bidean.
Nobela sei ataletan zatikatuta dago, Lagundutako Ugalketa Tekniketatik abiatuta, orden logiko bat jarraituko dutenak: Diagnostikoa, Intseminazioak, In Vitroak, Haurdunaldia, Irlan, Sendatze bidean. Bakoitzak beste hainbat kapitulotxoekin. Dena den, gertakizunak era ezkronologikoan kontatzen ditu Agirrek, baina ez horregatik modu nahasian. Hautatutako libertate literario horrek nolakotasun narratiboa kentzen dio eleberriari, eta, ordea, emozioen nagusitasuna azpimarratzen du, protagonistaren barneko sentipenek lehentasuna hartzen dutelako.
Halako batean, laguntza jasota bada ere, haurdunaldiaren miraria ematen denean, ez da arazoa amaitzen. Behin desira lortutakoan, beldurrek menpera dezaketelako emakumea. Umekia espontaneoki gal dezakeela pentsatzea, barruan indartsu erantsita daukan arren, edo zoritxarrezko hondamendiren bat gerta litekeelakoan egotea. Gorputzean haragiztatzen zaion ilusioa aurkari boteretsu bat dakar berarekin, ikara.
Horretaz aparte gizarteak bakarrik emakumea izateagatik ezarritako inposizioez ere mintzo da eleberria. Zehazki, amatasunari erantzi zaion inpronta erromantikoaz eta eredu sozial estandarrarekin bete ezin denean emakumeek pairatutako bihozminez. Ziurtzat jo errua tartan dagoela ere. Itxaropena da beste gai garrantzitsua Karenan, denbora haien kontran arinegi doala sentitzen dutelako.
Kontakizuna gordina izateak egiatasuna gehitzen du. Karenaren bi esanahiak onar genitzake, izenburuaren azalpenerako: erditu ostean soberan dagoen umetokiko guruin odoltsuarena, eta itsasontzi batean urpean geratzen den atalarena (nork daki, inkontzientearen proiekzioa liteke, edo ikusezina den barneko minaren metafora eta sublimazioa).
Ezin da irakurri Karena inpresiorik sentitu gabe. Erabiltzen duen euskara dotorea bezain txukuna eta garbia da. Prosa poetikoetatik oso hurbil, azken batean. Hizkuntzaren aldetik, behintzat, kritikarik ez. Zera esaten dizu: hartu arnasa eta sar zaitez hona, baina ez bilatu hemen irudi edo eszena epelik. Behin irakurtzen hasita, ukaezina izango zaizu, ordea, jarraitzea, istorioa biribiltzeko beharrean sentituko zara, amaieraraino. Hautsita dagoen norbaiten berreraiketaren ikusle izango zara, orrialdez orrialde. Gisadesegite baten lekuko. Mina hitza maiuskulaz idazten du Agirrek.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi