kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Etika, zientzia eta antropologia / Ludwig Wittgenstein (Ignazio Aiestaran) / Jakin, 2000

Etika, hemendik at Markos Zapiain / Berria, 2003-08-09

Abuztu sapa honetan filosofia liburu bat irakurtzeko proposamena? Jota ala? Lodiagoa da Harkaitz Canok hondartzara eramaten duen Gerra y paz; baina, literatura denez, ez du ezkutatu beharrik, literaturari inork ez baitio konturik eskatzen. Gainera, Etika, zientzia eta antropologia honen orrialdeen taxua egokia da pasarterik esanguratsuenak, bolalumarik ezean, atzamarra galipotean bustiz azpimarratzeko.

Aitzinsolas mamitsu bat dakar, non ikasi baitugu, besteak beste, Wittgensteini oso ondo iruditzen zitzaiola irlandarrak gaelikoari eusten ahalegin zitezen eta karriken izenak gaelikoz irakurtzeak pozten zuela; baita Wittgensteinen biografia labur bat ere; eta filosofoari buruzko azkenaldiko bibliografia iruzkindu interesgarri bat. Ignacio Ayestaran itzultzaileak berak ondu ditu hiru atalok.

Mamiari gagozkiola, hogeita hamarreko hamarraldiaren hasierako hiru testu dakartza. Laburrenak, Moore filosofo ospetsuak Wittgensteinen eskoletan harturiko ohar batzuk biltzen ditu, “Jainko” eta “eder” hitzen esanahiez eta erabilerez, eta txistearen gaineko Freuden teoriez. Hara Wittgensteinen kemen pedagogiko deigarriaren lagin polit bat: “[Wittgensteinek] esan zuen ‘Kontrabaxu hori gehiegi mugitzen da’ bezalako enuntziatu bat ez dela inolaz ere gizakiei buruzko enuntziatua, baizik eta matematikaren zati bat ematen duela”.

Bigarren testuan, Wittgensteinek Klasikoak bilduman den Urrezko abarra-n Frazerrek Mendebaldeko talaia aurreratu eta jasotik magia darabilten gizakiak atzeratutzat jotzeko erakusten duen grina kritikatzen du, Frazerren ezgaitasuna “bere garaiko ingeles batena ez den bizitza imajinatzeko”.

Lanik mardulena Hitzaldi bat etikaz duzu, hirugarren bider euskaraturik, Kempisaren bidetik joaki aitzina. Wittgensteinek jendaurrean eman zuen hitzaldi bakarra da.

Vienarraren ustez, hizkuntzak ezin du etikaren berri eman, ez da gai, te kikara batek Errobi ibaia har ez dezakeen ber. Etika ikerketa bat da, eta, ezin denez definitu, Wittgensteinek gutxi gorabehera zer izan daitekeen iradokitzen digu: etikaren ikergaia ona litzateke, baliozkoa, bizitzaren esanahia, bizitza bizigarri egiten duena, bizitzeko modu zuzena. Guztiok izan ei ditugu esperientzia etikoak. Wittgensteinenak, funtsean, hiru dira: munduaren izateaz txunditzea, guztia ikustea miragarri; edozein arriskutik erabat salbu sentitzea; eta zuzena ez den zerbait ez egiteagatik errudun sentitzea.

Horra Wittgensteinen esperientzia etiko nagusiak. Alta bada, segituan diosku hori guztia arras absurdua dela, kalaka hutsa, ez dela deus ulertzen. Esate baterako, harritu, espero ez bezalako zerbait aurkitzean gara benetan harritzen: ahuntz bat katalanez mintzo da intimitatean, eguzkiak kantatzeari ekin dio, bagoaz etxera eta eraitsirik da… Ostera, Wittgensteinentzat ez du zentzurik munduaz, mundu den heinean, harritzeak. Antzera bigarren esperientziaz: tosferina nozitu ostean, ez duzunez berriro harrapatuko, lasai egin dezakezu puzkerra. Baina gertatzen dena gertatzen dela ere, beti eta nonahi guztiz babesturik zarela esatea hitzak txarto erabiltzea da.

Erruaz denaz bezainbatean, erlijioa bezain zentzugabea da etika. Biek darabiltzate konparazioak. Esaterako, Jainkoari belauniko otoitz egiten diogularik, izaki ahalguztidun baten mesedeak edo barkamena-lortzen saiatzen ari bagina bezala dihardugu. Ordea, konparazio zuzen batek bi izaki deskribagarri biltzen ditu; eta gertakari bat konparazio baten bitartez deskriba badezaket, gai izan beharko nuke orobat konparazioa baztertu eta gertakaria bitartekorik gabe deskribatzeko. Haatik, erlijioan bezala etikan, konparazioa baztertu bezain fite, deskribatzeko gertakaririk ez dagoela ohartzen gara.

Izan ere, Wittgensteinen iritziz, etika hizkuntzaz at dago, etika ezin da berbetan ipini. Hizkuntza gela bat balitz, etikaz zentzuz mintzatu nahi izatea gelako hormen aurka burua jotzea litzateke. Halatan, inork liburu bat idatziko balu, zinez, etikaz, eztanda handi batez munduko gainerako liburuak oro suntsituko lituzke. Halaber, Unibertsoko gorabehera guzti-guztiak, xehetasun psikologikorik apalenak barne, bilduko lituzkeen liburu orojakileak ez luke etikazko perpaus bakar bat ere; hilketarik doilorrenaren aurreko lekukoen erantzuna deskribatuko luke, samina, amorrua…. Hala ere, Wittgensteinek dioenez, etika ez litzateke ­non agertuko, ez baita hemengoa.

Paradoxaz, liburu hau abuztuan galipotaz azpimarragarri egiten duen arrazoietako bat profilaxia da, likiski mintzatuko baitzaizkigu edonondik irailetik aurrera, norbera eta gutarrak etikotzat eta arerioa inmoraltzat joz, are baratxuria bezain zintzoa dela jakinik ere.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak