kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Euri zitalari esker / Itxaro Borda / Susa, 2021

Ezpeldoiren azken ‘profezia’ Hasier Rekondo / Deia, 2021-07-31

Ricardo Piglia idazle argentinarrak esan zuen kontakizun bat sortzeko, edozein motatako narrazio bat ehuntzeko, gai bi daudela bakarrik: bidaia eta inkesta. Amaia Ezpeldoi detektibe “ruralaren” azken entrega honetan, Itxaro Bordak digresioz mukuru lotzen ditu biak ala biak. Esan liteke, Pigliaren argudioaren ifrentzu gisa, Bordak bidaiak eta bere detektibearen inkestak, batzuetan “surrealista” bilakatuko direnak, profitatzen dituela benetako xede dituen digresio filosofiko, soziologiko, politiko, etab.ekoez jarduteko. Alta bada, Amaia Ezpeldoi ez da Itxaro Borda, Itxaro Bordaren gauza anitz dituen arren.

Gurean, nobedade uholdearen artean itota, ezinezkoa izan ohi da argitaratzen den oro irakurtzea horretara dedikatzen ez bazara, eta guztiok jakin baitakigu zer egoeratan dagoen euskal kritikagintza. Hartara, ez nuen irakurrita Amaia Ezpeldoiren aurrekorik. Damu naiz. Itxaro Bordaren poesian gozamen estetiko eta etikoa hurbil-hurbiletik jarraitzeko aukera izan dudan arren, ez nuen duela 30 urte abiatutako Amaia Ezpeldoi detektibearen sei liburuko bilduman murgiltzeko betarik izan. Apika, horrek mugatu egin lezake azken entrega honen irakurketa globalagoa eta sakonagoa.

Antza denez, zenbait lagunek azken honetarako hilko ote zuen galderaren karira, Bordak nahiago zuela Ezpeldoik Joana Garralda maitalearekin Atharratzeko “arkadia”n bizi zitzan azken urteak ihardetsi zien.

Adinduta langabezian berriki geratutako Ezpeldoiren diru beharrak edo bizitzak astindu spleen-aren eraginez, itsaso handietan murgilduko da, Maddi desagertutako emakumearen amaren deia jaso unetik Itoitzen Ezekielen Profheziak girotua: pornografia, prostituzioa, telesailak, sexu-harremanak, euskal munduaren gainbehera eta kontraesanak, Landak, Iparraldeko egoera, literatura, etorkinen halabeharrezko bidaiak, harreman lesbikoen nondik norakoak, tratu-txarrak, euskararen bilakaera, Baionako trafiko itogarria… ez dira gutxi Bordak edo Ezpeldoik jorratutako literatur digresioak. Azkena izateko erronka galanta.

Apika, Ezpeldoiren inkestaren ildo narratiboa ez da nobelaren gauzarik interesgarriena, digresioa beti gailenduko baitzaio Bordaren kasuan detektibe-nobelari, baina bada literatura handiaren aztarnarik; hasierako lehen kapitulua azpimarratu beharra dago, non eldarnioaren eta errealitatearen arteko uztarketa paregabea lortzen duen baionarrak, Twin Peaks telesailaren giroa, kutsu kafkiarra eta deskribapenetarako euskara ezin landuagoa eta teknika paregabea uztartuz.

Badira, digresio hauen guztien artean, euskal mundua durdurizatzeko une aipagarriak: besteak beste, txosnetan eta abarrekoetan alkoholaren salmentaren bidez diruz lagundutako euskalgintzaren kontraesanen gainekoak, “laido homofobikoak” salatzera joandako Joana Garraldak gizonezko poliziak joera arrazista leporatuz bizi inpotentziaren pasadizoa edota Iparraldeko kooperatiba idealizatuetan eman ustelkerien ezkutaketak; halaber, Amaia Ezpeldoik iritzi sozialak mukuru agertu izanagatik, oso urriak izatea euskal gatazkaren gainekoak. Ironikoki edo, “apolitikoa naiz” diotso, ETArekin kolaboratzearren kartzelan izandako Maddi desagertuaren anaia homosexualari, zeinak garai mitikoak idealizatzen baititu. Hau guzti hau, ironia fin eta aldi berean “xalo” batez hornitua narrazio osoan zehar.

Eleberri bat ona edo txarra den metodo seguru bakarra azken orrialdera heltzean ditugun sentsazioak behatzea da, Virginia Woolf-en esanetan. Euri zitalari eta narrazio honi esker, Itxaro Bordak edo Ezpeldoi andereak bizirik eta ideiez beteta laga naute.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak