« Iraganeko hariez etorkizuna josten | Garai tristeen isla »
Epizentroa / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2021
Lurrikarek eraginda Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2021-12-12
Epizentroa zazpi kontakizunez osatutako liburua da. Nerea Loiola Pikazak helduentzako egin duen lehenengo lana da eta izenburu sugerentea aukeratu du estreinako lana argitaratzeko: Epizentroa.
Definizioz, lurrikarak edo mugimendu sismikoak gehien nabaritzen diren lurzoru zatia da epizentroa eta liburuaren irakurketan etengabe pentsatu dut aproposa dela benetan epizentroarekin eskaintzen zaigun irudia. Izan ere, kontakizun guztietan lurrikara bat gertatzen da, zeinak pertsonaien ordura arteko bizitza eta egoera erabat aldatuko dituen. Esango nuke gai orokorra bera dela guztietan: gertakizunek eta erabakiek pertsonaien bizitzetan duten inpaktuaren adibideak dira denak. Inpaktuek bizitza “normala” kolokan nola jartzen duten erakusten digute, pertsonaien konplexutasun eta hipokresia agerian utziz.
Kontakizun guztiek elkarbanatzen dituzten elementu gehiago daude liburuan. Esaterako, aurkezten diren egoerek gauza txikiekin dute zerikusia, egunerokoan pertsonaiek dituzten pentsamendu, sentimendu eta esatekoekin. Sexuak eta desirak kontakizunen arteko hari gisa funtzionatzen dute. Hau da, pertsonaia gehienek gaiaren inguruko zalantzak, gezurrak, beldurrak eta plazerak erakusten dituzte. Botere harremanen preso dira eta sexua beraien bizitza den performancea erakusteko elementua. Pertsonaia batzuek, modu mesfidatian bada ere, terapia alternatiboak erabiltzen dituzte beraien gaitz eta zailtasunak gainditzeko. Literatura garaikidearen eta gaur egungo panoramaren erakusle direla esango nuke.
Istorio bakoitzak ezaugarri bereizgarriak ere baditu eta pertsonaia bakoitzaren epizentroa desberdina da. Itsaso zuria-n, amaren gaixotasunak eta etor daitekeen heriotzak eragiten du haurraren lurrikara. Epizentroa deitzen den kontakizunean lan aldaketa batek eragiten du pertsonaien bizitzetan mugimendu sismikoa eta agerian uzten du bikote harremanean dagoen paternalismoa.
Ipuin tradizionaletako egitura lineala jarraitzen dute kontakizunek. Hasierako egoera bat dago eta gero lurrikarak apurtzen du. Ipuin tradizionaletatik desberdina dutena zera da: istorioek bukaera argitu gabe uzten dute, irekiak dira. Irakurleak ipuinok osatu beharrean aurkituko du bere burua.
Patxadaz irakurtzeko liburua da —kontakizun bat gaur eta bestea hurrengo egunean, adibidez—, istorioek duten pisua eta mamia gozatu eta ulertu ahal izateko. Loiolaren hurrengo liburuen zain geratuko naiz ni, beste zerbait irakurtzen dudan bitartean.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez