« Itsasoari oda, emakume eta gizonon gorazarre | Honetatik harago »
Jende likidoa / Nerea Arrien / Erein, 2021
Jende likidoa Txema Arinas / uberan.eus, 2021-05-19
Zygmunt Bauman soziologoaren modernitate likidoaren kontzeptua abiapuntu, edo aitzakia, hartuta, Nere Arrien idazle lekeitiarrak itsasoarekin zein uraren zikloekin elkarlotutako pertsonai likido batzuk plazara atera ditu irakurleok euren bizimodu likidoetan murgil gaitezen, baina betiere kanpotik begiratuz, hau da, gure burua nolabait gehiegitxo zipriztindu barik, edo behinik behin gure garai likido hauei kontu egin diezaiegun derrigorrezko distantziari eutsiz. Baina, zergatik dira likidoak Nerea Arrienen pertsonaiok? Ezer baino lehen itsasotik gertu egonda ere itsasoko epikatik urrun bizi direlako, hau da, ipuinotan ez ditugu Lurra lehendabizi inguratutako getariar marinelarik, Ternuara joandako euskal baleazaleak edota Frantzia edo Espainiako banderapean itsasoetan zehar izua eta mina barreiatu zituzten lapurtar edo gipuzkoar kortsarioak topatuko. Jende arrunta da Nerea Arrienen ipuinotakoa, hau da, Zygmun Baumanek zorrotz, burutsu, azaldu egin zuen gure gaur egungo modernitate likidoaren mende bizi direnak, likidoa baita etengabe eta maiz ere atzerabiderik gabe aldatzera behartuta dauden gizabanakoen bizimodua, likidoa ez baitago ez espazioan, ez eta denboran ere finkatzen, erraz bilakatzen da, ezin zaio nonbait eta nolabait eutsi, ezegonkortasuna omen da bere ezaugarri nagusia. Gauzak horrela, ipuin hauetako pertsonaiongana hurbildu ahala elkarrekiko antzekotasunak asmatuko ditugu, gehienak nola edo hala jitoan dabiltzalako, eguneroko gauzarik sinpleenen aurrean beti duda-mudatan, bizitzako gorabeheretan alderrai. Aldi berean, pertsonai guztion nondik norakoei erreparatzerakoan inguratzen dituen itsasoak euren kezkak, ilusioak, minak, pozak, tristurak, amodioak, gorrotoak nolatan blaitzen dituen ohartu gara delako modernitatearen metafora bikain gisara (Kostaldekoon aldartea uraren zikloak definitzen du.)
Bada Arrienena, beraz, oso ikusbide eder, zuhur eta egokia gure gaur egungo bizimoduan oinarritutako istorio hauek kontatzeari eusteko, hau da, eguneroko gizakiak zein gaiak hizpidera ateratzeko, eta betiere, nola ez, pertsonaien nondik norakoak nola edo hala, nahi eta ez, baldintzatzen dituen itsasoaren eraginaren mende: olatuen etengabeko gorabeheratasun narritagarria, bat-bateko baretasun lasaigarria, ezusteko zipriztinen hozkirri goxo berpizgarria, kresalaren etxekotasun babesgarria.
Istorio bustiak bezain xamurrak: bebarruko garbitzaile bat (Errealitateak beti naramalako fikziora. Gure pelikula egin dugu. Bakoitzak bere pisuan. Orain, bera dago neu baino altuago. Bera da istorioaren erregina), bada arkitekto bat labarren ondoan etxeak egiten dituen arkitektoak (Baina piratek badakite nik oraindik ez dakidana; mapak eta lurraldeak bat egiten ez dutela), maitasun likidoa ezagutzen duen kostaldeko herri bateko nerabea (Horra hor maitasun likidoaren osagaiak: ironia, gezurra eta transizioa.), zilar arraina (Eta galtzaile bat sumatu dut neskatoaren amaren gustuetan. Eta igeri egitea merezi ez duen hori ezagutzea desiratu dut. Eta lurraren arrasean buzeatzeko gogoa izan dut.) akuariumeko piszinetan buzo lan egiten duen biologo polimaitalea (“Neu agintzen dut”, esaten zion astero. Eta berak ergatiboa zuzentzen zion, lehenago: “Neuk, K-rekin“) , konfinamenduaren garaiko amodioak (Konfinamendua hasi zenetik ez zuen Mario Ikusi. Musu bat airean kateatuta geratu zelako edo, leihora begiratzen zuen etengabe), ama eta alabaren urezko etxeko lanak (Oskola bezain gogorra nintzelakoan, apurtu egin nau), biologoa txoratu zuen lamia frantximanta (Maitasun gaitzetatik Miarritzeko itsas ur hotzetan sendatzen zen neskatila. Juliette. Laurogeita hamazazpi urte), Donostiako Zimenaldiko alfonbra gorriaren gainean zen ama (“Histeriko”… hitz hori… Batzuetan, berbek guk baino gehiago dakite. Zure aitak baino gehiago bai, behintzat), Txanbeneraren alaba (Avemariapurisima, eta arnasa estua, avemariapurisima, bitsa ahotik, avemariapurisima ezpain gorrietan, ia pornografikoa bihurtzen zen arte) bale-bizarrez esekitokiak egiten zituen neska (Baina amari ez bezala, neuri erori zait galtzerdia. Beheko solairuko terrazara), barbarin batzuekin etxera bueltatzen den Gros auzoko Ulyssses (Hauskorra da gure maskulinitatea. Eta onartu beharko genuke hareharriaren antzekoak garela. Geu ere, kresalak urtzen gaituela, gastatu haizeak).
Oso jende likidoa bai, beti jitoan edo liburuko ipuinetan zehar behin baino gehiagotan agertzen zaizkigunak liburuari nolabaiteko koherentzia fisikoa emanez istorio guztiak zipriztintzen dituen kresal giroarekin batera. Istorio oso desberdinak, gainera, batez ere tonuari erreparatuz, lirika edo ironia batzuetan besteetan baino gehiago gailentzen baitira, baina betiere sotil, oso sotil, ikaragarri sotil eta dotore.
Izan ere, hori da nire ustetan Nerea Arrienen estilo oso berezi eta ikaragarri erakargarriaren zigilua: sotiltasuna. Bai, Nereak ipuinotan erabiltzen duen tonua oso bestelakoa izan daiteke istorioaren nondik norakoaren arabera, lirikoago, kritikoagoa, nostalgikoagoa, ironikoagoa, auskalo; baina, guztiotan zerbait nabarmentzen baldin bada hori da gizakiak zein gaiak aurkezteko, eszenatokiak zein emozioak azaltzeko, berez erabiltzen duen aparteko sotiltasuna, ezari-ezarian harrapatzen zaituen idazkera dotore bat. Halere, ez da batere harritzekoa ipuinok irakurri ahala erraz bereizten den sotiltasun delakoari tai gabe erreparatzea, Arrienen ipuinotan idazkera sotila berehalaxe nagusitzen baitzaio istorioen nondik norakoen ardatzari delako sotiltasuna mamitzen duten ezaugarriei esker. Baina, zeintzuk dira ezaugarriok? Nik esango nuke, ezer baino lehen, ezaugarrietan ezaugarri, berezko duen sen poetikoa; Nereak irudi ikaragarri ederrak bidaltzen dizkigu etengabean. Areago, Nereak etengabean ere marrazten digu irribarretxo bat ezpainetan oso berezkoa ere duen umore edo ironia fin-fin eta ia atzemanezin baina beti xume baten bidez: Hantze erditu nintzen zutaz. Urrezko Maskorra nai nirea (zentzu argentinarrean). Zuri-zuria bihurtu zen erditze-guena eta aste urdin batetik atera zen argi handi bat. Zeu zinen, hanka arrastatuz, syrtakia dantzatuz, jogurt grekoz eta mahatsez zikinduta. Txupatu egin zintudan, orain izango balitz bezala gogoratzen dut mozkortu nintzela, oraindik dirau hordialdiak. Telebistan atera ginen, itsasoan hil zuren hogeita bost etorkinen atzetik. Mediterraneoak apurtu zituzten. Zuk, ordea, Mediterraneo oso bat apurtu zenuen nire hanka artean.
Horrenbestez, Arrienena idazkera eder eta aberatsa dugu delako sotiltasun hori areagotzen laguntzen duten gainerako osagaiei dagokienez: kostaldeko zein itsas giroko berbeta zinez gozoaren gaineko aipamenak, teknikoak zein dialektalak, musikarekiko aipamen xamurrak —pianojolea da idazlea— (Bera ez da Chet, eta ni ez naiz Diane /Hertzainaken 564 ohe huts zebilen airean/ Dance me to the end of love/ Somos peces de ciudad que perdieron las agallas, en un banco de morralla./ Tangoak kantatzen dio arrainari: Nostalgias, y sentir junto a mi boca como un fuego su respiración…), aipamen literario egokiak (Eta mapa eta lurraldea, sarri, batera ez badatoz ere, itsasoratu egingo naiz / Cortazarren “yo me maté en esa curva”), eta, agian gehien nabarmentzen duena, bere testu gehienak zipriztintzen dituzten zientziarekiko aipamen metaforikoak, ezin dugu ahaztu Nerea biokimika denik. Azken ezau/osagarri hau bada nire aburuz Nerea Arrienen estiloa benetan originala, apartekoa, bereizgarria eta neretzat behintzat oso erakargarria egiten duena, hau da, nola uztartzen dituen zientziarekiko aipamenak kontatzen ari den istorioaren nondik norakoekin: Aldiz, bere kimika pikutara zihoan. Serotorinaren proportzioek lurra jo zioten. Adrenalina eske zeukan gorputza, eta, gau batean, kasinora bueltatu zen.
Laburbilduz, baldin badago Nerea Arrienen Jende likidoa liburuak argi eta garbi erakusten digun zerbait hori da idazkera oso original bat, taxuzko zein berezko ahots literario bat, erraz, fite, bereiztekoa eta areago gozatzekoa. Azken buruan, zein omen da literaturaren baliorik gorena? Ba, duda izpirik gabe literaturazale amorratuek aipatu ohi duten ahots propioa izatea, hau da, zure lana zuritu baino zorioneko bihurtzen duen ahots bat, originaltasunean baitatza literaturaren muina. Horrexegatik ere diot, argi eta garbi, guztiz zoriontzekoa dela Nerea Arrienen Jende likido honekin idazle benetan gaitu eta promesagarri bat topatu izana, euskal literaturako hauts nolabait zurmindu edo nahikotxo maiztuak harrotzeko etorri berria.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres