kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Nola gorde errautsa kolkoan / Miren Agur Meabe / Susa, 2020

Genero-ekilibristen erredurak bereganatzeko poemak Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-12-17

Idazle saritua da Miren Agur Meabe, saritua eta, oroz gain, biziki aritua. Narrazioa eta poesia dira bere ibilbide literarioaren genero kuttunak. Haur eta gazte literaturan utzitako arrastoa, arrakala handia da bere obran. Poesiak ekarri nau ehun-orri hauetara, irun ditzadan poeta honen lihoak.

Nola gorde errautsa kolkoan liburuaren poemak ez dira —ez ditut— aise astalkatzen, hots, ez da poema sorta harmonikoa, ausardia apur batez erranik, poetaren armoniatik gehiago dauka harmoniatik baino. Hala berean, arrastoaz arrasto, Nola gorde errautsa kolkoan honek ez du honen aurreko Azalaren kodea, Bitsa eskuetan edota Begiak zerumugan liburuko poemen batasuna bildu.

Horregatik edo, poesia sorta —poesia elemenia— hau album bat da. Liburu hau poetaren izatearen oroimen jarduera gisako bat da. Oroimenak oroimina astalkatzen du, minak azalarazten ditu oroz gain, haatik, oroipen sendagarriak edota oroite askeak ere azaleratu izaten ditu. Poema hauek funtsean, poetaren kolkoan gordetako errauts-emariak dira. Batzuk ilintiak dira eta beste batzuk ilintxak.

Nola gorde errautsa kolkoan lerroburua itauna duzu funtsean. Poeta hartara, errautsak/poemak sorrarazten dituen erredurak arintzeko Metodoa bilatu du, baita guri poema bihurturik eskaini ere: lepoa konkortu barik eztulik ez egiteko, azala ez mazkildu edo hazkatzeko, begietako azkura eta botalarria ez sentitzeko, ezta inor kutsatzeko ere.

Hitz leun solteak baino hitz lauzko poemak nagusitzen dira hastapenean. Oroimenaren geografian ama, aita eta semea ageri dira, besteak beste. Eta, oroz gain, neskatila hark plazan osatu zuen korrura gonbidatzen ditu iraganeko genero-ekilibristak.

Nola gorde errautsa kolkoan poema-liburu baino poema-bilduma duzu. Labirinto bat da. Zenbaitetan labirinto gaitza bilakatu zait. Labirintoan galdu naiz zenbait bider, eta galtzarbean neramatzan pospoloak kolkoan izeki barik, poemak gogoan maskaldu zaizkit. Izan ere, anartean, ikasi behar izan baitut lurralde eme honetan —eme elearen bi adieratan— ibiltzen eta berau jorratzen.

Neguko bidaia arribaturik, hirian errefuxiatu da poeta, alderrai ibilki, erromantizismoari iskin egin ezinik. Ezina berbek emana, hiriaren periferian, hiri-barrenetik distantzia harturik. Poeta are poeta petoagoa da bakardadearen orografia ibili ostean. Eta ni harekin.

Poetaren kriptografia deskubritzen aritu naiz, aldian nekez aldian gozoz, aiseki inoiz ez. Pandora da erruduna, naski. Denen opari den emakumezkoaren —poeta honen— poesia osotoro besarkatu ezinean ibili naiz. Beldurrik ez dut izan haatik, itxaropena zain baitaukat kutxa barnean. Alabaina, itxaropena usu ilusio errautsita baino ez dela jakitun.

Bizitza helegitez helegite osatzen dugun bidaia da. Labirintoan segitzen dut, ate bat dabilkit danbadaka. Nondik irtengo naizen xerkatzen dut, ihesbiderik ez duen pasillo-muturretan nago. Irakurtzeaz beste, idazten ikasi beharko ote dut? Poemak idazten herioari aitzi egiteko moldea izan daiteke, beharbada. Poema hauen arrasto arrakalatu hauen iradokizunak izan daitezke, beharbada.

Hiriko labirintoan kriptografia deskribatu guraz ate bat aurkitu dut. Galtzerik ez dut izan. Behin galduz gero, ez dugu galtzerik eta. Jarraitzen irakurtzeak lagundu nau “ahanztura” gainditzen, bizirik jarraitzeko modua baita irakurtzea. Irakurtzea “ahanztura” enegarren aldiz amestea da.

Poetak idatzi eta ezabatu, poetak idatzi eta ezabatu. Nik irakurri eta berrirakurri. Irakurri eta berrirakurri. Baita irakurri ahala idatzi ere. Irakurri eta berridatzi. Arrazoia. Erritua. Eslogana. Zer behar ote den poeta baten curriculuma osatzeko? Sorrera. Jaiotza. Garapena. Mintzoa. Ezaugarri osagarriak. Poesia hitzen patologia gainditzeko metodoa-moldea ote? Flou efektua?

Hiria natura hila da. Esloganak aspaldi gaztigatu gintuen: Loreak Mendian. Bilduma osatu duzu. Errautsak kolkoan gordetzeko metodoa arakatzen segitzen duzu. Orekaren eskemak kausitu behar dituzu oraindik ere. Eskemen oreka, hots. Generoaren ekilibristak hobeto ezagutu. Genero honetako poeten hitzak eskaintzen dizkiot poesiaren epaileari.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak