kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Zeruak eta infernuak / J.M. Olaizola "Txiliku" / Elkar, 2021

Historia istorio ugariren oroitza baita Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-01-04

Liburua 45 teselaz edo piezaz osatuta dago. Atalez atal, antigoaleko mitologietako istorioz ehunduta, hala Greziakoak nola Erromakoak. Txinako poemak eta Arabiako ipuinak hornitzen dute bidaia ezin oparoagoa. Amerikar kontinentera ere eramaten gaitu idazle-bidaiariak, ipar nahiz hegoan barrena. Europarrentzat Terra incognita zena aurkituko duzu Afrikan. Espazioak anitz dira liburuan, denborak aldian du nora, aldian ere noragabea bada. Pentsamendu errealak eta ametsezkoak nahas-mahasean eskaini dizkigu liburugileak. Mosaiko ederra osatu du inondik inora.

Zeruak eta infernuak, pluralean, anitz baitira liburuan ageri direnak. Guk baina —idazlearen belaunaldikook— bi baino ez genituen ezagutu, katiximan edota eskolan, orobat gure heziketan. J. M. Olaizola Txilikuk ordea, munduan barrena bidaian abiaturik —liburutegietan hornituta eta imajinazioz hegaldatuta, bagaje itzela dakart berarekin—, hainbat erlijioek zerua eta infernua interpretatzeko duten manera erakutsi digu maisuki eta maitasunez.

Erlijioak haatik, sorta eta molde guztietako “erlijioak”, ismoz jantzita, zerutiarrak dira, baita lurtarrak ere. Liburuan izan badira ismo klasikoak, historiakoak, baita gaur egungoak ere, modernotasun edota modernotasun ondorengo garai honetakoak, pertsonok bizi ahal izateko “eratu” ditugun ismoak, “geure erlijioak”. Adibide baterako duzu Kirolaren aurkako manifestua tesela. Sortzen eta sortzen segitzen dugun ismo gutxi batzuen laginak baino ez dituzu liburuan, direnak baina txit esanguratsuak.

Mendez mende, erlijioen araberako kulturaren eraginez eraiki dugu gure izana, milurteko honetan haien aginduen arabera segitzen dugu neurri batean. Sinesmenik gabe bizi ezinik, “gure” erlijioez, erlijio propioez elikatzen gara. Bizitzaren osteko aldia, heriotzaren ondoren gure arimentzako lekua nolakoa izanen den aditzera ematen digute erlijioek. Erlijio bakoitzak bizitzaren ondorengo paradisua eraiki du eta gure imajinazioan beren “dohainak” txertatu. Paradisuan nonbait, gure desirak eta ametsak gauzatuko dira. Hitz horiexek ezagutzen nituen jada, eta ezin hobeto berretsi dizkit liburuak.

Zeruak direla eta, infernuak direla eta, paradisuak tartean, utopietan murgilduta bizi gara, utopia doi bat behar dugu biziko bagara, lur honetan orainean eta balizko harantzagokoan geroan. Liburu honek bizitzaren infrentzuak erakusten dizkigu, horiek betiere gure imajinazioaren arabera garatuta. Utopiaren aurkako distopietan erortzeko arriskuez ohartarazten digu ere egileak.

Historiaren arau eraikitzen ditugu bizitzaren istorioak. Eta halaxe egin ere liburu honen idazleak. Istorioak denok eraiki ohi baititugu egunerokoan, bizitzaren errealarekin bizitzea nekeza baita arras. Idazlearen pribilegioa da istorio horiek guztiak hitzen bidez adieraztea, kasuon, paperean paratzea. Eta guk irakurleok horiek profitatzea, horiez gozatzea.

Zeruak eta infernuak daude liburuan, liburua lurtarra da haatik. Konparaziora, Karakorum mendikatera joan zaitezke euskal lurretatik abiaturik. Zamariko Zulotik… Honela dio kronikak. “Zamariko Zulotik ikuspegi ederra dago, eguraldi onarekin, endemas. Hondartzaren eskuin aldera, herria; aurrean Talaimendi, eta haren segidan Moilarri. Liburu zaharretan Mailarri edo Umailarri izan zena Moilarri bilakatu zen arrazoiz, nik uste…”

Zeruak eta infernuak, horra hor liburu honen izenburua. Maiuskulaz idatzita dago horregatik. Izenak izana dauka eta bi izen horiek izan esanguratsuak dituzte alajaina. Horregatik letra larriz idatzita nonbait. Letra larriz edo “handizki” idatzita erran nezake. Handizkiren ordez, zintzoa idatz dezadan. Zintzoa idazlearen izanari baitagokio, J. M. Olaizola Txilikuri.

Liburu hau “historia istorioz zintzoki osatuta” dago —tira, erran dezagun historiaren lagin bat dela—, eta hori lortzea ez da samurra ez aise izan ere. Liburu honen lerroburu nagusiaren azpian idatzita bezala, liburu hau Gauza ugariren oroitza da. Historia istorio ugariren oroitza den bezalaxe.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak