« Lurrikarek eraginda | Genero-ekilibristen erredurak bereganatzeko poemak »
Madame Bovary / Gustave Flaubert (Patxi Apalategi) / Ibaizabal, 1993
Garai tristeen isla Jon Kortazar / El Correo, 2021-12-12
Madame Bovary-ri buruzko lehen berriak batxilergoko testu liburu batean izan nituen. Gure batxilergo garaian bazen munduko literatura erakusteko baliagarria gertatu zitzaigun irakasgai bat; gaur egun, egon badago, baina hautazkoa da. Gaurkoa bezalakoa zen, India zaharreko literaturarekin hasten zen: “Ramayana” eta “Majabhárata” ziren ikasi beharreko lehen lanak, eta azken horren 220.000 bertsoek aho bete hortz uzten gintuzten.
Literatura unibertsaleko eskuliburu hartan zegoen “Madame Bovary”. Bai, “Madame Bovary”, eta ez horrenbeste Gustave Flaubert. Hura ere egongo zen, zalantzarik gabe, baina gure arteko argienek esaten zuten nobelak —deabru sotila balitz bezala— jan zuela egilearen izaera eta itzalik gabe utzi zuela. Ez al zuen egin deabruak Axularrekin joko hori? Bada, gauza bera Gustave Flaubertekin. Zer jakingo ote genuen garai hartan Bovaryren joan-etorriez? Haren adulterioaz? Ezer gutxi, gure arteko argienek ere ez zuten susmatu ere egiten kontu hura.
Errealismoaren maisua
Unibertsitatean ere aipatu ziguten “Madame Bovary”. Baina jada ez zen argumentu ilun eta urrun bat. Ordu horretan teknika literario errealisten eta kontakizunaren gain-ikurra genuen. Estrukturalistak ikasten genituen, eta, haien ustetan, Flauberten nobela kontakizun tekniken eredurik ederrena zen. Adibidez, aipatu behar bazuten iraupenaren “neurria” zer zen —eta berez teknizismoa zen hori guztia—, kontatzen den denboraren iraupenaren eta kontatzen erabiltzen den hitz kopuruaren arteko harremanean, bada, Flauberten teknika ekartzen zuten orduan testuetara. Horren adibide klasikotzat jotzen zuten Bovaryk eta Leonek Rouenetik egiten duten lando-bidaia, non, zuzen esan gabe, ia ezer esan gabe, azaltzen den bien arteko sexu harreman. Patxi Apalategi itzultzailearen hitzetan esateko: “-Jauna nora doa? —galdetu zuen kotxeroak. // —Nahi duzun lekura! —esan zuen Leonek Emmari kotxe barrura bultza eginez. // Eta makina astuna ibiltzen hasi zen. // Rue Grand-Pont jaitsi zuen, Place des Arts, Quai Napoleon, Pont Neuf zeharkatu zituen eta planto geratu zen Pierre Corneilleren estatuaren aurrean. // —Segi! —esan zuen barnetik irten zen ahots batek”.
Kapitulu horren ordu bakarra bost orrialde zabaletan kontatu zuen Flaubertek eta horixe omen zen iraupenaren neurria, denbora teknika horren “metroa”…, beste nobela guztietan erabiltzen den iraupena neurtzeko “metroa”.
Kontua da Flauberten argitaratzaileak, “La Revue de Paris” aldizkariko zuzendariak hauxe idatzi ziola 1856ko azaroaren 19an: “Ez da txantxa moduan hartu behar. Zure Landoko eszena hori “ezinezkoa” da, ez guretzako, berdin zaigu eta, ez [arduradun gisa] zenbakia sinatzen dudan niretzako ere, baina bai poliziarentzako: kondenatuko gaituzte tai gabe”.
Beste aldetik, nobelaren hasiera kontalari lekukoaren goi mailako eredu gisa aurkeztu ziguten. Honela irakur dezakegu euskaraz: “Estudioan ginen Zuzendaria sartu zenean, bere atzetik kale-jantzian berri bat zuela eta klase-zaindari bat pupitre handi bat zeramala. Lo zeudenak esnatu egin ziren, eta bakoitza bere lanean harrapatu balute bezala zutitu zen”. Atal horretan kontalaria “ikasleen artean” dago, eta handik ikusten du ikasle berria ikasgelan “sartzen”, eta ikuspegi horrek kontalari orojakilearen porrota ekarri zuen berarekin.
Literatur lan baten sorrera-unean sufrimendua
Baina Flaubert idazlea maitatzen, Herbert Lottmanen “Gustave Flaubert” biografia irakurri nuenean ikasi nuen. Obra horretan ikusi nuen zer den egile batentzat literatur lan baten sorrera-unean sufrimendua.
1851ko irailaren 20an horrelaxe idatzi zion Flaubertek maitale zuen Louise Colet-i: “Atzo gauaz hasi nintzen nire nobela idazten. Oraintxe bertan, izutzen nauten zailtasun estilistiko batzuk sumatzen ditut. Ez da erraza sotila izatea”.
Egilearen gutuneriak, Louis Coleten idazkiek, Flaubertek adiskideei idatzitako gutunek, eta haiek berriz igorritakoek, artxibategietan aurkitutako dokumentuek amaraun konplexua osatzen dute Lottmanen biografian. Egiazki, nobelaren sormenaren prozesua kontatu du biografoak, eta “kontatu” diot oso kontuan duelako beti kontakizuna bere idazkeran.
Nobelaren hasiera kontalari lekukoaren goi mailako eredu gisa aurkeztu ziguten
Herbert Lottmanek detaileak maite ditu, adibidez, “Madame Bovary”ren luzera kontatzen duenean, eta, bide batez, nobelagilearen lan modua azaltzen duenean: “Eskemen segida luze bat dago, gero 1.800 orrialdeko lehen aldakia, aurretik eta atzetik idatzia (zirriborroa alde batetik idatzi zuen, eta gero hura zuzendu, eta atzeko aldetik idatzi zuen berriro lana), ondoren, [adiskide zuen] Bouilhet-i kontsulta egin ondoren, behin betiko eskuizkribua sortu zuen, eta hori ere, gogotsu zuzendu zuen. […] Flaubertek inprentarako kopia garbia egin behar zuen kopistari zuzendu zion behin betiko eskuizkribuak 470 folio zituen”.
Aitortu behar dut horrelako xehetasunak gustuko ditudala. Baina egilearen drama detaileetan baldin badago ere, “Madame Bovary” nobelaren sormenaren lana beste toki batzuetan aurkitu dezakegu: Flaubertek Louise Coletekin duen harreman gatazkatsuan, beste idazleekin duen lotura sarean (Flaubert ez zen inoiz isolatua bizi izan), bere buruaren aurka duen borrokan, Pariseko deiak eta landa etxeko zantzuak sortzen duten joan-etorri garratz eta kontraesankorrean.
“Moralaren aurkako” nobela
Eta, gainera, salaketa eta epaiketaren kasua dago. Nobela “moralaren aurkakoa” omen zen. Eta aferak ospea eta salmenta izugarria eman zizkion egileari. Baina ezinegonean bizi zen: “Ez dut justiziarik espero. Kartzelaratuko naute”. Epaiketan libre utzi zuten Flaubert. Epaileen ustez, nobela bere osotasunean ez zen ohitura garbien kontrakoa, zenbait pasarte txiki bai, ostera. Eta errugabe aitortu zuten egilea.
Tribunalak, baina, ez zuen ikusi nobela egilearen asmo sakonen isla zela. Frantziako burgesiaren izaera ustelaren isla. Napoleon III.a Estatu buru bihurtu zen egunean, hauxe idatzi zuen Flaubertek: “Garai triste bat hastekoak gara Frantzian”. “Madame Bovary” garai triste horien isla da.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres