« Bizi-espektatiben hondarrak | Atrebentziarekin »
Garen hori / Ana Urkiza / Elkar, 2021
Garen hori, Jorge Oteiza gogoan Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-06-28
Lekuko saileko liburua duzu Garen hori. Lekuko izatea, egoera edo izate baten lekukotasuna egin ahal izatea da. Kasuon, liburuaren bitartez, euskaldunok garen hori aditzera eman ahal izan du Ana Urkiza idazleak. Lerroburuak ez dio Gara, Garen hori baizik. Beraz, artean ez gara, garen horren bila ari gara euskaldunok, orainean eta hemen ari gara tradizioaren eta etorkizunaren artean.
Garen hori ezagutu aldera (artean ez dago-eta gauzatua) zortzi sortzaileren esperientziatik mintzatu zaigu saiogilea. Galdera asko pausatu du. Eta askoren artean hau gailendu da, niretzat: nola gauzatu garen hori? Lehen zatia, zortzi kultura espresioen —horien sortzaileen— bitartez gauzatua da. Hala nola, literatura, pintura, dantza, arkitektura, eskultura, zinema, musika eta bertsolaritza. Bigarren zatian, garen horren izatea aditzera nola eman behar den —dugun— landu du idazleak, zortzi komunikatzaileren bitartez.
Sortzaile eta komunikatzaileen izena-abizenak liburuan dituzu, zein baino zein interesgarriagoak. Zaila egiten zait liburuaren balorazioa egitea, zinez. Alabaina, behin hasiz gero, liburuaren gaineko iritzia emateaz batera, gaiari buruzko nire aburua ematen menturatuko naiz. Egileak liburua osatzeko bildu dituen aburuei buruz hauxe dio: “Ez daude diren guztiak, badira ez daudenak ere”. Beraz, nirea ere halakoxea. Badago, besterik gabe.
Garen hori aditzera eman duten pertsonak interesgarriak ez ezik, euren “esperientziak” dira interesgarriak, eta hala berean, hori egiten dute liburua baliokoa. Areago, gaiaz beste, gaia taxutzeko manera egokia begitandu zait. Egileari dagokion taxua da inola ere. Edukia zuzen eta artez ekarri du, gardenki emana.
Zer gehiago erran? Bada, erran bezala, ausardia handiz nire partetik, garen horren edukia eman ahala nire ikuspegia emanen dut. Galdera bidez egina dago liburua. Horien artean, “zein dira euskal balioak?” argitzea dugu gako. Izan ere, “euskal” zer den argitu behar da, bere izena eta izana argitu ere. Izana, euskaldunon nortasuna da. Horixe dugu zeregin berebizikoa. Euskal izanaren balioak baitaude “jokoan”. Ez gara izan ginena, ez osorik alafede, eta ezin jakin ere geroan izanen garena, izan gaitezkeena. Zeregin erran dut, egin alegia, ekina. Izan ginena gara, baina batez ere, orain eta hemen, egiten dugunak (eginak) ematen digu garenaren nortasuna, edo eman diezaguke.
Euskalduna trantsizio garaian dago. Tira, izaki oro trantsizioan bizi da etengabe. Alabaina, euskaldunari berealdiko bi zeregin nagusitu zaizkio: bat, XXI. mendera heldu da, eta izaten jarraitzeko aro berri batean egokitu beharra dauka. Bi: izan den (izan garen hori) horren kontzientzia sendoa izatea.
Euskalduna, aro modernoaz geroztik, ez da izate osoa gauzatzera iritsi. Inoiz izan ginenaren —izan gintezkeenaren— arketipo gisako bat izatera iritsi gara, edo heldu ginen. Hau da, ez gara iritsi gure ondoan gauzatu diren beste izateren heinera (espainiarrak, frantziarrak, britainiarrak, ingelesdunak…). Garen horren arrazoia da —eta arazoa— gure historiaren bilakaeraren adierazlea.
Iraganean, mugak muga, bi izan dira euskaldunaren ezaugarriak: fededun eta elebakarra izatea. Iraganean “zer da euskalduna?” galderari bazegoen erantzutea. Gaur egun aldiz, zer da euskalduna? Erantzutea ez da samurra, ez baitago erabateko erantzunik. Ez gaitezen dramatikorik jarri halere. Gure ondoan dauden beste “izate” horiek, osatuagoak eta sendoagoak izanagatik, ez dira guztiz egonkorrak ere. Arazoa unibertsala da. Guri baina, gurea axola zaigu.
Garen hori liburua euskal izanaz, euskal eginaz ari zaigu, baita egungo munduan berebiziko diren bi ezaugarri horien markaz ere. Izan bagara, egin egiten dugulako da, baina nola adierazi —nola komunikatu?— izanaren egina? Hortxe zegon/k koxka! Horixe gure marka! Adibidez, iraganean Hitza hitz edota Palabra de vasco izan zen euskaldunaren marka. Gaur egun marka hori iraganekoa da, orain eta hemen, XXI. mendean, marka horrek ez du baloirik.
Nola sortu marka berri bat? Izateko marka, alegia. Garen horren adierazlea. Bada, ez dago makiltxo magikorik, ezta? Beno, dagoena dago. Liburu hau garen horren lekuko da. Topikoa bada ere, garen hori “ekinez egiten” dela esatera heldu dena. Topiko hutsa, agian. Alabaina, horregatik hartu dut liburu hau aintzat eta eredu. Sortzaile eta komunikatzaile diren horien esperientzien harian ikasi eta ekiten jarraitu ahal izateko baliokoa delako.
Bi kontu amaitzeko. Lehena: euskalduna munduan dago —beste izate edonor legez, prefosta—, eta inor bada, bere inguruan dituen beste izateri esker ere da. Alta bada —beste izate gutxituak bezala—, guk badugu handicap bat: gaurko “euskalduna” espainiar, frantziar edo ingelesen izatearen baitan dago geroz eta gehiago. Aldiz, haiek ez daude euskaldunaren baitan, edo ez daude gu haien baitan gauden legez. Adibide baterako hau ere. Gure markak Basque Country, Basque Team, Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Centre… dira, besteak beste. Hots, Garen hori, balizko izate hori, berez, aditzera emateko “euskal marka” ez da “nahikoa” ez “aski” ere.
Bigarrena: iruzkin honetan, espreski, liburuaren egilearen izen-abizena baino ez dago. Liburuan, hala ere, nagusiki, zortzi “sortzaile” eta zortzi “komunikatzaile”ren izenak daude, baita berauek aipatutako beste hamaika izen izan ere. Badago, horien artean, liburuaz gainera, euskaldunok garen hori zeharkatzen duena, eta da: Jorge Oteiza. Ez da harritzekoa, ez da kasualitatea. Mugak muga, hutsak huts, ene uste zuloan, kausalitatea da. Jorge Oteiza baita, euskaldun izatearen paradoxa (*) adierazgarriena.
(*) Paradoxa
Paradoxa kontraesana dakarren baieztapena edo baieztapen multzoa da, nahiz eta hasiera batean egiazkoak iruditu, edo logikaz eta intuizioaz kontrakoak diruditen. Oso maiz, ordea, paradoxetako baieztapenetan ez dago benetako kontraesanik, hasierako premisa bat edo gehiago faltsua dela frogatzen delako, edota hitz-jolas bat, edo bateraezina. Edonola ere, paradoxa zenbaitek ez dute eskuarki onartzen diren irtenbiderik.
Kontraesanaren parekoa da paradoxa hitza sarritan. Literaturan eta bestelako arteetan, paradoxek ez dakarte kontraesanik, eta egoera ironikoei atxikita erabiltzen dira. Batzuetan, harridura soilerako erabiltzen da paradoxa hitza.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres