kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Bihurguneko nasa / Uxue Apaolaza / Susa, 2021

Besteen ifrentzu latza Hasier Rekondo / Deia, 2021-12-31

L´être et le néant existentzialismoaren oinarrietako batean Jean Paul Sartrek esaten du “giza errealitatea norberaren baitakoa dela”. Alta bada, hori bakarrik al gara? Filosofo paristarraren ustean, besteenganako hurbilketan ezin da inondik inora ahaztu lotsaren auzia. Uxue Apaolazaren (Hernani, 1981) azken liburu honetan bete-betean islatzen da besteenganako lotsa hori baina, halaber, Lur protagonista eta narratzaileak beste “auzi” pertsonal eta sozial ugari azaleratuko ditu bere baitako errealitatearen eraikuntzan: harremanek eragiten dizkioten beldur abisala, sexu eta klase erasotzaile ezberdinen aurrean oka edota zerbait gehiago egiteko gogoa, lanak eta lan ezak ondorioztatu prekarietatea, pobrezia eta gizartearen degradazio morala zein materiala, sustantzia ezberdinen erabileren irakurketa moralik gabeko ondorioak, ustezko lagunek edo familiak edo horren gabeziak eragin amildegiak, auzi horiek guztiak aldatu nahi dituztenen kontradikzioak eta ezintasunak…

Bederatzi narrazio ezberdinetan eratua dago liburua, narraziootan ez dago ildo jarraitzailerik guzti guztiek nolabaiteko osotasun bat eratzen duten arren, batez ere, Lur protagonistaren ahots orojakilea, solipsismoaren mugetan barrena, soziopatia erakargarri, samur, bortitz eta ironiko baten jabe, nagusitzen baita. Horrezaz gain, liburu osoan zehar Madril hiriak ere badu protagonismorik, gazteleraz irakurriko dugun Galdosen aipu epatantea, “los techos se cogían de la mano…y las habitaciones parecían predestinadas a la premeditación de un crimen” ez da horren isla zuzena izango baina bai erreferentzia egoera sozialaren berri emateko, “nire klasearen neurrira”.

Bederatzi narrazio ezberdinetan badira fin landutako teknika narratibo ezberdinak, narrazio bakoitzean garatu nahi den gai ezberdinei bide emateko, hortaz, bada liburu kontzeptuala ere. Sentsazio bitxia sorraraziko diote narraziook, prest eta adi jarraitu beharko duen irakurleari; batetik fragmentazio eta elipsien artean galtzeko arriskua dauka irakurleak bere onena ematen ez badu, bestetik, estiloaren fineziak eta ikuspuntuaren jabetasunak liburu handi baten aurrean gaudela ohartaraziko digute.

Bitxia oso liburuak kritikaren aldetik jaso duen oihartzun eskasa, izan ere, urteko liburu garrantzitsuetariko baten aurrean gaude. Alta, gure literaturaren eszenatoki globalak geroz eta gehiago harritzen nau, aurtengo Euskadi Sarien nondik norakoak antzematea besterik ez dago.

Uxue Apaolazaren liburuaren kasuan, ez da horrelakorik, liburu aparta zalantza izpirik gabe, narratzeko ahalmenari dagokionez bederen. Nire narraziorik gogokoena, Prozesionariak. Akaso liburuaren alderik ahulena nolabaiteko originaltasun falta izanda, nork behar du berritzailea izan talentuaren jabe denean?, narrazio hori apurtzaileagoa iruditu baitzait Apaolazaren ildo nagusitik at, Beckett-en kutsuaz blai: “Mundu guztia konpontzen da ni gabe. Agian, hilko banintz, desberdina litzateke, orduan bueltak emango lizkiokete absentziari, baina hil gabe falta banaiz, konpontzen dira”.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak