« Kapitalismoaren kontrako deklarazioa | Kantatzeko itzuli »
Karena / Alaine Agirre / Elkar, 2021
Minaren barrunbeetan Asier Urkiza / Berria, 2022-02-06
Irun Hiria Kutxa Literatura saria irabazi zuen iaz Alaine Agirreren nobela berriak. Karena du izenburu. Umekia eta ama lotzen dituen organoa izateaz gain, kontzeptu nautikoa ere bada karena, belaontziak itsasgoran hondartzeko erabiltzen den teknika, hain zuzen. Karena horiek, odoljario eta itsas enbata, liburuaren oinarrizko imajinak dira. Autoreak ohi duen eran, kontakizun gordina da, mina eta dolua gai nagusi diren amatasunari buruzko istorio gogorra.
Ama izan nahi du Sarak, Adri bikotekidearekin batera. Bikoteak, ordea, bide malkartsua du aurretik: lehenik, intseminazio artifiziala; in vitroa gero… Bi pertsonaien arteko harremana hasiera aldera hautsiko da, prozesuaren zailtasunek ordurako arrakalatuta zegoen konfiantza lehertzerakoan. Une horretatik aurrera, gainera datorkionari bakar-bakarrik aurre egin beharko dio Sarak, lagundutako-ernalketaren min fisiko zein psikologikoak berekin eramanez, tratamenduak gorputzean eragindako eraldaketekin hasi eta umekiaren zoritxarreko galeraraino. Minean barrenako zeharkaldi hori jasotzen du nobelak. Izan ere, gai nagusietako bat minaren transferiezintasuna dela esango nuke. Pertsonala da mina, norberak baino ez baitaki norainokoa duen. Adierazezina ere bai, benetan zaila delako hitzez deskribatzea, adjektiboz hornitzea. Hala ere, badu minak ifrentzu bat, eraman zaitzakeena zeure burua ezagutzera, besteekiko enpatia lantzera. Hori guzti hori adierazten dute azkeneko eszenan, bere ume hila erditzera daramatela, emakume batek Sarari esandako hitzek. Minaz eta doluaz aparte, amatasunaz ere badihardu eleberriak. Zehazki, amatasuna problematizatzen du, erromantizismoz erantzi eta bestelako ikuspegia eskaini —minezkoa, doluzkoa, baita maitasunezkoa ere—. Arau sozial inposatua dena nahimenez erabakitako prozesu askea izan dadila, aldarri horren oihartzuna dakar testuak.
Kontakizun ez-kronologikoa ontzen du Agirrek, zehar estilo librean emana. Kronologiarik ezak mesede egiten dio kontakizunari, batik bat emozioen nagusitasuna azpimarratzen duelako, Sararen gogo-gorputzen igoerak eta jaitsierak nabarmenduta eta istorio lineal batek ezar zezakeen gerruntzeari ihes eginda. Zehar estilo librearen gehiegizko hanpatzeak, aldiz, zertxobait desorekatzen du testua. Era berean, prosa poetikora hurbiltzen da hainbatetan autorea —esaldi laburren tartekatzea, antz fonetikoa zein esanahi bertsua duten hitzen kateatzea, irudien sorkuntza…—, eta akaso tonuaren klimaxa une oro mantendu nahi izateak ere kalte egiten dio narrazioari. Bestalde, bigarren mailako pertsonaien auzia dago. Horien karakterizazio lauso samarra egiten da. Bilatua izan daiteke hori, protagonistari lehentasuna emateko; baina Adri bikotekide ohiak, kasurako, garapen gehixeago behar zuelakoan nago. Dena dela, eleberria irakurketa bizikoa da, hitz bakoitzak irakurlearengan inpaktua izateko eran idatzia dago. Autoreak fisikotasun handiko idazkera du, tarteka irudi eder eta indartsuak uzten dituena. Haragiaren muin horretan, karenean, bat egin dezake irakurleak Sararekin.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro