kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Poesia kaiera / Christopher Okigbo (Karmen Irizar Segurola) / Susa, 2021

Danbor hotsa atzera ere Igor Estankona / Argia, 2021-05-02

Unibertsitate garaia, Bilboko Zabalgunea, sukurtsal artean, bigarren eskuko liburudenda baten argi ahula. Bazter batean bazterrekoenak: Afrikar poeta garaikideak (gazteleraz, Biblioteca Jucar). Niretzat, urte askoan, itsasargi baten antzekoa. Agostinho Neto, Noemia de Souza, Wole Soyinka, David Diop, Jacques Rabemananjara… eta danbor baten durunda beste piztia guztien oihuminen gainetik: Christopher Ifekandu Okigbo. 1932an jaio zen Ojoton (Nigeria), Igbo eskualdean. Ez Nigeriarik, ez Kamerunik, ez Beninik, ez ezer ez zegokeen kolonizaziorik egon izan ez balitz (Euskal Autonomia Erkidegorik ere ez, esan dezagun bidenabar), eta hori dela eta bere herria ez da mapa politikoetakoa, ezpada oihan, leku sakratu eta ur korronteetakoa: “Ama Idoto, biluzik nago/ zure aurrean zutik/ zure presentzia urtsuaren aurrean,/ ni, etxekalte hau// olio-leka zuhaitz baten kontra etzanda/ zure elezaharrean alderrai”. Ez alferrik, Christopher Okigbo 1967an hil zuten, Biafraren aldeko borrokan, Nigeriaren kontrako gerran soldadu ari zela.

Karmen Irizar Segurolak itzulpen soila egin du poetarena. Zailena egin du, alegia; Okigboren indar telurikoa ekarri du euskarara modu zuzen eta egiazkoan. Berriro diot: aspaldiko irakurraldiak berdetu zaizkit, Afrikako poesiaren purutasuna eta zeruen infinitua baitakartza liburu honek, eta Jainkoak artegatu egiten ditu, oroitaraziz gu ez garela deus urtaroen eta landareen izerdiaren aldean. Guk, animaliok, luma dugu idazteko. Christopher Okigbok gerizpeekin hitz egiteko danborra asmatu zuen, nahiz eta ingelesez egin (igboera ere bai, arean): “Txori magikoek tximistargiaren miraria lumetan…”.

Eurozentrismoaren eta sustraien artean harrapatua, Okigbo Afrika egiten ari den bide luzearen beste adibide bat da. Elegy for Alto (“Altorentzat eresia”) izan zen bere hil-buruko testamentua, eta oraindik kantatzen dute bere herrian: “Hemen dira politikariak generadoreen, morteroen burdinazko dantza honetan…”.

Bigarren eskuko liburudendan beraz, zerk eroan ote ninduen bazter hartara, bazterrekoen txokora? Oraindik azken berba esan ez duen Afrikako kontinenteko ahotsak izango ziren beharbada. Edo osterantzean deltako igel handiak, ai! ei!, ilargi-min.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak