« Mikrotasuna | Etxera itzultzea »
Mamu eratortzeko moduak / Juanjo Olasagarre / Elkar, 2021
Mamua galdekatzeaz Asier Urkiza / Berria, 2021-11-28
Juanjo Olasagarreren laugarren nobela da Mamu eratortzeko moduak, 2020ko Joseba Jaka bekaren bidez argitaratua. ETAk hildako emakume gazte bat da protagonista, hilen artetik bizitzara itzulia. Mamu bat da Itziar Amezaga, eta iraganean bidaide izan zituen horiengana joko du, hala nola Josu neba, Ander mutil lagun ohia, bere heriotzaren erantzule den Jon Ander etakidea… Jon Anderrek ere badu bere partea kontakizunean, bera ere mamu, biziduna izanagatik ere. Baita Merche izeneko emakumea ere, atentatuan Itziarrekin batera hildako guardia zibilaren alarguna.
Egitura aldetik nobela konplexu samarra da. Izatez, narrazioa Sara Carcamo erdal idazlearen ariketa autofikzionala da. Carcamok Eusko Jaurlaritzaren beka batera aurkeztu du testua. Hain zuzen, autoreak —esan nahi baita, Olasagarrek— deialdi horren agiri administratiboak eta idazleari argitalpenaren ondotik egindako elkarrizketa bat txertatzen ditu, nobelari artefaktu literarioaren itxura emanez. Ezaugarri metaliterarioak ere igartzen zaizkio, euskal literaturak euskal gatazkaz aritzean leuzkakeen eginkizunez ere gogoetatzen baita, gaiak eman duen emaitza literarioen errepasoa egiteaz batera. Erdal idazle bati hitza emateak eduki lezakeen ironia kutsuarekin, gainera. Olasagarrek, Carcamoren laguntzaz, biktima eta biktimarioa jartzen ditu parez pare, bata bestearen mamu, elkarren itzal. Itziarren presentziak Jon Ander estutzen du, haren mendeku goseak zainak gorrotoz bete. Horrek esnatuko du kartzelatik atera ondorengo lozorrotik, horrek akuilatuko du iraganeko itzalei gordinki aurre egitera. Itziarrek bultzatuko du, halaber, mamuen mundua beso zabalekin besarkatzera, behin mundu honetako zorrak kitatuta. Biktima-biktimario binomioa apurtu egiten da orduan, Jon Ander ere biktima gisa agertzen denez. Hiltzeagatik biktima. Bizi osorako kondena.
Sara Carcamoren elkarrizketan aipatzen da, nire ustez, eleberriaren gakoetako bat. Jacques Derridaren hauntology kontzeptua dakar autoreak. Orainaldia ulertzeko mamuak galdekatu behar direla defendatu zuen Derridak, horrek gaur egunean kokatzen lagun gaitzake-eta. Irudizko adieran ez ezik, literalki ere gauza daiteke hori. Gatazkaren gorputzak. Itziar Amezaga hesteei ezin eutsita, bonba jartzerakoan hildako etakidea, tiroz jotako burezurra. Oso fisikoa da tarteka kontakizuna, autorea materialtasun horren garrantzia azpimarratu nahian ari balitz bezala. Bestalde, mamuen gisan, oharkabean igaro diren biktima horiengan ere ezartzen du fokua hauntologiak. Merche alargunaren hitzetan gatazkaren barruko bestelako gatazkei erreparatzeko beharra sumatzen da, gizonen emakumeekiko dominazioa, kasu. Akaso, Mercheren senarraren kontrako konplotaren azpi-bilbeak aldendu nau zertxobait narraziotik —nahiz eta biktima izaera problematizatzea helburu duela ulertu—, baina ezin ukatu proposamenaren jite berritzailea, nagusiki forman eta kontaeran. Aurrekari bakanei segida emanez —Twist gogoangarria—, mamuen istorioekin dator Olasagarre, mamuak bizidunak seinalatzeko, bizitzaz hitz egiteko.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro