kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Iturria / Unai Elorriaga / Susa, 2019

Nobelen amaierez Iban Zaldua / Deia, 2021-05-01

Irudipena daukat nobelen amaieren gaia ez dela asko aipatzen, oro har. Eztabaida publikoan, diot. Behintzat ez nobelen hasieren, pertsonaien edo arkitekturaren gaiak bezainbeste, arreta handiagoa erakarri ohi dutenak. Agian ez nintzateke horrenbeste harritu behar, nirea, ziurrenik, ipuinlari-mania horietako bat baita: jakina da ipuingintzan bukaeraren kontuak garrantzia erabatekoa duela, eta hika-mika, hipotesi eta teorizazio ugariren iturburu izan dela. Nobela beste unibertso bat da, alde horretatik.

Baina, edonola, nobelak ere amaitu egiten dira, noizbait, eta nonbait, egun edo aste batzuetan zehar gu lagundu ostean. Eta, ondorioz, nobelak irakurleongan sortzen duen plazeraren portzentaje bat, behintzat, amaieraren egokitasunari edo desegokitasunari legokioke. Nahiz eta portzentaje horrek, zer esanik ez, ipuinaren kontsumoaren kasuan baino baxuagoa izan behar duen, derrigor.

Nobelen amaieren auzia burura etorri zitzaidan Sara Mesa idazle sevillarraren Un amor irakurtzean (Anagrama, 2020), aldi batez landara bizitzera doan intelektual hiritarraren topikoaren gainean eraikitako aldaera zirraragarria. Mesaren nobela, Nat protagonistak inguruarekiko sentitzen duen talka eta arroztasun bortitzaren, hurkoarekin konektatzeko zailtasunen eta desioaren argi-itzalen ardatzen inguruan mugitzen dena, ikaragarri ona da: zehaztasun hotz batez kontatuta dago, eta oso abila da tentsioaren dosifikazioan.

Baina amaiera kaxkarra du nobelak, epifanikoa izan nahi duen horietakoa, baina “deus ex machina” ildoko irtenbide zabar samarra bihurtzen dena, azken batean.

Eta, hala ere, berdin dio, nobelak handia eta oso gomendagarria izaten jarraitzen du, hain zuzen ere amaieraren zama, nobeletan, ez delako horren erabatekoa. Azken finean, Frank Herbert idazleak zioen bezala, “ez dago benetako amaierarik. Istorioa gelditzen duzun lekua besterik ez da”. Nobelez ari zen, bistan denez.

Unai Elorriagaren Iturria ipuin bilduma “nobelatuaren” amaierak (Susa, 2019) konfirmatzen dit intuizioa, neurri batean. Ezaguna den bezala, hari nobelesko batek elkartzen ditu liburua osatzen duten narrazioak. Ipuin liburu guztietan gertatu ohi den bezala, pieza batzuk besteak baino indartsuagoak dira, baina onak direnak –Bederatzi egun, besteak besteeuskal ipuingintzaren antologia nagusietan egoteko modukoak dira.

Edonola ere, ez da ipuinen bikaintasun hori interesatzen zaidana, gaurkoan, Elorriagaren liburutik, baizik eta bere hezurdura nobeleskoa —lanak nobelatik duena alegia—, eta, batez ere, bere amaiera. Itxura batean Un amor horrena bezain itsumustukoa eta deskolokagarria dena, eta, jakinaren gainean nago, irakurle bat baino gehiago zapuztu duena.

Ez da nire kasua izan. Alde batetik, amaiera on batek, ipuinean nobelan bezala, aldez aurretik irakurritakoa berrebaluatzera eraman beharko lukeelako, eta Iturria-renak, Un amor-enak ez bezala, ondo betetzen duelako funtzio hori. Baina, agian inportanteago, ezin hobeto egokitzen zaiolako liburuaren natura bereziari: erabat logikoa baita, nobela bihurtutako narrazio-liburu batean, nobelaren itxierak ipuingintzan horrenbesteko garrantzia duen ezusteko amaieraren teknika erabiltzea. Nobela gehienetan, aldez aurretik ondo prestatzen ez bada, desegokia suerta daitekeena, baina Iturria-n nobelagintzak ipuingintzari egindako omenaldi gisa interpretatu daitekeena.

Eta eskertzen da.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak