kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Dortokaren begirada / Jon Arretxe / Erein, 2021

Abentura nahian bazabiltza Aitor Francos / Bilbao, 2022-01

Erraz irakurtzen den autorea da Jon Arretxe basauritarra. Eta intrigazko abentura bati eskatu ahal zaion gauzarik garrantzitsuena ez du inoiz begi-bistatik galtzen: irakurlea diberti dadila. Gaztea nintzela, unibertsitate garaian, bolada batean irakurri nituen, asteburu bakar batean, Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak liburuak, hirurak batera, bata bestearen segidan. Kasu honetan, Dortokaren begirada-n, berriro ere, testua garbia da, idazleak darabilen euskara txukuna, zuzena eta apaingarririk gabekoa. Egiturak ere ez du korapilo handirik, zuzen doa hasieratik bukaeraraino. Burkina-fasoar Mahamoud Toure sasi-detektibearen sagaren zortzigarren nobela honetan Madrilera etorri da protagonista, hain konkretuki, Lavapiés auzora. Bertan alokatu du apartamentu bat protagonistak, Parisetik ihesian datorrela, lapurtutako harribitxi poltsa batekin. Tourék bizitza mugikorra du eta iheslari bat denaren patua jasan behar du, egiten dituen gauzen ondorioz. Egoera ez legezkoan dabil beti, alde batetik bestera, ez daki noiz topatuko duen behingoz geratzeko leku segururik eta Lavapiés aproposa iruditu zaio ezkutaturik ibiltzeko, milaka etorkinen artean —gehiengo bat beltzak— inoren arreta erakarri gabe lasai bizitzeko aukera ematen diolako, hiruburuko zentrotik, Duque de Alba, Mesón de Paredes, Ave María edo Amparo bezalako kaleetatik.

Parisen lapurtutako harribitxi batzuk Retiro parkean ezkutatu ditu Tourek, baina norbaitek ostu egin dizkio, haien ordez harri bakan batzuk eta dortoka bat utzita. Animaliaren oskolean letra arabiar batzuk daude, pista moduan. Bilboko San Frantzisko auzotik etorriko zaio bisitan, ikerketan laguntzeko, Kristina ilegorriduna, aspaldiko amorantea, eta sagaren hirugarren nobelatik aurrera, desagertutako pertsonaia.

Aurrekoetan bezala, literatura beltzaren parametroen barruan koka daitekeen eleberri baten aurrean gaude, baina Arretxeren iritzian, genero poliziakoaren barruan ezinbesteko osagarria da kritika soziala, hainbat mezuei aurka egiteko, eta aspektu horren indarra areagotu du emanaldi honetan. Juan Madrid bezalako idazleek ondo dakite hori eta horren eredu dira. Horrezkero, logikoa dirudi eta ondo ulertzen da gizarteko baztertuetan jartzen duen begirada. Etxegabeak, gameluak, kaleko drogazaleak, eta abar, giro kutsatuak. Poliziarekin izandakoak eta injustiziak. Bakoitzak bere rola betetzen, azken baten. Arretxe kezkatzen zaion horretaz kezkatzen duen horretaz aritzen da, komunikabideetatik datozen mezu ultraeskuindarrek diotenaz kezkaturik.

Lehengo nobeletan hain agerikoa zen umorea berreskuratzen saiatu da Arretxe, eta aurrekoetan nobela beltza gordina eta pertsonaia gogortuak zeuden lekuan, Dortokaren begiradan, orekatuagoa dago, umoreari —bortizkeriaren parean, halere— tarte handi bat uzten diolako. Saga aurrera zihoala gaiztotzen joan zitzaion Arretxeri protagonista, nobeletan maltzurkeriak maiz egiten zituelarik, eta okerrerako bidea zeramala kopetan marraztuta antzematen zitzaiola. Egitura aldetik, narrazioa arina da, egileak izugarrizko trebezia du irakurlea nahi duen lekura bultzatzeko. Protagonistak burua salbatzeko asmoarekin egiten ditu ekintza gehienak, baina gero eta larriagoak diren kontuetan nahaspilatuta ikusiko da. Eragozpenak, bihurrikeriak eta arriskuak ez dira gutxi izango, oztopoek batetik bestera darabiltela, azkenean ezkutuko guztiak argitzen diren arte.

Gaur egunetik ikusita, Arretxe idazle emankorra eta metodikoa da, benetan oparoa, urtero liburu freskoren bat dakarren horietakoa. Ikasketaz euskal filologoa, bidaia-kroniketan ikasitakoa nobela beltzara eramaten jakin izan du. Berak esanda, idazle izatera kasualitatez heldu zen. Bidaiak maiz eta sakon egiten zituen norbait izanik, halako batean, Labayruko lagunek, animatu zuten haiei idaztera, eta hortik atera zen Hakuna Matata, lehenengo liburua eta gutxira, bigarrena, Tubaru, beste bidaia-narrazio bat.

Nobela beltza maite duenak ezin gusturago irakurriko du liburua, eta baita abenturazale hutsa denak ere, protagonistaren joan-etorriak direla eta. Ezer kritikatzekotan, errealistegia dela leporatuko nioke, nahiago ditudala irudimenezko gertaeretara bultzatzen nauten istorioak, baina, halere, eskertzekoa da pertsonaien gardenkia, sinpletasuna.

Istorio bikain eta labur honetan, puzzle batetako piezen gisa, osagaiak lotzen joango dira, narrazioren ildoa borobiltzen. Mezu soziala duen nobela beltza da, azken finean, Dortokaren begirada, kontakizun poliziakoa litekeenetik harago joaten badakien narrazioa. Ez gaitu ezustean harrapatu Arretxek, baina jarrai dezala, luzaroan, hobe dakiena egiten.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak