kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Profeten iruzurra / Amaiur Epher / Maiatz, 2021

Atrebentziarekin Ibon Egaña / Deia, 2021-07-03

Berrogei urte betetzearekin batera eman du argitara Maiatz elkarteak Amaiur Epher baxenafar gaztearen opera prima. Diabolo Kiwi musika-taldeko kide eta bi antzerki-testuren egile, lehen nobela du Epherrek Profeten iruzurra hau. Idazleak berak lehen argitalpen hau eleberri bat ote den zalantzan jarri badu ere, nik neuk behintzat traba handirik gabe egingo nioke tokia nobelen zakuan, nahiz eta liburua eskuartean hartu ahala ulertzen den zergatik jarri dizkion galdera ikurrak liburuaren egileak.

Alexander mutil gaztea da pertsonaia nagusia eta haren inguruan ardazten da kontakizun osoa. Pertsonaia-nobela da hau ekintza-nobela bainoago, eta argumentuak ez digu askorik esaten liburuaz, funtsean pertsonaiaren mundua ikusteko forma jaso nahi izan baitu idazleak. Herritik kanpo, Frantziako hiri batean eta Madrilen eginak ditu ikasketak pertsonaiak, eta nobelaren hasieran Estatuko funtzionario gisa dihardu lanean hiri ertain batean, artxibozain, aldi batez historia museoen kudeaketaren arduradun izan ondoren. Familian gertatutako ezbehar batek eramango du atzera sorterrira, lana utzita. Bederatzi kapitulutan zehar, hainbat espazio geografiko eta sozial zeharkatzen ditu Alexanderrek: frantziar hiri ertaina eta lan-mundua, sorterria eta familia-giroa zein lagunartea, Madril eta giro kultural-politikoa, kasu. Amaiera aldera sorterritik Iruñera egindako bidaiak, berriz, nobelari road-moviearen oihartzunak ekartzen dizkio, Jean Etxepare lagun.

Espazio horiek eta bertan bizitakoak (askotan anekdota baino ez direnak) aitzakia dira pertsonaiaren etengabeko digresioetarako, sexuaz, familia-arteko harremanaz, filosofiaz eta beste hainbat gairi buruz jarduteko. Gailendu egiten da, edonola ere, alderdi sozio-politiko eta ekonomikoaren inguruko gogoeta orriotan, izan ere eleberria pertsonaiaren begietatik gaur egungo Mendebaldeko gizartea irakurtzeko ahalegina da: neoliberalismoa, deslokalizazioa, kulturaren espektakularizazioa, asmo iraultzaileen ezina… Epherrek Alexanderren begiradatik eramaten ditu fikziora kritika horiek guztiak, nihilismora heltzen ez den eszeptizismo eta etsipen batetik, umorez, ironiaz eta estilo landuz eraman ere.

Fikzioaren eta saiakeraren arteko bidegurutzean dabil tarteka liburua, hain da fina maiz gogoeta pizten duen hari edo aitzakia narratiboa. Baina bestelako hibridaziorik ere bada liburuan, antzerkiaren eta narrazioaren artekoa, esaterako, testu dramatikoaren traza hartzen baitu inoiz narrazioak. Gainera, Alexanderrek idazlea izan nahi du eta borrokan dabil bere idatziekin eta hala tartekatzen ditu bere eguneroko baten atalak edo egindako ametsen kontakizunak narrazioan, fikzioaren mugak bihurrituz. Halaber, fikzioaren konbentzioak ere nahieran darabiltza Epherrek, narratzailea justifikaziorik gabe aldatzen duenean, edo Houellebecq-i buruzko saiakera-kutsuko kapitulu oso bat txertatzen duenean, autofikzioaren halako bertsio sui generis batean. “Literaturaren legeak hausteko eginak zirela zeritzon” Alexanderrek; hala gaztigatzen zaigu lehen kapituluan. Nobela irakurtzen segi ahala tarteka aztoratu egin nau lege horien faltak (“baina nola aldatu da narratzailea!?”) edo hari narratiboaren hauskortasunak. Ordea, liburuari darion ingenuotasun eta atrebentzia horrek berak harrapatu nau, eta baita egilearen estilo ironiko finak ere. Narratiboki ortodoxoa eta borobila izan gabe, asko esaten duen liburua iruditu zait hau eta, espero dezagun, esatekorik baduen norbaiten lehen argitalpena.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak