kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Dena ametsa den irudipena / Leire Vargas / Elkar, 2021

Gaztetasuna menperatzaile Aitor Francos / Bilbao, 2022-03

Dena ametsa den irudipena da Leire Vargasen (Durango, 2002) estreinako liburua, Irun hiriko Kutxa literatura sarian, poesia sailean, garaile aukeratu zutena. Prentsaelkarrizketetan adierazi du oso gaztetatik literaturazalea izan dela eta nerabezarotik idazten duela, hasieran nahiko era inozo eta arduragabean, asmo handirik gabe, eta poema zaharrenak hamasei bat urte zituen garaikoak direla. Liburuaren azal-hegalak dioenez Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten dihardu Gazteizen. Horrez gain, dagoeneko itzuliak ditu bi lan, Armiarma-Ekarriak web-ean irakur daitezkeenak: bata, Sally Rooney idazlearen Soldata jauna ipuina eta Raymond Carverren Bizikletak, giharrak, zigarretak bestea.

Vargasek liburua hiru ataletan banatzea erabaki du, Zuloak, Ateak eta Zubiak. Erretorika gutxiko poemak dira, baina atzetik sekulako mamia dute, nahita bilatutako sinpletasunaz eginak. Sakontasuna erraz antzematen zaie gehienei, hizkuntza aldetik nahiko biluzik aurkezten direlarik ere. Poemen artean badaude behin eta berriz irakurriko nituzkeenak, eta, horietaz aparte, hain onak ez diren beste batzuk (Atzarri izenburukoa, bat esatekotan), baina multzoaren koherentzia eusteko balio dutenak. Zaratarik egin nahi gabe eta estilo aratzez, Vargasek estetika bat topatu du. Amodioa eta absentzia har daitezke liburu honen gakotzat, gaiei dagokienean, baina badira poemaz poema azaleratzen diren beste hainbeste motibo ere: identitatearen bilaketa, etorkizunak dakartzan kezkak eta ezinegonak, heldutasunak sortarazten dion bertigoa, idazkera bera.

Poema batzuen hasiera azpimarratzekoa da: “Kaleak berak marrazten dit poema bat” edo “Erradikalagoa izan nahi dut: / erradikalagoa. / Baina gainezka egiten dit /eraikitako desirak, itotzen naiz / mundrunezko malko putzuetan”. Kohesioa eskuz egindako maindire bat legez estaltzen du liburu osoa. Lehenengo (13. orr) eta Ez jakitea (62.orr) poemak, adibidez, bata bestearen luzapena edo jarraipena lirateke, nire ustez. Guztien artean, Harriz da gustukoen dudan poema, epigrafe moduan, Ingeborg Bachmannen bertso batekin hasten dena.

Baliabideei begiratuta bat nagusitzen da, paralelismoa, Definiziotan poeman bezala: “Besteak ez direna naizelako /besteak ez diren guztiak naizelako/ besteak ez direna baino naizelako/ eta honela jarraitzen du: besteentzat soilik naizelako/ besteen ez banaiz/ ez naizelako”. Egia esanda, eredu gehiago daude. Esaterako Farorantz so, Objetiboa, Zentzuez (I), Paraleloak edo Esna nagoela egiten duzu alde (I).

Vargasek erraz identifikatzeko moduko gaiak azalerazten ditu, eta horregatik zirrara eta hunkigarritasuna agudo nabarituko dugu hainbatekin. Era klasiko batean eraikitzen ditu poemak, ez dugu apurketa formalik aurkituko. Hala eta guztiz ere, niretzako nahiko nuke Vargasek hain lerro gutxitan hainbeste esateko duen ahalmena.

Koadernoa pribatuegia iruditu zait tarte batzuetan, irakurri ahala han sartzeko baimenik ez banu bezala, gazte baten zalantzak, buruhausteak eta noraezak agerian uzten dituelarik. Berarekiko gatazkak, errebindikazioak eta identifikazioak, lehenik; bigarrenik, munduarekikoak.

Zuzendu beharreko gauzak dituela esango nuke, baina gutxi dira. Egilea hogei urteko neska bat dela jakinda, eta plazaratzen duen lehenengo liburua izanik, ikaragarri ondo borobildua iruditu zait, debut bikaina, duen adinerako. Vargasek badaki zer egiten dabilen, norentzako. Buru argia duelaren seinale. Ikusteke dago noraino heltzen den aurrerantzean, poesian jarraitzen badu, beste generoen tentazioan galtzen ez bada.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak