kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Isiltasunaren ildoetan / Amaia Iturbide / Erein, 2021

Udaberri bat geroago Igor Estankona / Deia, 2021-06-05

2020ko udaberrirako behar zuen olerki liburu honek, baina pandemiak harrapatu zuen. 2021eko udaberria ere ez da izaten ari askoz udaberriago. “Isiltasunaren ildoetan” argitaratu da, badaukagu esku artean. Bitxia da, baina, agian horregatik —mila urte igaro direla ematen duelako—, berandu baletor bezala irakurri dut, ondu zenetik gauza asko pasatu balira legez. Errealitateak gaina hartu dio idazkera klasikoari, atenporalitateak berak utzi du atzokotua. Zeren, nire irudipena da, edo Amaia Iturbideren poema liburuak biziagoak ohi ziren, atrebituagoak, ertz gehiagokoak?

Poetak inon ez dagoen solaskide bati idatzi dio oraingoan, bere esperientzia kontatuz, bere intuizioak zeintzuk diren aletuz. Diskurtso moduko bat da “Isiltasunaren ildoetan”, idazlearen bikoizketa baten antzekoa, poemak kontakizun autobiografiko eta bizipenak poesia bihurtzen dituena. Maitasun keinuak daude, hausnarketak denboraren gainekoak, historiako pasarteak, dena nahastean. Korapilatu egiten da askotan liburuko diskurtso hori eta Iturbideren idazkera, buruan darabiltzan ideia guztiekin: “argizaiolak bere burua deslotzean azpimarratutako/ behin eta berriroko bihurguneak,/ erantzunik gabeko galderen gisakoak”. Eta nik, onartzen dut, ezin dut atzitu hainbeste kontzeptualtasun, hainbeste isiltasun, hainbeste perpaus elkarlotu. Uki daitezkeen poemak ditut atsegin azkenaldion, ez zaizkit iritsi lar sakon definizioetan eta filigrana gramatikaletan galtzen diren hauek.

“Isiltasunaren ildoetan” asmo aski artez batek mugitzen du, baina emaitza ez dakusat hain argi. Amaia Iturbidek berak dio hitza sarritan “higatuta edo manipulatuta” dagoelako eta, bestetik, “hitza batzuetan nahikoa ez delako” idatzi duela poema liburu hau. Nik maite dudan poesian, ostera, hitzek eurek indarra galtzen dute irudien mesedetan. Nik maite dudan poesian, gaur egungo artean, inmediatoa eta begietatik sartzen dena da unibertsala eta eternoa. Uler bekit ondo: “Isiltasunaren ildoetan” ez da punch bako liburu bat, ez da artefaktu busti bat, baina, hala ere, onar dezagun: su motelegian ezin da ezer erre, gutxi gorabehera ezin da zerbait esan, itzulinguruka ez dago muinera iristerik.

Eta badauka liburuak zipriztinen bat noizbehinka —“Eskaera”, “Akuarelazko orrialdeak”—, baina, orohar, aitortu behar dut bideek ez nautela eroan inora, nahiz eta batzuetan barruntatu dudan poetaren asmo izkutua: “Urak konketan utzitako errekastoari begiratu eta/ esaldiak dagokion uraren bidea aurkitzearekin amesten duela/ irakurri ahal izan dut bertan.// Azkenean ahoa itxi ahal izan dut:/ isiltasunez blaitutako hitz beharrezkoa/ ahoskatzean sentitutako poza hedatu zait./ Orduan lasai geratu naiz,/ sagar geratu naiz,/ hortz aurrean loratutako paisaiari/ hozka bat eman eta dastatzearekin batera”.

“Labirintoaren orduak” (Erein, 2008) begitandu zitzaidan jolastia eta anitza. Orduko hartan Amaia Iturbidek poema labur-laburren eta diskurtso astunen artean halako oreka bat gordetzea lortu zuen. Honako “Isiltasunaren ildoetan” hau ez dut gozatu, ostera. Beharbada nire gustuak dira aldatu direnak, beharbada idazlearen beraren bideak dira konplikatu direnak motibo poetiko handirik gabe. Nork jakin, isiltasunaren ildoetan bakoitzak berea uler dezake.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak