« ‘Petits récits’ | Lurrikarek eraginda »
Izurdeen aurreko bizitza / Kirmen Uribe / Susa, 2021
Iraganeko hariez etorkizuna josten Asier Urkiza / Berria, 2021-12-12
Izurdeak, aurreko bizitza batean, pertsonak izan ziren…”, euskal kondaira zahar batekin hasten du Kirmen Uribek bere laugarren nobela. Liburuko gai nagusia azaleratzeko ere badarabil autoreak antzinako alegia. Izan ere, izurde bihurtutako gizakien eta laminen istorioaren muinean zera dago, izan ginenak garen horretan duen garrantzia, iraganak orainaldian, aurrekoek gugan, sorterriak bizilekuan. New Yorkera bizitzera doaz Uri, Nora eta seme-alabak, Urik Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan ardaztutako nobela idazteko beka irabazi ondoren. Schwimmerren bizitzako txatalei tiraka, ordea, haurtzaroko oroitzapenak etorriko zaizkio Uriri, herri arrantzale bateko haurtzaroa eta 80ko hamarkada gatazkatsua, besteak beste.
Uribek ohi duen ildoan, nobela autofikzionala da Izurdeen aurreko bizitza, hau da, idazteko prozesuari buruzko nobela. Hori horrela, ugariak dira idazketaren gaineko gogoetak. Hortxe dago garunaren funtzionamenduaren eta idazketaren arteko konparazioa, esaterako: “Azkenean intuizioz jokatzen duzue sortzaileok, nahiz eta planifikazio bat egin, ez dakizue nola bukatuko den dena”. Bestalde, nobelaren bertuterik handiena antolaketa formala delakoan nago. Trebea da Uribe atalen arteko hariak josten, geruzak bilbatzen. Hiru ataletan taxututa dago obra, era kronologikoan. Rosikaren bizitzako pasarteak Uriren eguneroko gorabeherekin tartekatzen dira lehenengoan, protagonistaren iraganeko kontuak ere txertatuz han eta hemen. Bigarren atala da, akaso, interesgarriena. Autoreak Uriren emazte Norari ematen dio hitza, horrek aspaldi ikusi gabeko Maider lagunari idatzitako eskutitzean. Berriz ere New Yorkeko egunerokoa dago, pandemia eta guzti, Maider eta bien haurtzaroko zein gaztaroko pasadizoekin txandakatuz. Nobelako pasarte hunkigarrienak biltzen ditu atalak. Iraganaren onartzea —ezen ez edertzea— eta ziurgabetasunari aurre egiten dion etorkizunarekiko itxaropena darie lerroei. Liburuaren amaiera etorkizun horretarantz proiektatzen da.
Esan bezala, egitura aldetik egoki lotutako eleberria da. Autoreak ez du joko metaliterarioa behar baino gehiago behartzen eta oinarri sendoa ezartzen dio eraikuntza testualari, geruza bakoitzari bere neurriko garrantzia emanez. Horrek batasuna ematen dio nobelari, atalen autonomia bermatzeaz batera. Gabeziarik handiena, aldiz, tonuan antzeman diot. Izurdeen aurreko bizitza-ko mundua sentimendu aratzez betea dago, aukeran borobilegiak diren harremanez. Ertz eta ñabarduretan urri suerta daiteke tarteka kontakizuna, azaletik harago arakatzen duten ikuspegien beharrean. Orainaldian kokatutako zatietan, bereziki, egunerokoaren kontaketak argiago salatzen du horien falta. Autoreak ez ditu, dena dela, edonolako gaiak jorratzen. Aurrekoek utzitako oinordetzaren kudeaketa, transmisioa, historiak norbanakoengan duen eragina… “Tamalez, gure erabakien emaitza gara. Hitz egin eta isildu genuenaren emaitza”, dio Norak. Zirt edo zart egiten duten autoreetakoa da Kirmen Uribe. Eta eskertzen badaki irakurleak.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi